2023ari errepasoa: maiatza

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 07:04

2023ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, urteak eman duenaren errepasoa. Hementxe maiatzeko albisteen hautaketa. 

Zubietako erraustegira joan ziren hura ixteko eskatzera

Hirurogei bat herritarrek parte hartu zuten Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deitutako eta Donostia Bizirik, Eguzki eta Ekologistak Martxan elkarteek babestu zuten ekintzan. "Erraustegia airea kutsatzen", "Lasarte-Oria esnatu, birziklatu" eta antzeko oihuak egin zituzten, adar hotsa eta musika lagun zituztela Kale Nagusian barrena joan zirenean. Pankarta zeramatenen albo banatan heriotzaren mozorroa zeramaten lagun bana jarri ziren, eta partaideetako askok birziklatzearen aldeko banderak, erraustegiaren aurkakoak edota buzoak zeramatzaten. 

Usadioari, traizio; sormenari, leial

Udaberriko Bertso Saioa urtaroko tradizioetako bat bilakatu da Lasarte-Orian. Pandemiak bertan behera utzitakoa eta beste urtaro batean egin zena salbu, Ttakun Kultur Elkarteak antolatutako ikuskizuna galdu ezin duten hitzordua da askorentzat. Gai jartzaile aritu zen Bea Egizabalek protagonismoaren zati bat partekatu zuen bai Ane Labaka, Onintza Enbeita eta Andoni Egaña bertsolariekin bai emanalditxoa egin zuten sortzaile gazteekin. Nahiz eta Tradizioari traizio izenburua aukeratu, ohi bezala, kultur etxera bertaratutakoek espero zutena eta gehiago ekarri zuen saioak.

Sudur gorriak amets bat zuela aitortu zuen iazkoan: gai jartzaile izatea. Nahia betetzeko, ordea, oztopo –aurkezle– ugari izan zituen; aurten, berriz, arantzatxoa kendu zuen nahi beste gai jarrita. Hori bai, bere estilora: behin bertsolariei azaldu (edo), beste behin, publikoari, entzun ez balute bezala. Giro bikaina izan zen nagusi aurtengo oholtza gaineko saioan ere; hala suma zitekeen bertaratu ziren ikus-entzuleengan. 

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko ikasleek eta Atsobakar zaharren egoitzako egoiliarrek belaunaldi arteko programa batean parte hartu zuten

Gazte eta zahar lasarteoriatarren arteko harremanak sustatzeko asmoz jarri zuten martxan, ikasturte honetan, belaunaldi arteko programa. Sasoeta ikastetxea da horren arduradun, eta Atsobakar zaharren egoitzarekin aritu ziren elkarlanean. 

Astean bitan elkartu dira ikasleak egoiliarrekin; behin egoitzako eguneko zentroko erabiltzaileekin eta beste behin, zahar egoitzakoekin. "Oso esperientzia polita" izan dela nabarmendu zuen Saioa Altzaga Gibajak; ikastetxeko aholkularia da, eta egitasmoaren koordinatzailea ere bai. 

Michelin Lasarte lantegiko enpresa batzordeak lau greba egun iragarri zituen

Enpresa batzordea hitzarmen kolektiboa negoziatzen aritu zen eta iragarri zuen bertan ordezkaritza duten atal sindikalek (LAB, ELA, UGT, CSI eta CCOO) hiru puntuko akordio bat lortu zutela. Besteak beste, mobilizazio egutegi bat prestatu zuten.

Michelin Lasarteko Enpresa Batzordeak erdietsi zuen akordioak hiru puntu jasotzen zituen. Lehenengoa, talde eragile horretan adostutako plataforma bateratua defendatzea hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaian, gai hauei dagokienez: soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea; galdutako erosahalmena berreskuratze aldera, ordainsariak igotzea; sarrera soldata aldatzea batzordean jasotako baldintzen arabera; eta talde horrek hileroko ordainketa sistemari buruz jasotakoari erreparatzea, batez ere, hasierako gutxieneko soldatari dagokionean. Bigarrenez, adierazi zuten akordioak langileek berretsiko zituztela erreferendum lotesle baten bidez, eta, azkenik, mobilizazio egutegi bat osatu eta adosteko konpromisoa hartu zutela.

