'J' hizkidun pertsonen jaialdia
Jostariak, jakintsuak, jatunak, jatorrak, jeniodunak... J hizkidun pertsonen eguna ospatzera deitu zituen herritarrak Jalgune elkarteak emanaldia aurkeztu zuenean. Eta horietako askok bat egin zuten Manuel Lekuona Kultur Etxean. Jaizaleak baziren, bat bera ere ez zuten gogaitu.
Euskararen Eguna izateaz gain, abenduaren 3a, Aniztasun Funtzionalaren Eguna ere bada; eta haren bezperan ospatu zuen Jalgunek bere urteroko jaialdia. Jotaz beterikoa izan zen, nahiz eta justu estilo horretara ez ziren animatu dantza gogotik egin duten kideek. Hizki horren itxura zuten puxikek apaindu zuten eszenarioa eta harekin hasten diren adjektiboek leku berezia izan zuten saioan. Aurkezpena egin zuten bi lagunek, Anek eta Edortak, maisuki laburbildu zuten: "Jotadun herria gara, herri jatorra", edo aurretik kideak gazteleraz zehatzago esandakoa ere: zalaparta eta parranda zalea –jaleo eta jarana, jatorrizkoan–.
Idatzi ezin izan zuen kronika
Eman zienaren truke ia hiru orduz gogoratu zuten euskaltzale lasarteoriatarra Euskararen Egunean. Manuel Lekuona Kultur Etxea bete egin zen ezagutu zuten makina bat lagunez. Bere bizitza eta ibilbidea gogoratzeko bertsotan eta kantuan egin dute, baita pasadizo eta bitxikeriak partekatuta ere. Ohiko bertso saio bat izan balitz, beste askotan egin moduan, kronika berak idatziko luke; baina bere omenezko hau beste batzuek josi dute hitzez eta emozioz.
Errumaniaren eguna ospatu zuten Gizarte Etxean
Decebal elkarteak antolatuta, Errumaniaren Eguna ospatu zuten Gizarte Etxean. Gipuzkoa hainbat txokotan bizi diren 80 bat lagun elkartu ziren jaioterriko plater ohikoekin osatutako menua bazkaltzeko, eta ondoren, Bagey Stoika eta Millenium taldeak jotako musikarekin nahi beste dantza egin zuten. Txikienek margotzeko eta jolasteko txoko bat izan zuten baita Aita Noelen bisita aurreratua ere.
Araeta sagardotegiak irabazi zituen pintxo bideko bi sariak
Araeta sagardotegia izan da Aterpea elkarteak antolatutako IX. Pintxo Bidearen irabazlea, sari profesionala nahiz herrikoia poltsikoratuta; Cantala izeneko jaki bat aurkeztu zuen, itsasoko eta lurreko gutiziak uztartzen zituen bieira gratinatua zeramana. Bertako sukaldari Carlos Huapayak jaso zituen bi garaikurrak, eta, hunkituta, horrelako egitasmoak eta "sukaldaritzaren artea" bultzatzen jarraitzeko eskatu antolatzaileei. Aurten parte hartu duten bost establezimenduen artean 700 bat pintxo saldu zituzten.
Maria Dolores Aliri Añorga lasarteoriatarrak 100 urte egin zituen
Zubietan jaioa da Maria Dolores Aliri Añorga, eta, kontatu duenez, denbora asko eman zuen bidaiatzen; Kanariar Uharteetan, Bilbon, Gijonen, Salamancan, eta beste hainbat lekutan bizitu zen, eta duela 40 bat urte itzuli eta Lasarte-Orian, bertan finkatu zen arte. Martxoaz geroztik Villabonako Santiago egoitzan bizi da, baina "herrira itzultzeko gogoa" duela aitortu du. Leku horietatik guztietatik gustukoena zein duen galdetuta, honakoa esan du: "Gustura bazaude leku guztiak gustatzen zaizkizu; gustura ez bazaude, ordea, ez zaizu bat bera ere gustatzen".
Senitartekoak eta bizi den egoitzako langileak ondoan, Agustin Valdivia alkatearen eta Lourdes Acevedo Gizarte Zerbitzuetako zinegotziaren bisita jaso zuen, baina ez hori bakarrik, lore sorta bat ere oparitu baitzioten.
