2023ari errepasoa: martxoa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 07:04

2023ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, urteak eman duenaren errepasoa. Hementxe martxoko albisteen hautaketa. 

Alejandro Romo hil zen

Alejandro Romo lasarteoriatarra 96 urte zituela hil zen. Herrian oso ezagun eta maitatua, urtetan lan izugarria egin zuen herriko eragile eta elkarte ugariri laguntzeko: sanpedroetako buruhandiak, Zabaletako festetako ikur Teresa sorgina, Danok Kideren jaiotza erraldoia, Kukuka eskolakoentzat dekoratu eta bestelakoak... Artisau fina izan zen Romo, beti laguntzeko prest.

Hauteskundeetarako hautagaien zerrenda aurkeztu zuen Lasarte-Oriako PSE-EEk

Agustin Valdivia PSE-EEko alkategaiak aurkeztu zuen alderdiko zerrenda, "gaitasuna eta esperientzia" batzen zuela nabarmendu zuen. Zortzina emakume eta gizonengan konfiantza osoa zuela ere aitortu zuen.

Ekimenak Andaluzia Eguna ospatzeko

Ohorezko toparekin Andaluzia Eguneko ospakizunei hasiera eman ondoren, martxoko lehen iganderako utzi zituzten ekimen nagusiak Semblante Andaluz elkarteko kideek. Meza, bazkaria eta musika izan zituzten horretarako bide.

Mende erdia ospatu zuen Sasoeta tabernak

Sasoeta tabernak mende erdia urratu du aurten, eta hori ospatzeko, Gloria Estebani omenaldia egin zioten zenbait herrikide eta lagunek. Estebanek eta Marcelino Fernandez senarrak, duela hilabete gutxi hildakoa, izan ziren 1973an negozioa abiatu zutenak, eta egun, Jorge semea da barra atzean lanean dabilena. 

Ikusmina piztu zuen Takefusa Kubo jokalariaren bisitak

Ohikoak baino ilara nabarmen luzeagoak izan ziren SuperBM supermerkatuan. Realeko zaleen iritziz, otsaileko jokalari onena Takefusa Kubo izan zen, eta ekitaldi bat egin zuten hori iragartzeko. Ostean, futbolari japoniarrak bertaratu zirenekin argazkiak atera zituen eta autografoak sinatu zizkien. 

'Ainarak' ikus-entzunezkoarekin hasi zen Euskal Dokumentalen Zikloa

Okendo Zinema Taldeko kideek Euskal Dokumentalen Zikloa antolatu zuten aurten ere; hirugarren aldia izan da. Ainarak ikus-entzunezkoarekin ekin zieten proiekzioei. Beste bost lanekin osatu zuten egitaraua: Kuartk Valley, Izaro, 918 gau, Zumiriki eta Los Xey

Hamaika jarduera Martxoaren 8an

Udalak eta herriko zenbait eragilek hilabete osoan zehar antolatu zituzten ekimenak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira. 

Martxoaren 8an bertan, elkarretaratzea, ipuin kontaketa saioa, kartel lehiaketako sari banaketa eta Denon bizitzak erdigunean  manifestazioa izan ziren. Aurretik ikusgai izan ziren 2024. urteko afixa lehiaketara aurkeztu ziren lanak.  

Eta hurrengo asteetan ere gaiarekin lotutako ekimen ugari izan ziren, hala nola, Zero Sette akordeoi taldeak emakume konposagileen lanekin osatutako kontzertua eskaini zuen. Beatriz Egizabalek Magma mia bakarrizketaren saioa egin zuen. Irakurle Txokoarekin elkarlanean, Arantxa Urretabizkaiaren Azken Etxea lana izan zuten mintzagai eta idazlea berak parte hartu zuen saioan. Azkenik, Izan Iñurri elkarteak Dragón Cancer podcast saio eskaini zuen.

Gorroto mezuak gaitzetsiz

Oriarte Larrekoetxe institutuko horma morean agertutako "gorroto mezuz jositako" pintaketak gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten Okendo plazan Ikama ikasle antolakundeak deituta. Dozenaka lagunek bat egin zuten ekintzan. Institutuan halako gertakari bat izan den hirugarren aldia da. Bertan ere mobilizazio bat aurrera eraman zuten patioan. 

Artisten katalogo bat eratu zuen udalak

Edozein diziplina artistikotan aritzen diren herritarren datuak jaso, eguneratu eta katalogo batean bildu nahi zituela iragarri zuen Lasarte-Oriako Udalak, helburu honekin: herritarrekin nahiz eragileekin partekatzea, jarduerak antolatzerakoan datu base hori erabil dezaten. Apirilera arte zegoen epea izena emateko.

Etorkizuneko xake jokalariak fin lehiatu ziren

Lasarte-Oria, Andoain, Villabona, Hernani eta Urnietako xake jokalari gazteek Danok Kideren Blas de Lezoko lokala bete zuten. Eskolarteko banakako Gipuzkoako txapelketako sailkapen saioa jokatu zen Lasarte-Orian.

