Koalizioan gobernatzea adostu zuten PSE-EEk eta EAJk
Sozialistek eta jeltzaleek euren boto propioak baliatu zituzten gobernagarritasun ituna aurrera ateratzeko; datozen lau urteetan 183 proposamen gauzatzea xede. PSE-EEk zazpi batzorde –Hirigintza, Sozioekonomia eta Hezkuntza, Zerbitzu publikoak, Parte hartzea, Ogasuna, Gizarte zerbitzuak eta Jaiak–eta EAJk hiru –Euskara, Kultura eta Kirolak–. EH Bilduk kritikatu egin zuen akordioa: "Dedikazioa eta antolaketa garestiago ordainduko dituzte herritarrek".
PSE-EE bozkatuena, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan
Normaltasunez eta apenas jende pilaketarik gabe bozkatu zuten lasarteoriatarrek uztailaren 23an Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan. 14.671 herritar deituta zeuden botoa ematera, eta horietako 9.491k (%64,69) parte hartu zuten, egunean bertan hauteslekuetara joanda edo aurreko egunetan posta bidezkoa botoa baliatuta. PSE-EE izan zen beste behin alderdi bozkatuena, 3.437 boto eskuratuta (%36,45), bigarren postuan EH Bilduk aurre hartu zion EAJ-PNVri, udal hauteskundeetako joera berretsiz. 2.155 boto eskuratu zituzten, jeltzaleek, berriz, 1.304. Elkarrekin Podemosen ondorengotzat har daitekeen Sumar-ek 1.103 boto lortu zituen, PPk, 973 eta Voxek 293. Alderdi nagusiez gain, 113 herritarrek beste aukera batzuen alde egin zuten, eta halaber, 49 boto zuri eta 64 baliogabe ere zenbatu zituzten.
Hondakin organiko gehiago, kanpainaren ondorioz
Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi zuen maiatzean 73.270 kilo hondakin organikoaren zatiki jaso zituela, iazko hilabete berean baino %60 gehiago (45.790 kilo). "Nabarmen" hobetu zen hondakin organikoen zatikiaren gaikako bilketa, Lasarte-Oriako Udalaren hitzetan. Hala ere, zehaztu zuten birziklatze tasa 7,5 puntu baino ez zela igo eta sortutako zabor guztiaren %51,5. Birziklatzeari buruzko kanpaina balioan jarri zuen udalak eta eskerrak eman zizkien egunero hondakin guztiak "behar bezala" bereizten dituzten herritar eta establezimenduei. Maiatzeko datuak onak izanagatik, kanpainaren sustatzaileek nabarmendu dute "gehiago" nahi dutela. "Hondakin organikoak sortzen ditugun guztien %40 dira, eta horien herena baino ez ditugu bereizita biltzen. Hobetzeko asko dugu".
Eguzki Talde Ekologistak gaitzetsi egin zuen udalak birziklatze tasa igoera horren aurrean erakutsitako "harrokeria eta euforia", eragilearen ustez, ez baitzegoen "inolaz justifikatua".
Sute bat gertatu zen Zubietako erraustegian
GuraSOS elkarteak salatu zuenez, hilaren 4an sute bat izan zen Zubietako erraustegian, bolumen handiko hondakinen hobian. GHK kontsortzioaren arabera, 07:45ean piztu eta 10:00etarako kontrolatuta zuten. Gertatutakoaren aurrean, elkarte horrek eskatu du esateko zein izan den erre zen materiala eta zein sustantzia "arriskutsu" igorri zituen airera.
Sorgin Jaiak "nazkatuta" dago urtero erasoak salatu behar izateaz
Sorgin Jaiak-eko kideek, ohar bidez, salatu zuten aurtengo festetan ere erasoak pairatu zituztela. Horrekin batera, nabarmendu zuten "kokoteraino" daudela kalean beldurra pasa eta festak eta parrandak nahi dituzten moduan ez gozatzeaz; horren aurrean, irmo adierazi zuten erratzak eskuan hartuta "gorputzak, plazerak, ahotsak eta elkar zaintza erdigunean jarriko dituen bizimodu baten alde" borrokatzen jarraituko dutela, "elkarren artean saretzea ahalbidetuko duten espazio seguruak sortuz".
