Aitor Manso, Jaizkibelgo igoerako podiumean
Motor barrunba nagusi izan zen Jaizkibel mendiko magalean irailaren 16an eta 17an, izan ere, Euskadiko Mendi igoeretako ligako jardunaldia jokatu zuten. Automobilismoaren zaletuak bidegurutze eta bihurguneetan bildu ziren. Aitor Manso herritarrak proban parte hartu zuen eta podiumera igo zen bitan. Sailkapen orokorrean hirugarren amaitu zuen lasterketa eta bere mailako (9. kategoria) garaile izan zen.
Udako denboraldiari agur esan zioten zaldien zaletuek
Donostiako Sari Nagusia jokatzearekin batera udako denboraldia amaitu zen Hipodromoan. Irailaren 10ean zaldien zaletuek 2023. urteko azken lasterketetaz gozatu zuten. Kirol txartela sarian gerora sari nagusia eskuratuko zuen Vaclav Janacek jockeya gailendu zen, El Sokhna-rekin. Espainiako Amateurren Kopan Claudia Tena-Gaheris bikoak erdietsi zuen garaipena, Donostiako Sustapena sarian, berriz, Rosso Antico-Sikorova izan ziren helmugaratzen lehenak. Sari nagusia, esan bezala, Janacek lortu zuen The Way of Bonnik zaldiarekin.
Donostia Arraun Lagunak, garaiezina
Aiora Belartieta herritarrak eta Donostia Arraun Lagunak-eko eskifaiak duela bi urteko balentria berretsi dute; Euskotren liga eta Kontxako Bandera irabazi ditu. Estropadako errekorra berritu zuen Lugañenek Kontxako bigarren jardunaldian. Orio indartsu atera zen arren, Donostia Arraun Lagunak eta Donostiarra gertu izan zituen. Bigarren luzean, borroka izugarria izan zen baina Donostia Arraun Lagunak erritmoari ederki eutsiz aldea ireki eta nagusitasunez gailendu zen. 10.23,32 denbora eginez, gainera, errekorra ezarri zuen. Intza Fernandez eta Hondarribia Bertako Igogailuak, aldiz, lehen txandan lehiatu ziren. Bosgarren postua (10.55,48) eskuratu zuen.
Igerilariek ur irekien denboraldia amaitu zuten
Itsas zeharkaldien denboraldiari agur esan zioten igerilariek irailaren 9an. Kontxako Badiako igerialdia izan zen ligako azkena. Buruntzaldea IKTko Itsaso Tolosa (31.53) seigarren sailkatu zen emakumezkoen mailan eta Juan Vicente Martin (31.56) beterano 2 mailan bigarren sailkatu zen. Talde kide Garazi Etxeberria (32.42), Igor Amantegi (36.05), Asier Gorostegi (37.58), Laura Igea (38.22) eta Manu Santos (43.12) ere iritsi ziren helmugara. Era honetara, Gipuzkoako Ur Irekien Ligako sailkapena osatu zen eta taldeko bi kide izan ziren lehen postuetan: Laura Igea Master+ mailako bigarren sailkatu da eta Juan Vicente Martinek beterano 2 kategoriako lehen postua eskuratu zuen.
Erketzen ikasturte amaierako saioa, ikasturte hasieran
Sanpedroen aurretik ikasturtean landutakoa erakutsi ohi die Erketz Dantza Taldeak herritarrei. Ekainean, ordea, eguraldi txarrak ez zien horretarako aukerarik eman. Hilaren 23an jarri zuten orduan aurrera eraman ezin zutena egiteko hitzordua, eta badaezpada ere, kultur etxea prest zuten goizeko lainoak euri gehiagorekin etorri izan balira. Udazkena hasi berria bazen ere, arratsaldeak ekaineko ohikoa zirudien, eguzkitsua eta epel-beroa. Duela hiru hilabete ez bezala, halakoa izan zen eguraldia, eta hori lagun zutela ordubete luzeko erakustaldia egin zuten dantzariek. Plazan jarritako aulkiek eta hesiek osatutako gunea izan zuten agertoki eta eserita edo zutik, herritar ugari izan zuten begira.
