2023ari errepasoa: abuztua

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 07:05

2023ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, urteak eman duenaren errepasoa. Hementxe abuztuko albisteen hautaketa. 

LOZET elkarteko zenbait kidek Abuztuaren 31ko gertaerak oroitzeko jardueretan parte hartu zuten

LOZET elkarteko zenbait kide Donostian izan ziren 1813ko abuztuaren 31ko sutea eta sarraskia oroitzeko ekimenetan parte hartzen, goizetik iluntzera arte. Egun berezi eta hunkigarria izan ohi da hori donostiarrentzat; aurten 210 urte bete dira armada portugaldar-ingelesak hiria hartu eta sute eta sarraski itzelak eragin zituenetik; hiritarrek eta soldadu frantziarrek borroka egin arren, irailaren 8an errenditu ziren. Gertakari horiek gogoratze aldera, goizetik iluntzera arte aurrera eraman zituzten hainbat jarduera Gipuzkoako hiriburuan, eta horietan parte hartu dute LOZET elkarteko zenbait kidek, beste hainbat eragile eta danborrada talderekin batera.

Donostia Arraun Lagunak, Ligako garaile

2023ko arraun denboraldia bukatzear eta Kontxako banderako bigarren jardunaldiaren faltan, liga guztiak amaitu ziren. Euskotren ligan eta KaE2 ligan lehian izan diren herritarrekin solasaldia izan zuen TXINTXARRIk euren esperientzia jasotzeko. Arraun Ligak abuztuan amaitu ziren. Aurreko urteetan bezala, Aiora Belartieta (Donostia Arraun Lagunak) eta Intza Fernandez (Hondarribia Bertako igogailuak) izan ziren Euskotren Ligan lehian eta Gaizka Ormazabal, aldiz, Hibaikako eskifaian, KAE 2 Ligan. 

Belartietak eta Lugañeneko eskifaiak Euskotren Ligako garaikurra altxatu zuten. Ekainetik abuztura arteko jardunaldietan egonkor ibili zen Donostia Arraun Lagunak. Hasieratik lidergoari eutsi eta Orio zein Donostiarra traineruen kolpeei aurre egin behar izan zien, baina tinko mantendu eta Zarautzeko ikurriña eskuratuz amaiera bikaina eman zion lehiaketari. 2021 urteko balentria dute orain buruan eta horretarako, Kontxako bandera irabazi behar zuten. 

Bosgarren postuan amaitu zuen Liga Hondarribia Bertako Igogailuak ontziak. Intza Fernandez herritarraren ontzia Ohorezko txandatik gertu izan zen liga osoan zehar, baina behin bakarrik eman ahal izan zuen pausoa Santurtzin. Igoera lehiatzeko asmoarekin Hibaikak eta Gaizka Ormazabal herritarrak ilusioz ekin zion KAE 2 Ligari. Emaitzak ez zituen lagun izan Errenteriako eskifaiak, ordea, eta bosgarren postuarekin konformatu behar izan zuten.

Nahia Zudaire, Munduko txapelketako podiumean

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudairek zilarra eta brontzea jantzi zituen abuztu hasieran Manchester-en jokatutako igeriketa Egokitutako Munduko txapelketan eta hiru Espainiako errekor berritu zituen. Zudaire eta gainerako taldeko kideen jardunak Pariseko Paralinpiar Jokoetan aritzeko bederatzi plaza eman zizkioten taldeari. Aurtengo denboraldian erabakiko da zein igerilarik izango duten Paralinpiar Jokoetan lehiatzeko aukera eta zubietarrak gogor egingo du lan Parisen egoteko.

Chourraut, podiumetik gertu

Piraguismoko Munduko Kopako jardunaldia jokatu zuten abuztuaren 31tik irailaren 3ra La Seu D'Urgellen, Herrialde Katalanak. K1 mailako eslalon eta kayak kros modalitateko probetan lehiatu zen Maialen Chourraut herritarra eta podiumeko atarian geratu zen. Bi txapelketetan kanporaketak gainditu, finalera iritsi eta laugarren postua eskuratu zuen herritarrak. Hitzordu garrantzitsua izan zuen handik gutxira herriko palistak, irailaren 19tik 24ra Munduko txapelketan aritu zelako, Lee Valley-n (Erresuma Batua) eta Joko Olinpikoetarako tokiak jokoan izan ziren.

Zinegotzi izateari utzi zion Iñigo Zabaletak

Abuztuko ezohiko bileran utzi zuen kargua Iñigo Zabaleta sozialistak, kabinete buru aritzeko. Hunkituta eskerrak eman zizkien alderdi sozialistako taldekideei, bereziki, alkateari "momentu asko bizi ditugulako hiru eta erdi hauetan", baita gainerako alderdietako zinegotziei ere.