Ordezkari lasarteoriatarrak ere izan zituen aurtengo Durangoko Azokak
58. Durangoko Azokak hartu zuen hilabete hasieran Landako Gunea. Euskal liburu eta disko ugariren erakusleihoak bost egunez zabaldu zituen ateak, milaka bisitari eta erosle jasota. Ekoizleen artean, izan zen, noski, sortzaile lasarteoriatarrik; horien guztien artean topatu ditu TXINTXARRI-k Martin Anso Txertoa argitaletxeko editorea, Aintzane Usandizaga eta Pablo Barrio idazleak, Katxiporretako kideak eta Rukula musika taldea. Azken horrek Traganarru izeneko bere azken lana aurkezteko baliatu zuen ekimena. Herriko sortzaile gehiagorekin topo egin ez arren, beste lanik ere ikusi zuen aldizkariak azokan, hala nola, Ane Labakaren Barraskiloek baino bat gehiago liburua, Erein argitaletxearen postuan.
Euskaraz, kulturaz eta sorkuntzaz hausnartu zuten
Euskara, sortzaileak eta kultura mahai ingurua aurrera eraman zuen Ernai Lasarte-Oria taldeak Xirimiri elkartean. Bertara gonbidatu zituen Martin Anso idazlea, Maialen Aristegi musikaria eta Intza Alkain aktorea. Euskararen Egunaren harira antolatutako ekimena izan zen.
Ixabel Zuaznabar gogoan, herriko boluntarioak omendu zituzten
Parrokietako Misioen taldeak Lasarte-Oriako boluntario guztiak aintzatetsi zituen Boluntariotzaren Nazioarteko Egunaren harira, Ixabel Zuaznabar eta Juanjo Mendiluce senar-emazteak bereziki, Atsobakar auzoko parkean dagoen monolitoaren aurrean lore eskaintza bat eginda. Horren aurretik bi herritar horien omenezko meza bat aurrera eraman zuten San Pedro parrokian.
Dotore jantzi zuten datorren urteko egutegia
Lasarte-Oria zure objektiboan lehiaketako sariak banatu zituen Lasarte-Oriako Udalak, datorren urteko egutegirako aukeratu dituzten hamabi argazkien egileak udaletxera gonbidatuta. Ion Zugastik ateratako irudi ederra eraman dute azalera: Brunet Enea parkeko kioskoa ikus daiteke, udazkeneko kolore eta argiekin. Berarekin elkartu zen TXINTXARRI egun batzuetara, sari horri eta oro har argazkilaritzari buruz hitz egiteko. Haren hitzetan, argazkiak egiteak "eguneroko errutinatik ateratzen" laguntzen dio. Kirol arloko irudiekin lan egiten du batez ere.
Gainerako saridunak hauek izan ziren: Olga Krasovska, Mikel Izquierdo, Paula Iraola, Maria Victoria Herranz, Shyma Isabel Castillo, Iñigo Gomez, Javier Pastor, Sara Etxeberria, Tamara Galdin, Jose Angel Hidalgo eta Ramon Zugasti.
Joseba Sarrionandia eta Andoni Egaña gonbidatu zituzten Jalgiren 25. urteurrena ospatzera
Jalgi kafe antzokia 1998ko urtarrilaren 24ean zabaldu zuten, beraz, mende laurden bete du aurten. Tarte horretan euskararen eta euskaltzaleen bilgune izan da, baita makina bat kultur ekitaldiren gune ere. Azkena, hilaren 14koa: Andoni Egaña bertsolariak eta Joseba Sarrionandia idazleak makina bat gairi buruz gogoeta egin zuten ekimenera bertaratutako 50 bat ikus-entzuleekin batera. Solasaldiari ekin aurretik, Ttakun Kultur Elkarteak oroigarri bat eman zion gaur egun taberna kudeatzen duen Ana Sarasolari.
Agurreko birako emanaldia egin zuen Golde Apple Quartet taldeak
Ia lau hamarkadako ibilbidea ixteko, agurreko birari ekin zioten urrian eta hilabete erdialdean geldialdia egin dute kultur etxean. Egin dituzten ikuskizunak gainbegiratu eta abesti arrakastatsuenak aukeratu zituzten, ikuslegoak gustukoen dituenak. Nola ez, umorearekin uztartzen joan ziren emanaldian zehar eta abesteaz harago, musika sortzeko duten gaitasuna beste behin agerian utzi zuten. Saio bukaeran azken urteetan laukoteko parte izan den Mikel Urreizti batu zitzaien.