Urriko baterajotzearen aurkezpena egin zuen Asunak Taldeak
Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea aurkeztu zuen herritar talde batek Okendo plazan egindako ekitaldian. Urriaren 13tik 15era Usurbilen aurrera eraman beharreko topaketan zaintzaren auzia eztabaidatzea erabaki zuten, gaiaz badutelako zer esan. Bizitza eta kapitalaren arteko talka areagotu egin dela ikusten dutela azalduz hasi zuten hitzartzea, eta nabarmendu, "prekaritatean murgildurik eta lanerako" bizi direla. Horrekin batera, ohartarazi zuten gero eta gehiago direla gertatzen diren eraso arrazista, klasista eta matxistak. Hala, euren kontra "egunero erreproduzitzen den sistema distopikoa" ez dute erreproduzituko. "Orain da antolatzeko unea, iraultza feministara batzekoa, erresistentzia egitekoa".
Gotzon Huegunen 'Arbasoak' erakusketa, zabalik
Eskultore lasarteoriatarrak zuraz egindako hamasei artelanez osatutako erakusketa ondu zuen. Gizakiak naturarekin duen loturaren erakusle diren eskulturak, muralak eta likenak ikus ditzakete bisitariek. Hamar urteko "esperimentazio lanaren" emaitza da.
Estudioko bigarren lana kaleratu zuen Kinada taldeak
Estimuluekin egin beharreko bidaia proposatu zuten lehen lanean, eta norberak bere barrura egin beharreko ariketa bat da oraingoa. Kinada laukote lasateoriatarrak Etsaiarekin dantzan bigarren estudioko lana kaleratu zuen, ordu erdi baino zertxobait azkarrago eta abiada bizian entzuteko zortzi abestiz osatutako diskoa.
Udako Txokoak eta Kanpaldiak, haurren gozamen
Ttakun Kultur Elkarteak antolatzen dituen udako txoko eta kanpaldiei esker, euskara ardatz hartuta, aisialdi eskaintza paregabeaz gozatu zuten herriko haurrek. Programa batean zein bestean parte hartu zuten gaztetxoak milaka abentura bizi zituzten begiraleekin batera: Txokoetako kideek, adibidez, Iruñeko festa handiak, sanferminak ospatu edo zirkuan girotutako desfile koloretsu bat egin zuten. Kanpaldietakoek, berriz, Euskal Herriko zenbait txoko ezagutu zituzten: Albeniz, Atxondo, Donemiliaga eta Loiola.
Haur sahararrei harrera egin zieten udaletxean
Uda sasoia Lasarte-Orian pasatu zuten hiru gaztetxok, Hassana, Abdi eta Jalil-ek; Lasarte-Oriako udal ordezkariek, PPkoak izan ezik, harrera egin zieten udako bi hilabete Euskal Herrian igaroko zituzten haur sahararrei. Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko ordezkari Tomas Arruti ere bertan izan zen.
Lasarte-Oria eta Soria, musikaren bidez elkartuta
Alboka eta Coral de Soria abesbatzek hamalau kantako errepertorioa eskaini zieten kapera bete zuten herritarrei ordubete inguruko saioan. Lehenik, herriko korua aritu zen, bisitariei lekukoa eman aurretik. Bederatzi kanta abestu zituzten, elkarren artean bestelakoak, besteak beste, Afrikako eta Samoakoak, dantzarako ere eman zieten erritmoekin. Euskaraz, berriz, Kaiku, euren abesti zerrendako azkena, eta Albokakoekin batera abestu zuten Izar ederrak. Saioaren azkena, Tourdion izan zen. Bisita eta harrera eskertzeko lore sorta bana eman zieten bi zuzendariei (Montse Latorre eta Marta Lopez), eta, Soriako lagunek, oroigarri bat bertakoei.
Antonio Oliden arraunlari eta patroia hil zen
Antonio Oliden Tolosa Konpaxa arraunlari, patroi eta entrenatzailea uztailaren 6an hil zen, 97 urte zituela. Orion jaioa eta lasarteoriatartzat hartua, Olidenek 11 Kontxako Bandera eta lau Espainiako Traineru Txapelketa irabazi zituen lau hamarkadako ibilbidean. Herriko traineruak 1973an lehen Kontxako bandera irabazi zuen Oliden arraunlari zela, eta 1979an bigarrena, patroi. 2020. urtean, Lasarte-Oriako Udalak eta Michelin enpresak "zor zitzaion" omenaldia egin zioten.