Nazioarteko zirkuitua, gogoan
San Sebastian Circuit Spirit VI. Rallyaren partaideak Lasarte-Orian barrena ibili ziren irailaren 23an. Andoaindik Hipodromora iritsi eta geldialdia egin zuten, ordu erdiz gertutik ikusteko aukera emanez herritarrei. Ondoren, Oriarantz abiatu ziren, Hipodromo etorbidea eta Kale Nagusia zeharkatuta. Zirkuitu ibilbidean erregulartasun proba egin zuten. 1923-1935 urteen artean gure herrian izandako nazioarteko auto zirkuitua gogora ekarri zuten, hain zuzen ere, 100 urte bete dituenean.
Martxan jarri zuten Gurasoleku egitasmoa
Herriko ikastetxeetako irakasleak prest daude Gurasoleku egitasmoari buruz jasotakoa gurasoei transmititzeko. Proiektu horretan izena emateko eskuorriak banatu zizkieten; parte hartu nahi zutenek irailaren 29a baino lehen bete eta entregatu zituzten orriak. Ikasturte berria eta helburu berbera: Lasarte-Oriako haurrak ahalik eta hiztun osatuenak izatea. Hori erdiesteko, Guraso- Leku egitasmoak familiaren, eskolaren eta herriaren baliabideak eta gogoak konektatzen ditu, familia tipologia desberdinetara egokituta dauden hiru adar hauen bidez: GurasoLagun, GurasoTegi eta GurasoLandia.
Europako Mugikortasun Asteak energia jasangarria sustatu zituen
Energia aurreztu lelopean aurrera eraman zuten aurtengo Europako Mugikortasun Astea. Esan bezala, Helarazitako mezua herritarrek baliabide jasangarriak eta gutxiago kutsatzen duten ibilgailuak erabili behar dituztela izan zen, hala nola, oinez ibiltzea, bizikleta edo autobusa. Bestalde, udalak gogoratu zuen Mugikortasun Jasangarriaren plana egina dagoela eta bertan jasotakoa inplementatzea dagokiela orain. Egitasmoarekin bat egin zuen Lasarte-Oriako Udalak, eta Artelatz enpresarekin batera zenbait ekimen egin zituen: Jarri prest zure bizikleta MUGIrekin, txirrindan ibiltzen ikasteko ikastaroa eta ipar martxa saioa, Ostadar SKTren eskutik. Ohi bezala, bigarren eskuko azoka ere aurrera eraman zuten, eta aldi berean, bizikleta martxa eta mugikortasun jolasak ere gauzatu zituzten Kale Nagusian.
Kultur etxera zinema ikustera, goizago aurten
Okendo Zinema taldeak berrikuntza nabarmen batekin ekin zien aurtengo emanaldiei: ostiraletako paseak 20:00etan hasten ari dira, ez 22:00etan. arrazoi hauengatik: "Gaur egun, pelikula gehienek bi ordu edo gehiago irauten dute, eta, 22:00etan ematen hasiz gero, berandutu egiten zaigu; uste dugu pandemiak eragin duela gure ohituretan, lehenago etxeratzeko joera dugu orain. Gainera, bi ordu lehenago hasteak erraztu egingo digu gonbidatuak ekartzea; oso interesgarria iruditzen zaigu ikus-entzuleek egile eta aktoreekin iritziak partekatu ahal izatea".
Bestalde, iragarri zuten hemengo ekoizleen lana erakusten segiko dutela, Euskal Dokumentalen Zikloaren bidez. "Ikusi dugu pase jendetsuenak egitasmo horretakoak izan ohi direla; gertuko eta batez ere euskarazkoak diren ikus-entzunezkoek herritarrak erakartzen dituzte, produkzio handiagoek baino gehiago".
