Kreditu aldaketa, inbertsio garrantzitsuak egiteko
Udal korporazioak 6.568.332 euroko kreditu aldaketa bat onartu zuen, herriarentzat "funtsezkoak" diren zenbait esku hartze aurrera eramateko. Aurrekontuaren erdia baino gehiago (3.875.248 euro) bi igogailu eraikitzera bideratuko zituela adierazi zuen: Zabaletan bat eta Goikalen bestea. Ikastetxeetan egin beharreko lan batzuk eta kiroldegi berriaren obren lizitazioa ere jaso zituen, besteak beste.
Hauteskunde zerrenda aurkeztu zuen EAJ-PNVk
Tximistarreta parkean egin zuen EAJ-PNVk datozen hauteskundeetarako hautagaien zerrendaren aurkezpena. Bertan izan zen Jon Antxordoki zerrendaburu eta alkategaia ere, eta nabarmendu zuen, "kudeaketan, herrigintzan eta auzogintzan eskarmentua duen hautagaitza" zerrenda zela. Gaineratu zuen "hanka instituzionala eta hanka soziala" ere badituela bere alderdiak aurkeztutako taldeak, eta "herrian dena emateko eta herriarekin lan egiteko prest" zegoela.
X. Lore eta Landare azoka iragarri zuen udalak
Lasarte-Oriako Udalak, Behemendi Elkarteko, deKolore Natur Azokako ordezkariekin batera, X. Lore eta Landare azoka aurkeztu zuten. Azaldu zuten ohi bezala Okendo plazan egingo zela aurtengoa ere, eta herritarrek bi ordu eta erdiko tartea izango zutela produktuak ikusi edota erostera joateko. Horrez gain, etxeko txikientzat, jolas eta tailerrak ere aurkeztu zituzten; batetik, lore lehorrekin orri markatzailea egiten ikasiko zutela azaldu zuten, eta, bestetik, landaretxoak landatzen ere bai. Zortzi postuk osatu zuten aurtengo azoka.
Kultur ondare historikoa eta musika elektronikoak bat egiteko egitasmoaren bigarren aldiaren aurkezpena
Oria auzoko Brunet Enea parkean musika elektronikoaren erritmora dantzatu ahal izango zutela iragarri zuen Lasarte-Oriako Udalak. Apirilaren 22an aurrera eraman zen Dantz Point egitasmoaren bigarren aldia aurkeztu zuen, Jokin Telleria herritar eta egitasmoaren sortzailearekin batera.
Sonataz sonata, bidaia musikala
Danok Kide elkarteak XVIII. Musika Topaketak aurrera eraman zituen, Brigitarren komentuan. Doakoa izan zen sarrera, eta hitzordura Ars Combinatoria gonbidatu zuten, musikari trebeez osatutako taldea, hain zuzen. XVII. mendeko zenbait konpositore klasikoren sonatekin osatu zuten egitaraua.
Gesalaga Okelan Zarautz errugbi taldea, finalerdietara sailkatua
Ohorezko B mailako taldeak Fenix CR Zaragoza 54-0 garaitu zuen azken jardunaldian. Elite multzoan bigarren postuan sailkatu zen Fran Puertas herritarrak zuzentzen duen taldea. Mazabi Santander Independiente RC izan zuen aurrez aurre Ligako finalerdian.
Euskal Ligako 16 urtez azpiko jokalariek ere azken neurketa jokatu zuten Logroñon, Errioxan. Domiberia R.C. Rioja 12ren aurka lehiatu zen Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldea eta gaztetxoek 7-24 irabazi zuten.
Maialen Chourraut, garaile
Eslalon denboraldiko Espainiako 2. Kopa lehiatu zuten La Seu d'Urgelleko kanalean, Lleidan. Maialen Chourraut herritarra K1 mailan lehiatu zen eta bi jardunaldietan urrezko domina jantzi zuen.
Dominak Euskadiko txapelketan
Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) judokek Euskadiko txapelketako podiumean eman zioten hasiera apirilari. Ane Linazasoro eta Iraia Diaz infantilek brontzezko domina jantzi zuten Eskolarteko Kirol Jokoetan. Kadete mailan, aldiz, Unai Guisadok finala jokatu zuen. Ezin izan zuen Liher Pereda bizkaitarra garaitu eta zilarrarekin konformatu behar izan zuen. Horrekin batera, Espainiako txapelketarako txartela ere eskuratu zuen Guisadok. Aitor Santosek hirugarren postuan amaitu zuen lehia.
Anabitartek denboraldi ederra egin zuen Illinois-en
Azaroan hasi eta otsailean amaitu zuen Aitor Anabitarte herritarrak saskibaloi denboraldia. Lasarteoriatar gaztea Matematika eta Informatika ikasten ari da Saint Francis Unibertsitatean, Illinois-en, Estatu Batuetan. Unibertsitateko Saints taldean ari da lehian. Aurten Chicagoland Collegiate Athletic Conference (CCAC) Ligako zein College Sports Communicators erakundeko hainbat aitorpen jaso ditu. Herritarrak iazko denboraldian ezin izan zuen jokatu belauneko lesio batengatik eta aurten arantza kendu ahal izan du. Saints taldeak bosgarren postua eskuratu du aurten Ligan. Ondorioz, CCAC Ligako final laurdenak jokatu zituen irabazle izan den Indiana University South Bend-en aurka.