Teoriatik praktikara jauzi egin zuten XV. Udaltopen 

Iaz bezala, 16 urte arteko nerabeengan fokua jarri zuten aditu eta arituek udaletako Euskara zerbitzuen topaketan, kultur etxean. Lasarte-Oriako Udalak iragarri zuen liburu bat ondu zuela Miren Artetxe ikerlariekin batera: 'Euskara eta gazteak, 30 urte eta gero zer?.

Bat, bi, hiru... Eskolaz kanpokoa euskaratik eta euskaraz lemapean aurrera eraman zituzten XV. Udaltop topaketak, Manuel Lekuona Kultur Etxean. 160 pertsona inguruk jarraitu zituzten saioak aurrez aurre, eta gainerakoak, sarean. 

Jakitea elkarteko zazpi sukaldariren afari bikaina dastatu zuten, herritarrek, Intza Pilota Elkartean 

Intza Kilota Elkarteak Jakitea elkarteko sukaldari trebe ugari gonbidatu zituen Sagardotegi kaleko egoitzara. Afari berezi bat prestatu zuten horiek guztiek, Pilota sailarentzat dirua biltzeko helburuarekin. Hitzordu horren lekuko izan zen TXINTXARRI.

Sei sukaldarik, gozogile batek eta koktel egile batek parte hartu zuten, hauek hain zuzen: Avenida Tabernako Yon Mikel Rodriguez; Herriko Etxeako Javi Penas; Abend Kafe Antzokiko Ion Pagola; Patricio tabernako Yon Pavon; Aldanondo erretegiko Mikel Mayan; Tripontzi Tabernako Igor Muñoa; Aratz Erretegiko Xabier Zabaleta eta Rafa Gorrotxategi gozogilea. Jaki bikainak prestatu zituzten denek ala denek. 

GIB birusarekin nola bizi erakutsi zuten

Txalo Produkzioak taldeak Kanpora sartzen antzezlanaren emanaldia egin zuen Manuel Lekuona Kultur Etxean. Herritar askoren jakin mina piztu zuen obrak (sarrera guztiak saldu zituzten). Xabin Fernandez du protagonista, bai oholtza gainean bai istorioan. Izan ere, duela hamarkada bat seropositiboa zela jakitean bere bizitza nola aldatu zen azaltzen baitu antzezlanak. GIB birusa gorpuzteko ardura Intza Alkain herritarrak du, eta gaiak pentsaraz dezakeenaren kontra, komediatik kontatutako pasadizoz osatuta dago. 

Aipatu antzezlanean ez ezik, beste proiektu batzuetan lanean aritu da Alkain. Formol Laborategia konpainiako hiru kideetako bat da: besteak beste, Album obra arrakastatsuarekin ibili dira, antzokiz antzoki, urte honetan ere. Obra horrek, ordea, amaiera izan du aurten, eta agurtzeko, Nire Bizitzarekin Ez Dakit Zer Egin Fest jaialdia aurrera eraman zuten, Errenterian.

Delituak egin izana onartu zuen

Nikaraguako Somoto herrira bideratutako dirulaguntzetako dirua bidegabeki erabiltzea eta horrekin prebarikatzea aitortu zuen Lasarte-Oriako alkate ohi Ana Urchueguiak. Akordioa egin zuen Fiskaltzarekin eta bi akusazioekin, kartzela zigorra saihesteko.

Eguzkiko infantilak, txapelketaren bila

Eguzki Areto Futbol taldeko infantil taldeak Gipuzkoako txapelketako finalerdirako txartela eskuratu zuen. Lauburu Ibarraren aurka jokatu zuen bigarren faseko azken jardunaldia. Lehen zatian zailtasunak izan arren, etxeko taldeak 5-1 irabazi zuen.

