2023ari errepasoa: ekaina

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 07:04

2023ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, urteak eman duenaren errepasoa. Hementxe ekaineko albisteen hautaketa. 

Genero ikuspegia oinarri duen Botere Judizial baten alde lanean

Ikergazte euskarazko ikertzaile gazteen kongresuaren bosgarren aldiaren sari banaketa egin zuten Donostian. Bost jakintza alorretako komunikazio onenak saritu zituzten, eta horien artean, Gizarte Zientziak eta Zuzenbidea atalean, lasarteoriatar bat izan zen sariduna: Sara Arruti Benito.

EHUko Zuzenbide Prozesaleko doktoregaia da Sara Arruti Benito herritarra. Genero ikuspegia aintzat hartzen duen Botere Judizial baterantz: bere integrazioa antolakuntza judizial eta jurisdikzio funtzioan tesia lantzen ari da. 

Kirolariak hizlari bihurtu zituen Ostadar SKTk

Ostadar SKTren koloreak soinean eraman dituzten hamar kirolari nabarmen gonbidatu zituen kirol elkarteak, ez entrenatu edo konpetitzeko, mikrofonoa hartu eta euren bizipenak kontatzeko baizik. Iraia Iparragirre, Itxaso Garcia eta Ander Bardaji futbolariak; Alex Saleta eta Jon Ibisate errugbi jokalari eta epailea, hurrenez hurren; Naroa Furundarena atleta; Aitor Manso pilotua; Asier Sagasti judoka; Axier Arteaga pilotaria; eta Ander Goenaga surflaria izan ziren hizlariak. Klubak bere 40. urteurrena ospatzeko egin zuen hitzaldietako bat izan zen. 

'Traganarru' lana argitaratu zuen Rukula musika taldeak

Rukula taldeko Oihan Agirretxe bateria jotzailearekin elkartu zen TXINTXARRI aldizkaria maiatzean argitaratu zuten Traganarru azken lanaz hitz egiteko. Elkarrizketa horretan kontatu zuen, besteak beste, diskoa kaleratu eta berehala eman zituztela zenbait kontzertu batzuk, eta "oso esperientzia polita" izan zela. Ziburun, Madrilen, Arrasaten eta Usurbilen izan zirela horiek. Eta leku emanaldiak leku horietan egitearen arrazoia ere azaldu zuen: "Lehen emanaldiak kanpoan egitea erabaki genuen arrazoi hauengatik: taldekide berri bat dugulako, Josu Furundarena, eta talde giroa sortu nahi genuelako; ezagutzen ez dugun jendearen iritziak ere entzun nahi genituelako". 

Hitzarmen duin baten alde

Michelingo enpresa batzordeak deituta, lanpostuak utzi eta kalera atera ziren Michelin Lasarte lantegiko beharginak ekainaren 5ean, lantoki osoan greba eginda, enpresa zuzentzen dutenei mezu garbi bat bidali zieten; hitzarmen kolektibo "duin" bat nahi zutela, langileen soldatak inflazioarekin lotuko zituena eta erosahalmena ez galtzea bermatuko ziena. Sindikatuek jakinarazi zutenez, ekoizpenean "erabateko jarraipena" izan zuen lanuzteak (Gasteizko fabrikan, %93koa), eta gainerako alorretan "oso handia"; arduradun batzuk lanera joan ziren. Komiteak iragarri zituen protesta ekintzen lehen sortako garrantzitsuena izan zen hori, baina ez bakarra, hilaren 2tik 4ra sektorekako beste zenbait greba egin zituztelako, "arrakastatsuak" horiek ere.

Ingurumena zaintzeko konpromiso eta eskaerak egin zizkieten udal gobernu taldeari

Lasarte-Oriako udalbatzar aretoan izan ziren herriko ikastetxeetako ikasleak. Ingurumen Hezkuntza Programan landutakoak aurkeztu zizkieten udal ordezkariei. Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo, Zerbitzu Publikoetako arduradun David Mateos, Hezkuntza batzordeburu Maite Iglesiasek eta Partehartze saileko arduradun Nagore Duran izan ziren gaztetxoekin. Agustin Valdivia alkateak ezin izan zuen bertan egon. Herriko bi ikastetxeetako (Landaberri eta Sasoeta) ia 400 ikasleek hartu zuten arestian aipatutako programan, eta askotariko gaiak landu zituzten. LH4. mailakoek hondakinen azterketa egin zuten. LH5ekoek, berriz, landaretza landu zuten, eta LH6. mailakoek, azkenik, ura.