Euskarazko aisialdirako eskaintza erakargarria
GurasoLeku, Amaraun, Gazte Kluba, Kuadrillategi eta Faktoria. Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak duten euskara hitzarmenaren baitan, bost egitasmo horiek prestatu dituzte 0 eta 18 urte arteko lasarteoriatarrentzat, euren aisialdia ere euskaraz garatu eta bizitu dezaten eskaintza zabal, dibertigarri eta hezitzaile baten bidez. Horren helburua da gure herriko gazteek euren hizkuntza ohiturak aldatzea, bestela esanda, euskaraz gehiago hitz egitea, proiektu bakoitzak bere ezau- garriekin adin tarte jakinetan eraginda.
Ama Guadalupeko jaiak
Guadalupeko Amaren omenezko jaiak ospatu zituen Extremadura Etxeak hilaren 7tik 10era. Askotariko jarduerak, jolasak eta probintzia hartako jakiak dastatzeko hainbat aukera izan ziren Sasoetan.
Euskararen bidaia harrigarria hasi zuten ikasleek
Udal Euskaltegiak irailean hasi zuen 2023-2024 ikasturtea. Ikasleetako batzuk aurrez aurreko eskolak hartzen ari dira, beste batzuk, aldiz, sareko ikasketa prozesua aurrera eramaten. Nahiz eta izen emate epea amaitu den, interesdunek oraindik matrikula egin zezaketela ohartarazi zuten arduradunek ikasturte hasiera iragartzeko egindako ekitaldian. Halaber, ikasturte hasierako leloa ere aurkeztu zuten. Euskara, bidaia harrigarria! aukeratu zuten, izan ere, euskara ikasteko izena emandako ikasleek "bidaia bati" ekiten baitiote, euskaltegiko ordezkarien arabera. "Mundu berri bat ezagutzeko eta gozatzeko aukera" izango dute: "Gogoan izan herri eta kultura guztietan hizkuntza izaten dela altxorrik preziatuena", azaldu zuten.
Hassana-k eta Abdi-k gure herrian igaro zuten udara
Oporrak Bakean egitasmoaren bidez, Saharan bizi diren umeek aukera dute Euskal Herrira etorri eta udara harrera familiekin igarotzeko. Lasarte-Orian bi izan dira aurten, Hassana eta Abdi. Saharako kanpalekuetara itzuliak zirela bi umeak, harrera familietako batekin hitz egin zuen TXINTXARRI-k. Esperientzia "ederra" bizi izan dutela adierazi zuten familia horretako kideek, hasiera-hasieratik, egokitzapena "oso erraza" izan zelako, ohikoena izan ez arren. Tttakun Kultur Elkartearen Udako Txokoez gozatu zuten Haron begiralearen laguntzarekin, eta abuztuan oporretara joan ziren.
XVIII. Musika Topaketaz gozatu zuten
Danok Kide elkarteak udalarekin antolatutako XVIII. Musika Topaketen barruan, Ad lucem quam inhabitas izeneko organo eta kantu emanaldia aurrera eraman zuen. Ama Brgitarren komentuko elizan egin zuten emanaldia, eta bertan aritu ziren Ana Belen Garcia organo jotzailea, Izei Mugica tenorea, eta Maria Jaunarena eta Marta Garcia sopranoak. Hamar pieza eskaini zizkieten bertan bildutako ikus-entzuleei.
Aisia, kontzientziazioa eta hezkuntza sustatzeko plana
Lasarte-Oriako Udalak urritik ekainera bitarteko Gaztelekurako prestatako eskaintza ezagutarazi zuen. Eskuorri batean jaso zituen ikastaro, hitzaldi, indartze eskola, izen emate datu eta bestelakoak; eta etxez etxe banatu zituen. Eskolan laguntzeko tailerra bultzatu nahi izan zuten antolatzaileek. 12 eta 18 urte arteko ikasleei zuzendua, ikasgaiekin dituzten zalantzak Gaztelekura eraman eta laguntzaile duten begiraleari kontsultatzeko aukera zuten. "Xedea ez da akademia bat izatea, baizik eta ikasketetara biltzeko gune bat".
Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzeko eskatu zuten
Iraileko ohiko udalbatzarrean eztabaidatutako puntuetako batean Lasarte-Oriako etxebizitzaren arazoa aztertu zuten. Zehazki, "Lasarte-Oriako alokairu merkatuko prezio garestiek tenkatutako eremuaren definizioa, eta Estatuko etxebizitza legeak ezartzen dituen mugak mimetan gauzatzeko" mozioa landu zuten. Stop Desahucios plataformako kide Rosa Garciak hartu zuen hitza, eta eskaeraren gaineko xehetasunak eman zituen, eta eskatu, Lasarte-Oria eremu tentsionatu izendatzeko. Besteak beste, egun familia unitate askok euren diru sarreren %40 edota %50 bideratu behar dute alokairua ordaintzera, eta, ondorioz, Garciaren esanetan, alokairuen prezio altuak ezin ordainduagatik, etxegabetze arriskuan dauden familien zenbait kasu badira herrian. Honako beste datu hau ere ezagutarazi zuen: Lasarte-Orian 854 pertsona daude Etxebiden (Etxebizitzaren Euskal Zentrua) izena emanda.
Udalerria eremu tentsionatu izendatzeak ekarriko luke kontratua amaitu ondoren errentariarentzat urtebeteko aparteko luzapena egiteko aukera, eta errentari berrientzako kontratu berrietan, alokairua aurreko kontratuko errentara mugatzea. Horrekin batera, erreferentziako prezio indizeen sistemen mugak azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzei ere aplikatzeko aukera ere barne hartzen du.
Emakumeak ahalduntzen jarraitzeko
Beste hainbat topagunek eta erakundek bezala, Sexuen Elkarbizitzarako Emakumearen Zentroak ikasturte berriari ekin zion irailean. Iaz bezala, ohiko ikastaro sorta bat eta Emakumeentzako Jabetze Eskola jarri zituzten herriko emakumeen eskura. Agustin Valdivia alkateak, Gizarte Zerbitzuetako sailburu Lourdes Acevedok eta elkargune hori kudeatzen duen Maite Iglesiasek aurkeztu zuten aurtengo eskaintza. Udal ordezkariek nabarmendu zuten "pozik" daudela Emakumeentzako Jabetze Eskolak herritarren artean izan duen harrerarekin. "Erabiltzaile dezente animatu dira honezkero eta are gehiago izatea nahi dugu", adierazi zuen Iglesiasek.
Eskola materiala erosteko dirulaguntzak
Iraileko malda arindu asmoz, beharra duten familiei eskola materiala erosten laguntzeko 15.000 euroko laguntza lerro bat prestatu zuen Lasarte-Oriako Udalak. Horiek jasotzeko zenbait balditza bete behar zituzten eskatzaileek. Jaso dezaketen ekarpena urtean ingresatzen duten diruaren araberakoa da: 25.000 euro edo gutxiago jasotzen dutenek, 110 euroko laguntza dute; 25.001 eta 33.000 euro artean ingresatzen dutenek, berriz, 90 euro; eta 33.001 eta 40.000 euro bitartean dabiltzanek, aldiz, 50 euro. Dirulaguntza horiek herriko komertzioetan gastatu behar dituzte.
'Ezmezean' laneko aurrerapen kantua argitaratu zuen Maialen Aristegik
Maialen Aristegi kantautore lasarteoriatarrak Ezmezean izeneko maketa ondu zuen, grabatutako bere lehenengo sorkuntza lana. Motorrak berotu eta herritarren interesa piztu asmoz, Bilatu gabe aurkitutakoak aurrerapen kantua atera zuen, zenbait plataformatan entzungai jarrita: YouTube, Bandcamp, Soundcloud, eta abar, irailaren 29an.