Urdanpilleta, Trinketeko banakako txapeldun orde

Intza Pilota Elkarteko kideek hitzordu ezberdinak izan zituzten. Horien artean, jubenil mailako banakako Trinkete txapelketako finala izan zen. Ez zen posible izan, Intzako kide Peru Urdanpilletak ezin izan zituen aurtengo trinketeko bi tituluak lortu. Urtarrilean bikotekakoa eskuratu zuen arren, banakakoak ihes egin zion: Hernaniko Manterola 35-12 gailendu zen.

LOKEko judokek, dominak Gipuzkoako txapelketetan

Lasarte-Oriako Kirol Elkarteko Judo saileko kideek infantil mailako eta kadete mailako Gipuzkoako txapelketa lehiatu zituzten Errenterian. Infantil kategorian Anne Linazasoro txapeldunorde izan zen eta Iraia Diezek, berriz, brontzezko domina lortzeko borroka gainditu zuen. Iker Izquierdo kadeteak lortu zuen asteburuko hirugarren domina. Bere mailako hirugarren postua eskuratu zuen.

Aitor Mansok 2022ko mendi igoeren sari nagusia jaso zuen

Euskadiko automobilismo zaletuak Azkoitiako Baztartxo antzokian bildu ziren Euskadiko Automobilismo Federazioak antolatutako 2022. urteko txapelketetako saribanaketan. Aitor Manso herritarra. Lasarte-Oriako gidari gazteak mendi igoera lehiaketako sari nagusia jaso zuen, baita 8. mailako garaikurra ere.

Buruntzaldea IKTko igerilariek, dominak eta Espainiako errekorrak 

Buruntzaldea IKTko igerilariek hainbat lehiaketa izan zituzten hilabetean zehar. Absoluto eta junior mailako Neguko Euskal Herriko txapelketan Iruñean, June Lopez, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui eta Miren Sarobe taldekideek parte hartu zuten hainbat probetan emaitza onak lortuz; 11 marka pertsonal egiteaz gain, junior mailako bi brontze jantzi zituen Garazi Etxeberriak. Nahia Zudaire taldekideak, berriz, Citi Para Swimming World Series proban eta Igeriketa egokitutako Erkidego Arteko Espainiako Txapelketan bere markak eta Espainiako S8 mailako errekorrak ondu zituen tximeleta estiloko proba motzean eta estilo libreko 100 m. eta 200 m. probetan.  

Alkorta eta Alkain, ederki 18 urtez azpiko Espainiako txapelketan

Ostadar SKTko Alex Alkain eta Iraia Alkorta atleta gazteak Salamancan jokatu zen 18 urtez azpiko Espainiako txapelketan parte hartu zuten. Biak 60 metroko lasterketako proban lehiatu ziren eta Alkainek finalerdietan egotea lortu zuen. 

Taula Xake Kluba, 3. mailako Gipuzkoako txapeldunorde

Lasarte-Oriako Taula Xake Klubak 3. mailako bigarren postuan amaitu zuen Liga. Hondarribia Marlaxka D 0-4 garaitu zuen herriko taldeak azken jardunaldian. Horri esker, maila igoera ere eskuratu zuen Lasarte-Oriako xake taldeak.

Earra! Bertso Eskolako bost ikaslek Eskolarteko Txapelketan parte hartu zuten

Aratz Ramos, Maddi Lasa, Oihan Navarro, Nikola Iraola eta Xuban Urdalleta Earra! Bertso Eskolako kideek Eskolarteko Txapelketa lehiatu zuten. Aurreneko biek hilaren 17ko kanporaketa jokatu zuten, Zarauzko Urpekoak elkartean, eta beste hiruek, 31koa, Amezketako Zazpi Iturri elkartean. Lehiaketak lau kanporaketa izan zituen, bertso afari formatukoak.

Asier Sagasti podiumeko gorenera igo zen beterano kopan

Beteranoen mailako Espainiako Kopako hitzorduan, Villaviciosa de Odonen, Madrilen Lasarte-Oria Kirol Elkarteko Asier Sagasti judokak domina jantzi zuen M1 mailan. Herritarra M1-M2 kategoriako 100 kilo azpiko lehian parte hartu zuen eta hiru borroka egin zituen. Lehiaketan hirugarren sailkatu arren, M1 mailako txapeldun izan zen eta urrezko domina eskuratu zuen kirolariak.

Presa eta Goenaga, Udaberri lasterketako podiumean

XIX. Udaberri lasterketak 1.200 bat lasterkari bildu zituen Donostiako EHUko kanpusean. Lasarte-Oriako 46 ordezkari izan ziren lehian eta bik podiuma zapaldu zuten. Presa hirugarren sailkatu zen eta Julen Goenagak EHUko lehen ikaslea izateagatik lortu zuen garaikurra.

Xuban Urdalleta, Joko Garbiko Gipuzkoako txapeldun

Joko Garbiko Gipuzkoako txapelketako jubenil mailako finalean Zubietako Joko Garbi taldeko bi bikote –Zubieta 1 eta Zubieta 2– izan ziren aurrez aurre. Xuban Urdalleta herritarrak Manex Iparragirrerekin bat eginez zubietarren bigarren bikotea osatu eta txapela jantzi zuen. 40-31 irabazi zuten.