Lasartearra elkartearen 50. urteurreneko ospakizunak

Bost hamarkada betetzea ez da makala eta hori ospatze aldera, egitarau oparoa prestatu eta aurkeztu zuen Lasartearra elkarteak. Futbol partida batekin eman zieten hasiera ospakizunei; Texasek eta Ostadarrek jokatu zuten norgehiagoka hori; ondoren, hitzaldi bat egin zuten herriko jokalari eta entrenatzaile profesionalek. Horien atzetik etorri ziren gainerako ekimenak ere. 

Ikasturtean landutakoa erakutsi zuten Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako ikasleek

Ikasturteko aste onenari ekainaren 5ean ekin zioten ikasle eta irakasleek, erdigunean barrena desfile koloretsu bat eginda. Kultur etxe paretik abiatu, zenbait kale zeharkatu eta Okendo plazan amaitu zuten. Hurrengo hiru egunetan makina bat antzezlan oholtzaratu zituzten ikasle gazteenek, parean zituzten lagun, guraso eta bestelako senideen gozamenerako. 

Adin guztientzako jarduerak egin zituzten Zabaletako jaietan

Urtero legez, aurtengo ekainean ere ederki gozatu zuten Zabaletako bizilagunek euren auzoko jaiez. Teresa Sorgiñari ongi etorri eman, eta askotariko ekimen eta jardueratan parte hartu zuten. Festen aurrekari gisa, eta itxaronaldia dibertigarriago egiteko, haurrentzako jarduerak egin zituzten; I. Pala Txapelketari hasiera eman zioten. Behin sorgiña auzoratuta, asko izan ziren aurrera eramandako ekimenak, hala nola, omenaldiak, buruhandien irteerak, musika emanaldiak, patata tortilla lehiaketa eta hutsik egiten ez duen proba mistoa. 

Horren berri eman genuen albistean argitaratu genuen baita ere auzoko jaietan gertatutako eraso homofoboa salatzeko egin zuten elkarretaratzea. 

Igerilariak, finalak eta dominak metatzen

Buruntzaldea IKTko zein herriko igerilariek Gipuzkoako Open Sarian parte hartu zuten hilaren 3an eta 4an. Ederki jardun ziren eta marka ugari ondu zituzten. Podiumean ere izan ziren lasarteoriatarrak eta domina batzuk jantzi zituzten.

Bidasoa XXI taldean dauden Ainhoa eta Leire Fernandez ahizpek sari sorta metatu zuten Gipuzkoako txapelketan.

Buruntzaldea IKTko Miren Sarobe, June Lopez, Garazi Etxeberria, Iker Gorostegui, Nahia Zudaire, Unai G. Somovilla eta Izaro Audikana igerilariek ere parte hartu zuten lehiaketan.

Ostadar SKTren urteurrenaren bukaera jendetsua

Urteroko denboraldi amaierako festa egin zuen Ostadar SKTk, Michelin kirol gunean. Talde urdin-beltza murgilduta zebilen bere 40. urteurrenaren ospakizunetan eta data biribil horren oroigarri berezi bat izan nahian, atal eta talde guztietako kideekin bi argazki egin zituzten drone batekin. Ondoren, ohikora bueltatu, eta sari banaketa egin zuten. Kirolari onenaren saria jaso zuen Aitor Anabitarte saskibaloi jokalariak, eta Auzolan saria, Txema Valles kazetariak.

Horren harira, kirol elkarteko lehendakari Imanol Bardaji elkarrizketatu zuen TXINTXARRI-k. 