Kaleetara itzuli ziren, presoen eskubideen alde
Irail amaieran itzuli zen Azken Ostirala: Lasarte-Oriako sarek antolatutako mobilizazioan 75 bat pertsonak parte hartu zuten. Euskal preso, iheslari eta deportatu guztien eskubideen aldeko aldarriak zabaldu zituzten Elizatze plazatik abiatu eta Okendora iritsi arte. Errepikatu zuten ez dutela "inolako pribilegiorik" eskatzen, salbuespen egoera indargabetu eta lege arrunta aplikaztea baizik, hau da, "euskal preso guztiak etxera bidean jartzea, besterik ez". Halaber, "etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea" dela uste dute. Horretarako Sarek bere helburuak azaltzen jarraitu behar dituela uste dute, izan ere, "euskal gizarteak berak, alderdi poitikoek, sindikatuek, gizarte erakundeek eta herritarrek izan behar dute salbuespenari eta arbitrariotasunari amaiera emateko giltza. Gutako bakoitzak badu bere esku gauzak aldatzea".
Erdi Aroko azoka arrakastatsua
Erdi Arora bidaiatu zuten zazpigarrenez lasarteoriatarrek. Eskulangile eta askotariko jaki postuek irailaren 15etik 17ra hartu zuten Kale Nagusia eta Okendo plaza. Guztira, 112 izan ziren beraien eskaintza ekarri zuten merkatariak. Horrekin batera, musika, ikuskizunak, tailerrak eta jolasak ere izan ziren. Deigarriena, gerlarien borrokaldia izan zen, ezpata edo aizkora eta ezkutuak eskuetan aritu ziren garai horretako armadurak jantzita.
Biltegiko produktuen eskaintza Stock Azokan
Herriko merkatariek Stock Azoka egin zuten irailaren 7tik 9ra eta biltegiko produktuak eskaini zizkieten lasarteoriatarrei. Hamar dendek parte hartu zuten ekimenean: Mabel moda, Imagine jantzi denda, Alba moda, Iturbe zapata denda, Leder oinetakoak, Urruzola mertzeria, Olmi mertzeria, Deco 75 textil hogar, Arregui elektrizitatea eta Noaoa bidaiak. Merkatarien elkarteko kideek azaldu zutenez, kanpaina honen helburua denboraldi berriari hasiera eman aurretik, biltegian geratutako produktuak salgai jartzea da.
Ferrak bilatu behar izan zituzten sariak lortzeko
Stock azokaren ostean, ekimen berria abiatu zuen Aterpea merkatarien elkarteak: Ferraren bila. Urre koloreko ferrak aurkitu, horiei argazkiak atera eta sare sozialetan partekatzea izan zen jolasa. Erosketa bonuen zozketan sartu ziren parte hartzaileak; tokiko komertzioa sustatzen duen eragile horrek 2.000 euro banatu zituen txarteletan.
Nahia Zudaire, hirugarren Ur Irekietako Munduko Kopan
Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire kidea igeriketa egokitutako Ur irekietako Munduko Kopan lehiatu zen Sardinian, Italian. San Teodoro hondartzan antolatu zuten kirol ekimena eta 3.000 metroko proban, S7-S10 mailan parte hartu zuen Zubietako gazteak, beste zortzi igerilarirekin batera; podiumeko hirugarren mailara igo zen.
Egoitz Rodriguezi omenaldi xumea
Gorengoen Mailako taldearen partidak ikustera joatera ohituta daudenei arraroa egiten zaie oraindik eskuin nahiz ezker hegaletara begiratu eta Egoitz Rodriguez jokatzen ez ikustea, 10 zenbakidun kamiseta urdin-beltza soinean.
Alebinetatik hasi eta lehen taldera iritsi arte, hamabost denboraldiz jokatu du Ostadarren. Gutxi dira kolore urdin-beltzei horrenbeste denboraz leialak izan eta kirol ibilbide osoa Lasarte-Oriako klub horretan jorratu dutenak, eta, horregatik, irailaren 23an merezitako omenaldia jaso zuen Ostadar-Lengokoak partida hasi aurretik, ekainera arte taldekide izan zituenen eta Imanol Bardaji lehendakariaren eskutik. Aldageletatik jaitsi eta ilara luzea osatu zuten bi taldeetako jokalari eta entrenatzaileek. Segidan atera zen Rodriguez, Bardaji alboan eta Dani Lopez eta Julen Lopez kapitainak atzeraxeago. Zelai erdira iritsi, makil eta argazki bana jaso eta ohorezko sakea egin zuen.