HAPO plana onartzeko akordioa, ELOPek eta PSE-EEk

Elkarrekin Lasarte-Oria Puede eta PSE-EE alderdiek akordioa lortu zuten Hiri Antolamenduko Plan Orokorra onartzeko. Etxebizitza politika sozialen garapenean oinarritzen da akordioa, Lasarte-Oriako bizilagunak gehien kezkatzen dituen arazoetako batean, eta, besteak beste, honako neurri hauek aurreikusten ditu: udalerriari dagokion Cocherasen partzela alokairu sozialeko etxebizitzetarako soilik erabiltzea eta etxebizitzaren behatokia sortzea.

Ostadarreko atleta gazteak, lehen postuetan

16, 18 eta 20 urtez azpiko mailetako Jaurtiketa Luzeen Euskadiko Txapelketa jokatu zuten, Durangon eta Ostadar SKTko Hodei Garcia eta Nora Manzanal kideek zilarrezko bi domina jantzi zituzten 18 urtez azpiko mailan. 

Euskararen 10. Maratoialdia gogoratzeko bi bide

Ibaiertzetik gertu landatu zituzten Euskararen 10. Maratoialdian bi haritz eta martxoan bi zuhaitzei plaka bana jarri zieten. Iraganari aitortza egiten dionak Izaskun Manterola herritarraren esaldia du, etorkizunari begiratzen dionak, berriz, Xuban Urdalletarena. Ondoren, grabatutako irudiekin osatutako ikus-entzunezkoa proiektatu eta bizitakoa irudien bidez gogoratzeko aukera izan zuten kultur etxean.

Garmendiak eta Matutek, erronkak eta egindakoak hizpide

Udal eta foru hauteskundeak ziren maiatzaren 28an eta alderdiak horri begirako lanketan murgilduta zebiltzan. EH Bilduk Espainiako Kongresuko diputatu Oskar Matute gonbidatu zuen koalizioaren herriko alkategai Estitxu Garmendiarekin mintzatzera, legegintzaldian egindakoa gainbegiratu eta erronkak azaltzeko. Jaizkibel plazan batu ziren eta herritar ugariren interesa piztu zuen saioak. 

Ezustekoak Hipodromoko lehen hitzorduan

Udaberriko denboraldiko lehen hitzordua jokatu zen Hipodromoan. Lasarte-Oriako Aterpeak Merkataritza elkartearekin lanean elkarteko kide ziren denden izenak zituzten sariak lehiatu ziren. Lasterketa ederrak ikusteaz gain, hainbat ezusteko ere izan ziren. Aldufoof eta Nicolas de Julian, Coolmeen Vega eta Cristina Perez, Monzalvos eta Vaclav Janacek zein Jaime Gelabert Urbieta eta Jasperoidekin izan zien lehenak helmuga igarotzen.

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna kalean ospatu zuen Kukukak

Antzerki eta Dantza Eskolako kideek Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatu zuten. Basotxo plazatik atera zen desfilea eta Jaizkibel nahiz Dorre plazetan egindako geldiuneetan ikasleek esketxak egin zituzten. Okendo plazara iritsi eta bertan errepikatu zituzten guztiak. Horrez gain. Samiha Ayoub antzezle egiptoarrak idatzitako manifestua ere irakurri zuten. 

'Zomorrotu' ipuin liburua argitaratu zuen Aintzane Usandizaga herritarrak

Aintzane Usandizaga herritarrak bere azken lana aurkeztu zuen: Zomorrotu ipuin liburua. Pertsonaiek elkar lotzen dituzten bost istoriok osatzen dute idazle lasarteoriatarraren liburua. Ipuin liburu gisa definitu zuen arren, eleberriaren antza ere baduela nabarmendu zuen.

Atsobakar egoitzan, toki bikoizketa eta tutoretzapeko sei apartamentu

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lasarte-Oriako Udalak adostu zuten Atsobakar egoitza zabaltzea, eta egoiliarrentzako plaza kopurua ia-ia bikoiztea: 57 daude orain, eta 108 izango dira zabaltze lanak amaitzen dituztenean. Obra horiek berriki atera dituzte lizitaziora eta adjudikazioa irabazten duen enpresak bi urte izango ditu lanak gauzatzeko. Toki gehiago egiteaz gain, tutoretzapeko sei apartamentu eraikiko dituzte, eraikin berriko goiko solairuan, autonomoak diren adineko pertsonentzat. Kaletik sartu ahalko dute pisu horietara. Udalak kudeatuko ditu.

Amaitzear zegoen agintaldiaren balorazioa egin zuen Agustin Valdivia alkateak

Agintaldiaren kudeaketaren balantzea egin zuen alkateak. Jakinarazi zuen, mandatu garaia ez zela erraza izan eta zailtasunak zailtasun, 2019-2023 legegintzaldirako hartutako konpromisoen %84a bete zutela, eta "harro" agertu zen horrekin.