GurasoLekuren ikasturte amaierako festatxoa

2022-2023 ikasturtean GurasoLeku egitasmoan parte hartu zuten familientzat festa prestatu zuen Ttakun Kultur Elkarteak. Jalgi kafe antzokian bildu ziren 60 familia baino gehiago, eta giro ezin hobean eman zioten amaiera kurtsoari. Ekimen koloretsua osatu zuten denek elkarrekin. 

Berdintasuna nagusi izan zen Lasarteko Sarian

Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan hitzordu ederra izan zen ekainaren 10ean; Lasarteko 32. Saria jokatu zuten. Dominak, oroigarriak, omenaldiak eta batez ere berdintasuna izan ziren nagusi. Izan ere, aurten pertsonen saria izan da kirol jarduera. Ez da inongo bereizketarik egon, neska eta mutilek elkarrekin egin dute lehia eta igeriketa egokitutako kideak ere barne hartu dituzte. Eta sailkapenak egiterakoan FINA eta Multidisability taulak kontuan izan zituzten Buruntzaldea IKTko antolatzaileek. 

Garazi Gomez LOKEko gimnasta eta entrenatzailea elkarrizketatu zuen TXINTXARRI-k

24 urteko jardunaren ostean, lehiatzeari utzi zion denboraldi amaieran Garazi Gomez LOKEko gimnastak, eta aitzakia hori medio, elkarrizketa egin zion TXINTXARRI-k. Bertan iragarri zuen ez zituela puntak alde batera utziko; entrenatzaile lanetan jarraituko zuela jakinarazi zuen. 

San Pedro Jaien atarian, 1632. zenbaki berezia argitaratu genuen

The Noise Makers taldearekin hizketan

The Noise Makers taldeak 80. hamarkadako talde ezagun ugariren abestien bertsioak joko zituela iragarri zuen kideetako batek, Javi Morak. Ekainaren 29an, 00:00etan eman zuten kontzertua, eta hori nolakoa izango zen kontatu zion TXINTXARRI-ri: "Hiruzpalau kantuko segidak egitea gustatzen zaigu, ia arnasteko denborarik hartu gabe", ohartarazi zuen. 

Lasarte-Oriako ereserkia abestiaren koreografia, lehen aldiz

Dimentsio berri batean sartu zen Lasarte-Oriako ereserkia hilaren 28an, ATLO elkarteak urtero antolatzen duen danborrada hasten den unean: doinua eta letra ez ezik, koreografia izan zuen. Maider Oiartzabal Ziganda herritarra izan zen sortzailea. Berarekin elkartu zen TXINTXARRI, estreinatzera zioazenari buruz gehiago jakiteko.

Bi egitarauen xehetasunak 

Alde batetik, Lasarte-Oriako Udalak hainbat eragilerekin batera prestatutako egitaraua aurkeztu genuen. Bertan azaldu genuen bost jai egunetarako erakundeak egindako jardueren eskaintza. 

Bestalde, San Pedro Jaiak baino egun bat lehenago hasi ziren Sorgin Jaiak-en berri ere eman zuen aldizkariak; horiek iragarritako programazioa argitaratu genuen. 

Sorgin Jaietako aintzatespena

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek piztu zuten jaia leherrarazi zuen suziria. "Urte hauetan guztietan zehar Lasarte-Oriako euskalgintza, herrigintza eta irrigintzaren ikur zein eredu izan dira. Haur ginenetik gazte bihurtzeraino gure buru, bihotz eta eskuak martxan jartzeagatik, eskerrik asko", azaldu zuen Sorgin Jaiak-ek.

Ttakun KEren eskaintza

Ohi bezala, euskararen eta euskal kulturaren normalizazioa bultzatu zituen Ttakun Kultur Elkarteak aurtengo San Pedro Jaietan ere, hainbat jarduera antolatuta.

Txupina jaurtitzeaz arduratu zen omenduari elkarrizketa

Txema Valles Viguera El Diario Vasco-ko korrespontsal erretiratua omen zuten sanpedrotan, eta hori hala izaki, berarekin hitz egin zuen TXINTXARRI-k. 40 urtetako kazetari lanak emandakoak kontatu zituen. Horrekin batera, bere gertuko senide, lankide eta lagunen testigantzak ere bildu genituen. 

