Avenidako haragi bola ogitarteko famatua, Euskal Telebistan
Paulino Ibargoien lagunaren laguntzarekin, Avenida taberna jatetxeko jabe Yon Mikel Rodriguezek bertako plater famatuenetako bat, haragi bola ogitartekoa, nola egiten duen erakutsi zuen Joseba Argiñanoren Sukalerrian saioan.
Gabonetako V. Areto Futbol Txapelketan ederki gozatu zuten gaztetxoek
Michelin kirol guneko zein Maialen Chourraut kiroldegiko areto futbol pistan ere giro ederra izan zen azken Gabonetan. Hiru mailan banaturik –benjamin, alebin eta infantil– hamasei talde finalean egoteko lehiatu ziren eta urtarrilaren 7an, larunbatarekin erabaki ziren txapeldunak. Lehia estua izan ikusi ahal izan zuten harmailak bete zituzten ikusleek.
Lasarteoriatarrak agurtzera etorri ziren Errege Magoak
Meltxor, Gaspar eta Baltasarri harrera beroa egin zioten lasarteoriatarrek. Arratsaldean, Oriatik barrena, herri kaskora iritsi ziren, eta Okendo plazan egin zuten agur nagusia. Etenik gabe bota zituzten goxokiak ibilbide osoan zehar, eta pozarren agurtu, euren zain zeuden haur, gazte eta helduak. Goizean, pajeek haurren eskutitzak jaso zituzten Okendo plazan eta hiru erregeak Atsobakar egoitzako egoiliarrei bisita egin zieten. Eguerdian, berriz, Errege Magoek haurrei harrera egin zieten Ama Brigitarren komentuan.
Michelin lantegiko hauteskunde sindikalak irabazi zituen LABek
LABek "inoizko emaitza onenak" izan zituen Michelin lantegian egindako hauteskundeetan; sei ordezkari. Sindikatu horretako ordezkariek adierazi zuten "oso pozik" zeudela jasotako babesarekin: "Langileriak bizi duen egoera zail honetan, sindikalgintza aldarrikatzailea horren modu zabalean gorpuzten duen LABen alde egin izanak bide berdinetik sakontzeko arrazoiak ematen dizkigu".
Bazterturiko ahotsen mosaikoa osatu zuten Oriako kaperan
Harresi Guztien Gainetik taldeak XII. Errezitaldia aurrera eraman zuen Karmengo Amaren kaperan. Zenbait diziplina artistikoren bidez baztertutako ahotsen mosaikoa osatu zuten. Bizipenak, musika, dantza eta ikus-entzunezkoak josi zituzten giro intimoan.
Buruntzaldea IKT, bikain Hernani Sarian
Hernaniko 24. Saria lehiatu zuten Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutuek. Hernani, Taosa, Zarautz eta Fortuna taldeetako igerilarien aurka izan ziren nor baino nor taldeko kideak, primeran aritu ziren igerian eta horren erakusle Garazi Etxeberriak irabazitako txapela, neskek taldeak eskuratutako garaikurra, zazpi domina eta hamar marka pertsonal berri izan ziren.
Lasarte-Oriako atletak, Gipuzkoako txapelketako podiumean
Gipuzkoako pistako txapelketetan lehiatu eta bost domina jantzi zituzten Lasarte-Oriako atletek: urrezko bat eta zilarrezko bost. Donostiako Antonio Elortza belodromoan pista estaliko Bizkaiko zein Gipuzkoako txapelketak lehiatu dira. Ostadar Atletismo saileko Naroa Furundarena, Oihana Igarriz eta Oinatz Almagro, Real Sociedadeko kide Yeray Veroniz zein Aloña Mendiko Jon Presa. Lasarte-Oriako bost atleta horiek euren probetako podiumetan izan dira.
Hobe elikatu, hobe bizitzeko
Zabaletako auzo elkarteak sukaldaritza makrobiotiko ikastaroa antolatu zuen. Gorka Gereño sukaldariak elikadura mota honi buruzko azalpenak eman zizkien, eta zenbait plater prestatzen irakatsi ere.
Lasarte-Oria, zuri
Neguko eguraldiak bete-betean harrapatu gintuen urtarril erdialdean. Prezipitazio iraunkorrengatik abisu horia ezarri zuten, eta kazkabar erauntsi batek zuri-zuri utzi zituen herriko espaloi, errepide, parke, zelai eta gainerakoak. Irristatu eta lurrera erortzeko arriskuaz gain, beste eragozpenik ez zuen ekarri denboraleak gurera.
Jubenil mailako bikotea, Trinketeko txapeldun
Intza Pilota Elkarteko jubenilek Trinketeko garaikurra jaso zuten. Diaz de Gereñu eta Urdanpilleta jubenil bikoteak Gazteleku izan zuen aurrez aurre Gipuzkoako txapelketako finalean. Irurako Ametsa trinketean, herritarrak 21-40 nagusitu ziren.