Irakurketaren magia partekatzen duen azeria
Anita Maravillas konpainiak Andereño txotxongilo ikuskizunaren emanaldia egin zuen Manuel Lekuona Kultur Etxean. Azeriak eskola bat du basoan eta animalia gutziek dute bertan beren lekua. Irakurtzen irakatsiko die, liburuek duten magiarekin liluratu, eta aske izateko hezkuntzak duen garrantzia ulerrarazita.
Zero Settek Eguberri doinuz bete zuen San Pedro parrokia
Hastear zeuden Gabonetarako motorrak berotze aldera, Jose Manuel Crespok zuzendutako taldeak garai honetako abestei ezagunekin osatutako errepertorioa jo zuen San Pedro parrokian. Bertaratu ziren berrogei bat lagunek sei akordeoi jotzaileek eta musikari batek jotako egitarauaz gozatu zuten.
Udal Musika Eskolako ikasleek kurtso hasieratik landutakoa erakutsi zuten
Udal Musika Eskolako ikasleek hilabeteotan entseatutakoa taularatu zuten Eguberrietako kontzertuan, kultur etxeko auditorioko beheko solairua goraino bete zuten ikus-entzuleen aurrean. Solfeoa ikasten hasi ziren gaztetxoen gabon kanta batzuk abestu zituzten eta gero instrumentu ugariren txanda izan zen, hala nola, gitarra klasikoa edota pianoa.
Lescun, erreken tokia baino askoz gehiago
Ostadar SKTko Mendi sailak Juan Mari Ansa mendizale lasarteoriatarra gonbidatu zuen Antonio Mercero aretora bere azken lanari buruz hitz egitera: El circo de Lescun. Unas montañas de ensueño. Azken hamabi urteak pasa ditu liburu eta ikus-entzunezko bana ontzen; azken hori proiektatu ostean egilearekin hitz egiteko aukera izan zuten saiora bertaratu ziren dozenaka herritarrek.
Esan bezala, azken hamabi urteak igaro ditu El circo de Lescun. Unas montañas de ensueño lana ontzen, presarik gabe eta egindako bideaz gozatzen. "Horrelako proiektu luzeek badituzte gauza onak, adibidez, detaile askoz gehiago sar ditzakezula eta lan sakonagoak egin". Hori da Ansaren liburuaren berezitasunetako bat, izan ere, mapa eta argazki ikusgarriez gain, Frantzian dagoen herriaren eta inguruko mendi txundigarriei (Pirinioetako Dolomitak ezizenez ezagunak dira baita ere, Italia iparraldeko gailur horiekin duten antzagatik) buruzko kondaira eta istorio mordo bat bildu ditu. Esate baterako, Lescun hitzak zer esan nahi duen: "Neolitiko garaiko transhumante tribuen hizkuntza euskararen antzekoa zen, eta Lats-gun deitzen zioten eremu horri, erreka edo latsen tokia alegia".
Errugbi eskoletako txikiek ederki gozatu zuten topaketa
Urteari amaiera ezin hobe eta dibertigarria emateko, Beltzak, Zarautz, Bera-Bera, Atletico San Sebastian eta Hernaniko errugbi eskoletako 10 eta 12 urtez azpiko gaztetxoek topaketa izan zuten Michelin kirol gunean. Euren arteko lagunarteko partidak jokatu zituzten. Pausoz pauso errugbian trebatzen ari direla erakutsi zuten gaztetxoek eta zelai izoztuari aurre eginez, entseguak, lasterketak edo plakaketak egin zituzten. Amaitzean, Beltzak RTko beteranoek prestatutako hirugarren denboraz gozatu zuten guztiek.
Erakusleiho dotoreena, Ventanas Alcar-ena
Pintxo bidean Araeta sagardotegiarekin gertatu bezala, erakusleihoen lehiaketako bi sariak, profesionala eta herritarrena, establezimendu bakar batek eraman ditu aurten: Ventanas Alcar-ek. Lantalde osoaren izenean Ana Laureanok jaso zituen garaikurrak, eta, hunkituta, eskerrak eman zizkien lankide, gainerako partaide eta egitasmoan parte hartu zuten bezero guztiei. Konpetizio bat bainoago, eskaparateena "joko" bat dela nabarmendu zuen eta helburu garbi bat duela: lasarteoriatarrek euren udalerriko tokiko dendetan erostea, eta, bide batez, Eguberriak girotzea.