Jon Martin, bikain Youth League-n
Jon Martin herritarra UEFA Youth League txapelketa lehiatzen hasi zen Real Sociedad taldearekin. Sanse, Real C eta Ohorezko jubenilek osatutako taldea D multzoan dago eta Milango Inter, Salzburg eta Benfica izan zituen aurkari lehen taldearen antzera. Egutegiari dagokionez ere, Champions Leagueko egunekin bat egin zuten gazte taldearen norgehiagokek eta abenduaren 12ra arte luzatu zen lehiaketako lehen fasea. Beraz, lehen neurketa hilaren 20an jokatu zuten Zubietan eta Milango Interrekin neurtu zituzten indarrak; hiruna berdindu zuten. Lasarte-Oriako defentsa hamaikakoan atera zen zelaira eta lan ederra eginez, bi gol sartu zituen bigarren zatian.
Chourraut, Munduko txapelketako finaletatik kanpo
Maialen Chourraut Eslaloneko Munduko txapelketan lehiatu zen irailaren 19tik 24ra, Lee ValLey-en, Britainia Handian. K1 eta Kayak kros modalitateetan parte hartu zuen herritarrak. Kanal ezaguna zuen lasarteoriatarrak; 2012ko Joko Olinpikoetan bere lehen domina eskuratu zuen, brontzea. Oraingoan, K1 lehian finalaren ateetan geratu zen. Finalerdiko saioan ederki ari zen herritarra, baina palarekin kanalaren behea jo eta denbora galtzeaz gain ate bat ukitu zuen. Kayak kros lehian ere finalerdira iritsi zen Chourraut. Baina gerora irabazle izango zen Kimberly Woods britainiarrak ongi itxi zion bidea herritarrari jaitsieran eta finalera sailkatzea ezinezkoa izan zen. Bakarkako lehietan finaletan egoterik izan ez bazuen ere, K1 mailako taldekako proban zilarra jantzi zuen Lasarte-Oriako piraguistak. Hilaren 19an, Olatz Arregi eta Laia Sorribesekin batera taldea osatu zuen. Jaitsieran denbora onena egin zuten, 15. atean egindako akats batek bi puntuko zigorra gehitu zien, ordea. Horri esker Australiak eraman zuen urrea.
LOKEko judokak, lanean
LOKE Judoko kideek ederki hasi zuten hilabetea. Irailaren 1etik 3ra Zarautzen egin zen VIII. Euskadiko Judo Training Camp jardunaldietan parte hartu zuten. Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Errioxa eta Frantziako judokak bildu ziren bertan eta, besteak beste, Carmen Solana bilbotarra eta Nage No Kata modalitateko Munduko txapeldun Glatenferd Escobar eta Miguel Bermudez kolonbiarrak izan zituzten irakasle. Maialen Chourraut kiroldegiko tatamian, aldiz, 4an izan zen lehen saioa. Aurten ere adinaren arabera astelehen, asteazken eta ostiraletan ordutegi ezberdinetan ari dira judokak lanean, Gorka Aristegi entrenatzailearen aginduetara.
250 parte hartzaile V. Mendi Festan
Eguraldi paregabea lagun, ehunka pertsonak parte hartu zuten irailaren 24an Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteak (LOTME) antolatutako ekimenean. Martxa luzeko mendizaleak izan ziren lehenak eguna agurtzen. Goizeko 07:00etan atera ziren Antonio Mercero plazatik; aurretik 26,5 kilometro eta 1.350 metroko desnibel positiboko bidea zuten: Belkoain eta Andatza mendietako gailurrak. Bi ordu geroago, martxa motzari ekin zioten eta umore onean Andatza mendiko bidea hartu zuten guztiek. Guztira 250 pertsona (92 martxa luzean eta 158 motzean) iritsi ziren helmugara eta bertan mokadu ederraz gozatu ahal izan zuten indarrak berreskuratzeko.