Eguraldi txarrari, danborren hotsa
San Sebastian bezpera ospatu zuten herriko ikastetxeek. Eguraldi zakarrak ez zuen hoztu ikasle eta irakasleen animoa, eta gogotik astindu zituzten danborrak. Anfiteatroan edo gimnasioan dotore kantzita, Sarriegiren doinuen erritmora aritu ziren herriko ikastetxeetako ikasleak.
Eman eta jasotzearen magia
TrukeLandia izeneko egitasmoa aurkeztu zuten Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak, GurasoLandia programan parte hartzen ari diren guraso eta haurrentzat. Magia eta kolorez betetako ekitaldia izan zen.
Egoitza berriaren ateak zabaldu zituen ELOP Lasarte-Oriak
Bederatzigarren urteurrena ospatzeko, Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak lokala inauguratu zuen. Miguel Angel Tolosa alkategaiak alboan izan zituen Gipuzkoako ahaldungai nagusi Miren Echeveste eta Espainiako Kongresuko diputatu Pilar Garrido, baita alderdiko zenbait militate eta beste udal ordezkari batzuk ere.
Real Sociedadek ezin izan zuen Bartzelona garaitu Superkopako finalean
Iraia Iparragirre kide duen Real Sociedad eta Bartzelona aurkari izan ziren Superkopako finalean. Natalia Arroyok zuzentzen duen talde txuri-urdinak ederki egin zion aurre Bartzelonari. Alabaina, kataluniarrek ongi baliatu zituzten erasoan sortutako aukerak eta 0-3 gailendu ziren.
'Bretxa 1813, Donostiako sutea' ikuskizunean parte hartu zuen LOZETek
Bretxa 1813, Donostiako sutea ikuskizunak Donostiako Victoria Eugenia Antzokia hartu zuen eta bertan parte hartu zuten Lasarte-Oriako Zezensuzko eta Erraldoi Taldeko hainbat kidek; zortzik zehatz-mehatz.
Miss Grand Euskadi-n lehiatu zen Aroa Sancho lasarteoriatarra
Lasarte-Oriak ordezkaritza izan zuen Bilbon ospatuko zen Miss Grand Euskadi edertasun lehiaketan. Aroa Sancho Palomares herritar gazteak parte harto zuen bertan, eta gisa horretako txapelketa batean arituko den lehen aldia izanagatik, "urduri, baina ilusioz" zegoen.
Juan Bereziartua hil zen
Urte luzez makina bat ikasle etxetik Landaberrira eta ikastetxetik etxera bueltan eraman zituen Juan Bereziartua txoferra zendu zen, 88 urte zituela. Lasarte-Oriako euskalgintzan ere gogotik aritu zen, Solaskide programan eta Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako hainbat jardueratan, besteak beste, San Tomas azokako gaztainak prestatzen.
Udalerriko zenbait iturriren ur hornidura eten zuen udalak
Lasarte-Oriako Udalak ezagutarazi zuen udalerriko zenbait iturriren ur hornidura, egun batzuetarako, eten egingo zuela. Arrazoia, tenperatura baxua: "Izoztearen ondorioz hodiak leher daitezke, eta hori saihestu nahi dugu".
Kirol eremuko lanak adjudikatzea
Urtarrileko ohiko saioa egin zuen udal korporazioak. Atsobakarren egingo duten kirol eremuko lanak eta Basaundi bailarako etxebizitzen birgaitzerako dirulaguntzak landu zituzten, besteak beste. Construcciones Mariezkurrena SL eta Construcciones Zubieder SL enpresek osatzen duten ABEEak (Aldi Baterako Enpresa Elkartea) aurrera eramango zituen Atsobakarreko kirol instalazioen lanak, udalbatzarrak hala erabakita.
Naroa Furundarena, luzera jauziko zein jauzi hirukoitzeko Euskadiko txapeldun
Donostiako Antonio Elortza belodromoan jokatu zen Euskadiko txapelketa. Ostadar Atletismoko Naroa Furundarenak luzera jauziko zein hirukoitzeko urrezko domina jantzi zuen. Furundarenaz gain, Real Sociedad taldeko Yeray Veronizek ere zilarrezkoa eskuratu zuen 60 m. lasterketan. Ostadarreko Oinatz Almagro eta Aiala Ramos kideak ere jauzi hirukotzeko finalean izan ziren lehian.
Lasarte-Oriako Energia Komunitatea
Lasarte-Oriako Energia Komunitatea aurkeztu zuen Lasarte-Oriako Udalak. Egitasmoaren berri emateko lau hitzaldi antolatu zituzten Manuel Lekuona kultur etxean. Lehenean Agustin Valdivia alkatea eta Gipuzkoako Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio, baita Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde, Miguel de los Toyos eta Edinor-eko kontseilari ordezkari, Juan Diego. Horiez gain, auzoz auzoko bilkurak informatiboak ere izan ziren. Herritarrek otsaila amaiera arte izan zuten komunitatean izena emateko aukera.