Igerilariek, dominak eta gutxieneko marka

Buruntzaldea IKTko igerilariak ederki jardun ziren hitzordu ezberdinetan. Garazi Etxeberria Gipuzkoako Selekzioarekin izan zen 30eme Nautiques de Tarbes lehiaketan parte hartzen, Frantzian, eta, bakarka zein erreleboetan, bost domina eskuratu zituen Gipuzkoako Selekzioarekin. Taldeko alebin eta benjaminek, aldiz, euren ligetako azken jardunaldiei aurre egin zieten Hernanin. Domina eta marka ugari poltsikoratu zituzten; gutxieneko marka berriak lortu zituzten. 

Erromeria giroak berotu zuen Azkorte

Ttakun Kultur Elkarteak Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean antolatuta, urteroko ekimena egin zuten. Eguraldi iragarpena ez zen ona eta haize fina bazebilen ere, elizkizuna hasi aurretik oinez edota autobusean, jende mordoxka bertaratu zen ermita ingurura. Tontorrera bidean jarraitu, atseden hartu edo meza entzutea izan zuten aukeran.

Hipodromo etorbideko jabetzak lehiaketa bidez besterentzeko asmoaz

Ohar baten bidez Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi zuen lehiaketa publiko bidez besterenduko zituela Hipodromo etorbideko 5. eta 7. zenbakietako 39na etxebizitza eta garaje nahiz lau lokal. Azaldu zuen horren helburua zela "kiroldegi berria eraikitzeko baliabide ekonomikoak" lortzea. "Gutxienez" 12.706.789 euro jasoko zituela kalkulatu zuen erakundeak, obraren 19.439.551 euroak finantzaketa "bideragarri" izatea ahalbidetuko zuela horrek, "beste diru sarrera batzuekin batera".

Jalgi, martxan berriz ere

Jalgi kafe antzokiak ateak berrireki zituen. Ana Sarasolak gidatutako langile taldea jo eta su aritu zen lanean hasi eta buka, tabernara bertaratu zen bezero andanari pintxoak eta edariak zerbitzatzen. Hori izan zen barruko giroa, goxoa; kanpokoa, berriz, alaia, Idoia Rekondo eta Lierni Arozena trikitilarien eskutik. Jan-edana eskuetan, asko izan ziren Sara Etxeberria artista herritarrak margotutako murala txundituta ikusi zutenak. 

LOKE elkarteko gimnastek lan bikaina egin zuten Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan 

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) eskolarteko mailako gimnastek hitzordu garrantzitsua izan zuten: Gipuzkoako txapelketa. Infantil mailako kideak goizean eta alebinak arratsaldean lehiatu ziren Bergarako Labegaraieta kiroldegian. Alebin C mailako Landaberri 1 taldea eta Laia Suberbiola-Aiala Jimenez bikotea podiumeko gorenean izan ziren.

Kanpaina amaierako ekitaldiak aurrera eraman zituzten Lasarte-Oriako alderdi politikoek

Lasarte-Oriako EH Bilduk mitina egin zuen. Bertan bildu ziren datozen bozetarako zerrendakideak, horien artean Esti Garmendia Arrieta alkategaia. Berarekin egon zen baita ere Arkaitz Rodriguez Torres, Sortuko idazkari nagusi eta EH Bilduko parlamentaria. 

EAJkoek, berriz, herria erakutsi zioten Eider Mendozari. Gure herriko kale eta txokoak ezagutzeaz gain, lasarteoriatarren iradokizun eta ideiak lehen eskutik jaso zituen, Lasarte-Oriako taldeko zerrendaburu Jon Antxordoki eta gainerako kideak lagun zituela. 

Lasarte-Oriako gaur egungo alkate Agustin Valdiviari babesa ematera etorri zen Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko PSE-EEren hautagai Jose Ignacio Asensio; Hauteskunde programa portalez portal banatzen lagundu zien Asensiok Lasarte-Oriako PSE-EEko kideei.

Imanol Lizardiren heriotzaren berri eman zuen TXINTXARRI-k, eta hari agur hitzak eskaini zizkioten hainbat herritarrek 

Euskara eta kultur arloko erreferenteetako bat galdu zuen Lasarte-Oriak: Imanol Lizardi hil zen, 65 urterekin, eritasun larri baten ondorioz. Earra! bertso eskolaren nahiz Ttakun Kultur Elkartearen sortzaileetako bat izan zen eta Olentzerori zein Mari Domingiri harrera egiteko taldeko kideetako bat. Euskara irakasle ofizioz, horren maite zuen hizkuntzaren bueltan ibili zen beti: irakasten, erakusten eta ikusarazten.