Karmengo Jaiak ospatu zituzten
Urtero moduan, Oria auzoko kaleak festa giroz bete ziren Karmengo Amaren egunean. Adin guztietako bizilagunei begirako askotariko jolas eta jarduerak egin zituzten goiz partean kapera inguruan, eta arratsaldean, Brunet Eneako lorategian.
Txakurren eta jabeen arteko harremana indartzeko txapelketa egin zuten
Xuhakan Txakur Elkarteak antolatutako IV. Erabilgarritasunezko Kirol Mendetasun (EKM) lehiaketa aurrera eraman zuten uztaileko bigarren asteburuan. Antolatzaileak "oso pozik" zeuden Apaor kaleko zirkuituan gertatutakoarekin. "Une batzuetan beroak estutu bagaitu ere, lehiakide guztiak giro ederrean aritu eta lan bikaina egin dute", adierazi zuen elkarteko lehendakari Juan Mari Encinasek. 30 bikote inguruk parte hartu zuten txapelketaren laugarren aldian, lau kategoriatan banatuta. Lasarte-Oriako partaideak ez ezik, Bartzelona, Madril, Valladolid eta beste hainbat tokitakoak ere aritu ziren. EKM diziplinaren helburua ez da animaliak jabeari men egitea bakarrik, baizik eta bien arteko lotura sendotzea ariketak eginez.
Atari digitaleko trafikoa, inoiz baino handiagoa
2017an hasita, TXINTXARRI aldizkariaren webguneko datuak neurtzen ditugunetik, inoiz baino bisita, erabiltzaile eta saio gehiago izan ditu atari digitalak 2022-2023 ikasturtean. Ikasturtero bezala, hamar eduki ikusienak zeintzuk izan ziren aztertu genuen, eta, datuen arabera, ikustaldi gehien izan zituena Lasarte-Oriako Udalak eta herriko zenbait eragilek sanpedroetarako elkarlanean prestatu zuten egitarauari buruzko notizia izan zen; guztira, 2.011. Zerrenda horretako hirugarren eta laugarren informazio piezak ere jai horiei buruzkoak izan ziren, 90. hamarkadako festen argazki galeria bilduma (1.052 bisita) eta kontzertu nagusien iragarpena (943). Bestalde, Euskararen 10. Maratoialdiko Sentitu fasearen egitaraua (1.464) eta 42 egun iraun zituen ariketaren lehen urrats horren amaierako kronika (741) bigarren eta zortzigarren irakurrienak izan ziren, hurrenez hurren.
Santa Ana pintxoa eta azoka, ospatzen hasteko
Santa Ana egunerako motorrak berotze aldera, hiru egun lehenagorako plan polita proposatu zuen Lasarte-Oriako Udalak, zenbait eragilerekin elkarlanean: 38. artisau azoka eta Santa Anako pintxo ibilbidea. Urtero bezala, Aterpea merkatarien elkarteak udalarekin lankidetzan antolatu zuen mokadu goxoen ekimena eta Buenetxea, Hiru Aldeta, Plan B, Anima eta Herriko Etxea tabernek nahiz jatetxeek parte hartu zuten. Okendo plaza bete zuen azokan, berriz, elikagaiak eta produktuak erosteko aukera izan zuten herritarrek, denak artisauak. Guztira, 22 postu izan ziren, eta horiekin batera, aisialdiko tailerretan landutakoa ikusteko aukera ere izan zuten bertaratutakoek, eta tailerretan aritzekoa, haurrek.
Kultur Kale Zikloa, toki eta formatu berriekin
Kultur Kale Zikloak itxi zuen hilabete eta 2022-2023 kurtsoko kultur agenda. Xpressionk kultur elkarteko kide Jokin Telleriak, Agustin Valdivia alkateak eta udaleko kultura teknikari Jon Martinek eman zuten xehetasunen berri. Aurreko urteetan ez bezala, eskaintza musikala beste toki batean egin zuten, Tximistarreta parkean, formatua aldatuta: hiru taldek, Grezian, Iluna eta Luca Grassi & Groove Band, egun bakarrean jota. Eguraldi txarraren ondorioz, bertan behera utzi zuten jaialdia lehen kontzertua hasi berri zela.