Aterpe eta goxotasun bila ibili ziren San Tomas azokan
Gabonekin batera iritsi zen negua, ongi iritsi ere: euriak ez zuen atseden eman arratsalde osoan San Tomas eguneko azokan. Edonola ere, antolatzaileek eta ekimenean parte hartu zuten eragileek euren onena eman zuten giro atsegina sortzeko. Horretan asko lagundu zuten talogileen opil eta gaztaingileen gaztain goxoek.
Oraina eta etorkizuna du euskal tradizioak herrian
Zortzi ikaslek osatu dute Euskal Jantzi Tradizionalen aurtengo taldea. Horien guztien artean, gainera, ikastaroak inoiz izan duen parte hartzailerik gazteena aritu da: Aizpea Barcina Etxebeste. Lan ederrak osatu dituzte denek ala denek aurten ere, Ione Artola irakaslearen gidaritzapean.
Elkarlanari esker osatu zuten Gabonetako horma irudi koloretsua
Atsobakar egoitzan izan zen TXINTXARRI Gabonen atarian. Oriarte Institutuko ikasleekin elkarlanean egindako proiektutxo bat ezagutzeko aukera izan zuen bertaratu zen aldizkariko kazetariak. Eguberriak zoriontzeko postal apain bezain ederren sortu dituzte aipatu ikastetxeko ikasleek; lehiaketa bat ere egin dute sortu dituzten lan horien guztien artean ederrenak izendatzeko. Aldi berean, egoitzako egoiliarrak ere lan horretan aritu dira. Eskulanen tailerrean egin dituzte eskulan eder horiek, psikomotrizitate fina landu eta Eguberrietako apaingarriak osatzeko asmoz.
Martinezek, Olasagastik eta Andresek euren aitortza jaso zuten
2023aren hondarrean, kirolari onenei sariak banatu zituen Lasarte-Oriako Udalak. Ohi bezala, emakumezko eta gizonezko banari emandako urteko kirolari onenaren sariez gain, ibilbide bat ere aintzatetsi zuten. Paula Martinez gimnasta eta Markel Olasagasti golf jokalariak jaso zuten egindako denboraldiagatik saria, Amaia Andres atleta eta entrenatzaileak, berriz, Kirol Ibilbidearena.
Gabonei ongietorria eman zieten Albokak eta Emotiok
Alboka Abesbatzak eta Emotio Taldeak Eguberrietako kontzertua eman zuten. Bete egin zen Ama Brigitarren komentuko kapera gabon kantez gozatzeko. Etxekoak aritu ziren lehenengo, gonbidatuak, ondoren, eta agurtzeko, bi kanta partekatu zituzten.
Kantutegiari gainbegiratua egin zion Jon Maiak
Bertsolari zumaiarra Kantu berri bat gara lanaren bira egiten ari da eta horren barruko emanaldia egin zuen kultur etxean. Poesia eta kantak uztartuta gainbegiratu ditu besteentzat egindako abestiak eta aproposa lan horretarako idatzitakoak.
Pertsonaia kuttunenak, herrian
Urteroko hitzorduari eutsita, hilaren 24an herrian izan ziren Olentzero eta Mari Domingi. Porrotx gaixo zegoenez, Xixuko ahatea eta Mari Teilatuko izan zituzten lagun eguerdiko desfilean zehar.
Ondoren, txikien eskutitzak jaso zituzten, denak irakurri eta gauean zehar banatu zituzten opariak prestatzeko. Mendira itzuli dira honezkero, atseden hartzera.
Maialen Chourraut, Nahia Zudaire eta Aiora Belartieta, Gipuzkoako Kirol Galan sarituak
Gipuzkoako Kirol Gala egin zuten Irungo Ficoba aretoan, hilaren 22an. Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako ekitaldi horretan Maialen Chourraut eta Aiora Belartieta herritarrak zein Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire oholtzara igo ziren, sari bana jasotzera.
Lasarte-Oriako Udalaren aurrekontua 42.174.469 eurokoa izango da 2024an
Udal gobernua osatzen duten PSE-EE eta EAJ-PNV alderdien botoekin atera zuten aurrera aurrekontu proposamena: diruaren herena, 14.527.069 euro, inbertsio ugaritara bideratuko dute, batez ere, Michelinen kiroldegi berri bat eraikitzera. Oposizioko alderdiak ez dira gustura geratu proiektuarekin aurka egin baitzuten EH Bilduk eta ELOPek eta osoko zuzenketa bana aurkeztu. PP, berriz, abstenitu egin zen eta 11 emendakin partzial eraman zituen pleno aretora.