Duela 25 urteko San Pedro Jaiei begira

Artxibo historikoan arakatu eta 1998ko San Pedro Jaietako argazki bitxi ugari topatu zituen TXINTXARRI-k. Aurtengo festak hasi aurretik, 90. hamarkadako azken urteetako irudiekin argazki galeriak sortu eta www.txintxarri.eus atari digitalera igo zituen. 

Eraso matxisten aurka eragiteko protokoloak 

San Pedro Jaietan gerta zitezkeen eraso matxisten aurkako udal protokoloa aurkeztu zuten Lasarte-Oriako Udalak eta Berdintasun Kontseiluak. Bestalde, Sorgin Jaiak-ek ere bide orri bat prestatu zuen Okendo plazako txosna gunea herritar guztientzat espazio segurua izan zedin. 

San Pedro Jaiek emandakoa bildu genuen jaien osteko zenbakian

Ekainaren 27a: akelarrearen hasiera

Sanpedroak baino egun bat lehenago hasi ziren Sorgin Jaiak. Azken bi hamarkada pasatxotan egin duten lez, aurten ere aisialdi eredu alternatiboaren aldeko aldarria zabaldu zuten, tentuz aukeratutako osagaiekin egindako edabe eta akelarre erraldoi baten bidez.

Kuadrillen jaitsierarekin eman zioten hasiera jardueraz betetako egitarauari, eta horren atzetik etorri ziren gainerakoak: Pirritx, Porrotx eta Marimototsi omenaldia; Kinada eta Ameba musika taldearen kontzertua; eta, DJ Fantasiaren emanaldia. 

Ekainaren 28a: sanpedroen lehen eztanda

Gure Patxintxi berrien eguna eta urte osoko pazientzia etxean uztekoa izan zen; San Pedro Jaien hasiera. 

Haurrak izan ziren protagonista goizean, udaletxe zaharretik jaurtitako txupinazoarekin. Txema Valles Viguerak ere jaso zuen eguneko lehen aitortza; bera arduratu zen udaletxe zaharreko balkoitik etxafuegoa pizteaz. 

Behin festa lehertuta, askotariko ekintzetan parte hartu zuten herritarrek, hala nola, Ttakun KEk antolatutako makarroi janaz. 

Arratsaldean, berriz, pregoia irakurri zuen Vallesek; hitzartzea amaituta, suziria jaurti zuen Okendo plazako udaletxeko balkoitik. Begira zituen ordurako Oria auzotik dantzan etorritako Sorgin Dantzako kideak, besteak beste. Festa lehertzearekin batera, gozatu ahal izan zuten herritarrek txarangen doinuez. 

Bitartean, Sorgin Jaiak-ek bigarren eguneko programazioa aurrera eraman zuen. Mejillon Tigre kolektiboak Hitz esana antzezlanaren emanaldia egin zuen Gaztelekuan. Iluntzean, berriz, sexu askapenaren aldeko manifestazioa aurrera eraman zuen Lasarte-Oriako Transmaribibollo Kolektiboak.

Gauak ere ekarri zituen makina bat jarduera. Herri afaria eta mota ezberdinetako doinuak batu ziren San Pedro bezperako gauean; danbor hotsek, zein musika emanaldi anitzek dantzan jarri zituzten herritarrak. 

Ekainaren 29a: San Pedro Eguna

Joselontxo txarangak esnatu zuen Lasarte-Oria goizean. Lasarte-Oriako zaindariaren omenezko meza egin zen San Pedro parrokian, eta San Pedro Jaietako omenaldiak hartu zuen Manuel Lekuona kultur etxea. Zero Setteko akordeoilariek eta Lasarte-Oriako erraldoiek egin zioten harrera Txema Valles Viguerari, eta Erketz EDTko kideek aurreskua dantzatu zioten. Protagonistak oholtza hartu eta udalaren omenaldia jaso ostean, bere ibilbide profesionalaz hitz egin zien aretoan bildutakoei.