Lasarteko auto zirkuituaren 100. urteurrena ospatzeko kanpaina erakargarria iragarri zuen Aterpeak

Lasarte-Oriako auto zirkuituak 100 urte beteko ditu aurten, eta urteurren hori ospatzeko, Aterpea merkatarien elkarteak jarduera erakargarri bat prestatu zuen bezeroentzat. Ramon Ormazabal eta Ana Laureanok hitz egin zuten Aterpearen izenean, eta aurrera eramango zuten kanpaina berriaren nondik norakoak azaldu zituzten. 

Argantzun herrian izan zen Xumela korua, bertako ikastolak antolatutako jaialdian parte hartzen

Argantzun ikastolak antolatutako Trebiñu Kantuz jaialdian parte hartu zuen Xumela koruak, Hondarribiako Olagarro eta Zarauzko Montetxio taldeekin batera. Egunpasa ederra egin zuten: Trebiñu konderria (Burgos, Gaztela Leon) koloreztatu zuten Porrotx pailazoarekin batera; ikastola horretako ikasleen azalpenak entzun zituzten, egunerokoan euskaraz ikasi eta bizitzeko oztopoei buruzkoak; eta Argantzungo elizan kontzertua eman zuten hiru abesbatzek. Horren ostean, gogotik dantzatu zuten guztiek elkarrekin. Lasarte-Oriatik autobus bete joan zen.

Eguzki Areto Futbola klubeko infantilak Euskadiko txapeldun izan eta Espainiakora sailkatu ziren

Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko infantil mailako talderik onenak bildu ziren, Zumarragan Euskadiko Jokoetako azken fasea jokatzeko. Arabatik Ibaialde Salburua, Bizkaitik Sestao AF eta Gipuzkoako ordezkaria Lasarte-Oriako Eguzki taldea izan zen. Hiruko bat jokatu zuten eta Gorka Redondok zuzentzen duen taldeak jaso zuen garaikurra.

Herriaren aniztasuna, datutan

Saretzen egitasmoaren bidez, datu kazetaritza jorratu zuten EITB eta Tokikom tokiko hedabideen sareak. Bigarren atalean Hego Euskal Herriko immigrazioa aztertu zuten, jatorriko herrialdeetan fokua jarrita. TXINTXARRI-k Lasarte-Oriara ekarri zuen gaia, erreportaje honekin.

Jubenilek Gipuzkoako txapela berretsi zuten

Pio Baroja kiroldegian, Donostian jokatu zen boleiboleko jubenil mailako Gipuzkoako txapelketa, maiatzaren 27an. Giro ederra izan zen harmailetan, Ostadarren zein Bera Bera taldeko zaletuek ederki bultzatu zituzten euren jokalariak. Urdin-beltzek neurketa gogorra espero bazuten ere, Ostadarreko jubenilek nagusitasunez.

Herriko atletek zortzi domina jantzi zituzten

Herriko atletek bi hitzordu izan zituzten maiatzeko azken asteburuan. Gaztetxoak Euskadiko Eskolarteko Kirol Jokoetan lehiatu ziren; absolutu mailako kirolariek Gipuzkoako txapelketari egin zioten aurre. Bietan podiumean izan ziren. 

Alkategaiei elkarrizketak

Udal korporazioan ordezkaritza zuten lau alderdietako alkategaiak elkarrizketatu zituen TXINTXARRI-k. Alkategai bakoitzari hauteskundeei begirako elkarrizketak egiteaz gain, hilaren 28an ospatu ziren hauteskundeen berri ere eman zuen aldizkariak. Alderdi sozialista izan zen bozkatuena, ordezkari bat galdu arren. Bigarren indarrak, EH Bilduk bosgarren aulkia lortu zuen. EAJk  hiru zinegotzi lortu zituen, eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek eta PPk, bana.