Zabor luizia eta pandemia, dena bat
Axut! eta Artedrama konpainiek Hondamendia antzezlanaren emanaldia egin zuten. Zaldibarko zabortegiaren ezbeharra eta Covid-aren pandemia lotzen ditu Harkaitz Cano lasarteoriatarrak idatzi eta Ximon Fuschek zuzendutako obrak. Canorekin solasaldia izan genuen.
Taula Xake Klubak garaipena erdietsi zuen Ligako lehen hitzorduetan
Taula Xake Klubak Ligari hasiera ederra eman zion; Bidasoa Xake E taldea 3-1 garaituta sailkapeneko seigarren postura igo zen, hiru puntu lortuta. Txapelketako bigarren jardunaldian, Irungo taldea izan zen lehen bisitaria Lasarte-Orian eta gaztetasuna eta esperientzia batzen dituen laukoa ekarri zuen lehiara. Sanchezek izan ezik, herriko jokalariek Bidasoakoak gainditu zituzten.
'Komertzio txiki, herri handi' publizitate produktu berria TXINTXARRI-n
Urte berria hasi eta publizitate proposamen berri bat aurkeztu genuen. Komertzio txiki, herri handi deitu diogu proiektu berriari, herriko komertzio txikiek egiten baitute Lasarte-Oria handi. 2023a urte berezia izan da guretzat, 30 urte bete ditugulako.
Iñurri, saria eta abestia
Argia aldizkariak 2022. urteko sariak banatu zituen Usurbilgo Atxega jauregian. Julene Illarramendi eta Miren Cuerdo lasarteoriatarrek sortutako Izan Iñurri egitasmoak irabazi zuen entzunezko kategoriakoa, (Min)bizi podcastagatik. "Feminismotik eta elkartasunetik, deserosoak diren tabuei naturaltasunez heltzen dietelako eman diegu saria", arrazoitu zuten antolatzaileek.
Eta Bizipoza elkartearen Mundu berri bat guztiontzat egitasmoaren hirugarren eta azken alean ere izan zuten bere kanta. 11 elkarteren hamabina abesti eta bideoklip jaso zituzten CD eta DVD formatuetan. Izan Iñurrirena zen horietako bat, Julene Ilarramendi eta Miren Cuerdo herritarrek sortutako egitasmoarena. (Min)bizi izena du haien jarduna kontatzen duen abestiak; Oihana Iguaranenak dira hitzak, eta doinuak, Idoia Asurmendirenak.
Irudi berria, asmo bera
Lasarte-Oria Sarek eta Etxeratek urteko lehen Azken Ostirala egin zuten, baita herri mugimenduak abiatu zuen aro berriko lehena ere. Etxera bidea gertu leloa eta ikur berria aurkeztu zituzten. Euskal Herriratzeko xedea erdietsita, helburua etxeratzea da, orain.
Intza Alkain herritarra, 'Kanpora sartzen' antzezlanean
"Kanpora sartzen hemen da!" esaldiarekin iragarri zuen Txalo Produkzioak konpainiak oholtzaratuko zuen lan berria. Aitziber Garmendia da zuzendaria, eta aktoreak, Xabin Fernandez eta Intza Alkain lasarteoriatarra. Instagram sare sozialean egin zuten argitalpenean antzeman zitekeenez, HIESari buruz hausnartzen dute antzezlanean.
Hauteskunde programa herritarrekin batera prestatu nahi zuela iragarri zuen PSE-EEk
Parte hartze prozesu bat abiatu zuen Lasarte-Oriako PSE-EEk, 2023-2027 legealdirako neurri sorta lasarteoriatarrekin batera prestatzeko. Eskuorri bat banatuko zuen herritarren etxeetan, eta otsailean zehar auzoz auzo karpa bat jarriko zuela iragarri zuen.
Lasarte-Oriaren jardunaren lekuko
"Dedikazio handiko lana" aurrera eraman du Txema Valles herritarrak ia 40 urtez: Lasarte-Oriaren egunerokoaren bozgorailu izatea, hitz eta argazkien bitartez 39 urte erdi eta gero, atseden hartzeko unea heldu zaio: iragan urteko abenduaren 30a izan zen bere azken laneguna. El Diario Vasco egunkarian kronikak argitaratzeari utzi badio ere, ez zaio lanik falta: bere bulegoko beheko pisuan gordetzen duen artxibo historikoa lasarteoriatarrei nola erakutsi pentsatzen ari da. Elkarrizketatzaile izatetik elkarrizketatua izatera igaro zen Txema urtarrilean, eta ederki moldatu zen.