Arratsaldean, aldiz, haurrak puzgarrietan ibili ziren, eta gazteek, berriz, Sorgin Jaiak-ek antolatutako orientazio jolasez gozatu zuten. Helduentzat ere izan zen eskaintzarik: Ttakun KEk aurrera eramandako sagardo dastaketa, eta Aterpearen sardina jana. 

Gauak ere ekarri zuen planik. Urteroko bertso saiotik hasi, eta kontzertuekin amaitu zen zaindariaren eguneko gaua; Okendo eta Andatza plazetan izan ziren musika emanaldiak. 

Ekainaren 30a: kirola ere protagonista

Eguraldia lagun, gorputza astinduz hasi zuten eguna nagusiek; erakustaldi ederra egin zuten Okendo plazan. Bien bitartean, Intza KEk antolatutako esku pilotako San Pedro Jaietako txapelketako finalak jokatu zituzten gaztetxoek, Loidibarren pilotalekuan. 

Arratsaldean, haurrentzako parkeaz eta xexenez gain, pilotak hartu zuen berriz ere Loidibarren pilotalekua. Jaizkibel plazan Mundo Costrini kale antzerkia ikusteko parada izan zuten bertan bildutakoek, eta Andatza plazan, barre ugari entzun ziren iluntzean; Hu-Ha! Remember Festa-k hartu zuen eta hori hasi bitartean, Mikel Bermejok bakarrizketa saioa eskaini zuen.

Sorgin Jaiak-en eskutik, berriz, bertso poteoaz gozatu zuten herritarrek, eta elkartasun afaria aurera eraman zuten parrandari ekin aurretik.

Isla plazan erritmo latinoamerikarrak izan zituzten herritarrek Azabache taldearen eskutik. Okendo plaza, aldiz, euskal musikaren aterpe izan zen bi eskaintza oso bestelakorekin: Neomak zazpikotearen folk abangoardista eta Zetak taldearen pop elektronikoa. Gazteenek Oriarte Landaberriko patioa izan zuten dantzaleku. Txolas DJaren saiora jendetza joan zen. 

Uztailaren 1a: haurrak protagonista

Lasarte-Oriako txistulariek eman zioten hasiera goizari. Erraldoi eta buruhandien konpartsa herrian barrena ibili zen, Ttirriki-Ttarrakako trikitilariek lagunduta. Giroa goibel egon arren, Askatasunaren parkean azoka izan zen eguerdian Sorgin Jaiak-en eskutik. Karpa azpian edo etxeko arkupean produktu ezberdinetako postuak izan ziren ikusgai.

Haur danborrada izan zen bazkalosteko ekitaldi nagusia; dozenaka haurrek makilak astindu eta gogotsu jo zituzten barrilak eta danborrak. 

Sorginen Akelarrea amaitzear bazen ere, jai giroari eutsi zioten arratsaldean. Bazkalosteko lehen jarduera patata tortilla txapelketa izan zen. Sabela bete eta Ankoker taldearekin kalejiran joan ziren partaide asko.

Uztaileko lehen eguneko parranda izan zen herritar askorentzat luzeena, gaupasarena. Sorgin Jaiak-ek aurten prestatutako programa ixteko, Rukula taldeak kontzertua eman zuen Okendon. Udalak, berriz, talde hauen kontzertuak antolatu zituen: La Guardia, Supersingles eta Star Ways. Kontzertu bataren eta bestearen artean, Dinbi Banda batukada taldearen erritmora erdigunean barrena ibili ziren. 

Uztailaren 2a: azken jai eguna, euripean

Lehen ordutik ia etengabean erori zen euria eta zenbait jarduera moldatzera behartu zituen antolatzaileak. Extremadura Etxeko lagunek migak prestatu zituzten Okendo plazan. Prest zeudenean, ardo zuri edo beltzarekin batera banatu zizkieten ilara luzea osatu zuten herritarrei. Isla plazan ere ura ez zen oztopo izan Voces del Ebro koruaren jotak entzutera joan zirenentzat.

Gauean herritar ugari bildu zen Atsobakar auzoko zelai zabalean su artifizialen erakustaldi koloretsua ikusi eta sanpedroei agur esaten hasteko.