Saninazioak Basaundin, hilabetea ixteko
Gipuzkoako zaindariaren omenezko jaiak ospatu zituzten Basaundin uztailaren 30ean eta 31n. Horretarako, egitarau oparoa prestatu zuen La Esperanza auzo elkarteak, herriko beste zenbait eragilerekin elkarlanean. Txalapartarien doinuekin hasi eta iluntzera arte makina bat ekimen gehiago etorri ziren atzetik: paella jana, mus txapelketa, haurrentzako jarduerak (apar festa eta ur jolasak), karaokea, Oaintxe in deu! txarangaren emanaldia eta Ibai Berriak taldearen kontzertua. Zaindariaren egunean ere ez zuten aspertzeko aukerarik izan herritarrek eta ederki pasa zuten: martxa erregulatua, txistularien diana, meza, buruhandiak, aldibereko xake partidak, patata tortilla txapelketa eta DJ Naken-en saioa.
Lasarte-Oria Trailek lehen mendi lasterketa antolatu zuen
Mendi lasterketan 138 parte hartzaile izan ziren lehian. Jon Presa eta Irati Urruzola izan ziren lehen herritarrak, Ibai Makazaga izan zen azkarrena eta sari nagusiaz gain, Buruntza mendiko saria ere eskuratu zuen. Ibilbideak 14 kilometro eta 800 metroko desnibel positiboa du. Okendo plazatik abiatu eta Sasoetatik gora, Plazaolako bidea hartu zuten korrikalariek Buruntzara bidean. Gaina egin ondoren, Askatasuna parkean amaitu zen lasterketa.
Ander Goenaga surflaria Europako txapelduna da
Lau urteko etenaren ondoren Europako parasurf txapelketa jokatu zuten Valdoviñon, Galizian. Europako surflari onenak bildu ziren A Frouxeira hondartzan eta Ostadar Inklusioa taldeko Ander Goenaga kidea Prone 2 mailan nagusitu zen, bai bakarka bai Espainiako selekzioarekin.
Ostadarreko B16 taldea Donosti Cupen garaile izan zen
Europa League faseko finalera iritsi eta irabazi egin zuen talde urdin-beltzak. Ekintza 3-1 garaitu ostean, garaikurra altxa zuten gazteek. Herriko gainerako ordezkariak ederki lehiatu arren, kanporaketa maila ezberdinetan lehiaketa utzi behar izan zuten.
Maialen Chourrautek ezin, Europako Jokoetan
Ekainaren 29tik uztailaren 2ra, Europako Jokoak lehiatu zituzten Krakovian. Piraguismoko proban, Maialen Chourraut herritarra izan zen borrokan. Lasarteoriatarrak eslalom modalitateko K1 mailan zein kayak krosean egin zuen arraun, Kolna kanalean. Sailkapeneko probak gainditu arren, ez batean ez bestean ez zen finalera sailkatu.
Naroa Furundarena, bosgarren
Ostadar Atletismo saileko Naroa Furundarena Erkidegoen arteko Espainiako txapelketan lehiatu zen uztailaren 15ean, Iruñean. Herritarrak Euskadiko selekzioarekin parte hartu zuen luzera jauziko proban. Atleta gazteak 12,50 metroko jauziarekin bosgarren postuan amaitu zuen lehiaketa. Euskadi zazpigarren izan zen.
Santa Anako txapela, San Miguel eta Arrutirentzat
40. Santa Ana Pala txapelketako garaileak erabaki ziren uztailaren 26an Loidibarren frontoian. Final borrokatu batean, Julen San Miguel-Asier Arruti bikoteak Jon Pello Artetxe eta Xabier Arteaga garaitu zituzten, 24-30. 3. postua eskuratzeko lehia ere estua izan zen; Julen Urruzola eta Eneko Sarasola Tomas Pagoaga-Martin Zelaia bikoteari gailendu zitzaion, 28-30.
Akusatuak, beste behin, sutara
Santa Ana eguna berezia da lasarteoriatarrentzat. Meza eta Santa Ana karkaban Erketz EDTko kideen dantzaldia dira goizeko ekimenak, hitzordu nagusia, hala ere, gaueko parodia da. Kantuan eta dantzan heldu ziren Okendora partaideak, Edermira Etxefranko Enkantenazkante eta Bitcoin Letragutxi Ziberxolomo akusatuak epaitzeko. Une batzuetan libratuko zirela zirudien arren, sutara kondenatu eta garretan erre zituzten.