Herriko taldeak Aste Santuko txapelketetako lehen postuetan izan ziren
Aste Santuan futbol lehiaketa ezberdinak lehiatu zituzten eta herriko taldeak horietako bitan izan ziren lehian. Ostadar SKTko kadete taldea Terres de L'Ebre nazioarteko torneoan (ITE-DV7) izan zen apirilaren 7tik 9ra, La Rapita herrian (Tarragona, Herrialde Katalanak). 16an, aldiz, Texas Lasartearrako 2014. urteko benjamin taldea Behobia CDk antolatzen duen Aste Santuko txapelketan parte hartu zuen, Irunen. Bi taldeek garaikurrak eskuratu zituzten.
Hezkuntza sistemak euskaraz izan behar duenaren aldarriekin bat egin zuten Oriarte BHIko ikasleekin
Gazte Euskaltzaleen Sarea izeneko talde aktibista sortu zutela berri ematearekin batera, horiek martxoaren 23rako deitutako #M23Kalera mobilizazioarekin bat egin zutela azaldu zuten. Horrela, Euskal Herriko hiriburuetako kaleak hartzera deitu zituzten herritarrak, aldarri nagusi bat zabaldu asmoz: hezkuntza sistemak euskaraz izan behar duela.
Maiatz amaierako hauteskundeetarako zerrendak aurkezten jarraitu zuten alderdi politikoek
Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetarako zerrendako hogei kideen berri eman zuen Lasarte-Oriako EH Bilduk, bere oinarriek hautagaiak berretsi eta gero. Esti Garmendia alkategaiak azaldu zuen, talde horrekin "gai" izango zirela "herritarren kezka eta ametsak proiektu bilakatu eta udal politiketan txertatzeko".
Aldi berean, Batzar Nagusietarako Donostialdeko hautagai zerrenda aurkeztu zuen PSE-EEK, Lasarte-Orian, Askatasunaren parkean. Bertan izan zen Jose Ignacio Asensio ahaldun nagusi izateko Gipuzkoako PSE-EEko hautagaia, eta "marka sozialista" aldarrikatu zuen, "egonkortasunaren, aniztasunaren eta kudeaketa eraginkorraren berme" zela nabarmenduz.
Erraustegia "kutsatzen" ari zela salatzeko
Erraustegia airea, ura eta lurra kutsatzen lelopean, errausketaren aurkako hainbat eragilek Zubietako erraustegira martxa egingo zutela iragarri zuten; apirilaren 29rako egin zuten deialdia. Iaz bezala, Okendo plazatik aterako zirela iragarri zuten partaideak, 11:00etan. Errausketaren Aurkako Mugimenduak antolatutako ekintzarekin bat egin zuen Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak eta lasarteoriatarrak animatu zituzten horretan parte hartzera.
Sanpedroen afixa iragarlea aukeratzeko momentua
67 lan jaso zituen Lasarte-Oriako Udalak aurtengo afixa lehiaketan, baina Berdintasun Sailak hala erabakita, horietatik lau bazter utzi zituzten. Hala jakinarazi zuten Agustin Valdivia alkateak, eta Jaietako batzordeburu Txus Alonsok, prentsaurrean. Lasarteoriatarrek aukera izan zuten 63 horien artean gustukoena hautatzeko.
Udaberriko Festa iragarri zuen Aterpea merkatarien elkarteak
Maiatzean aurrera eraman zuen Aterpeak Udaberriko Festa, baina apirilean egin zuen horren iragarpena. Ormazabal Loradendako Ramon Ormazabalek eman zuen aditzera aurtengo egitasmoa, eta esan, maiatzaren 2an hasi eta 14an amaituko zela. Hala, azaldu zuen epealdi horretan, herriko komertzio parte hartzaileetan erosketak egiten zituzten bezeroen artean 2.000 euro zozkatu zituztela (erosketa txarteletan). Gaineratu zuen, baita ere gazte zein helduentzako ekimenak aurrera eramango zituztela. "Kontzientziazioa, ezagutza eta parte hartzea" sustatzea du xede herriko merkatarien ekimenak.
Sistema "iraultzeko" espazio bat sortuko zutela iragarri zuten
Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea egingo zutela iragarri zutela iragarri zuten. Jakinarazi zuten, gainera, Usurbilen izango zela ekintza hori, urriaren 13tik 15era, Utopiak lehertzeraino lemapean. Topaketa horretan, besteak beste, mugimendu feministak deitutako greba orokorraren "potentzialtasuna" landuko zutela ere azaldu zuten.
'Zomorrotu' liburua aurkeztu zuen Aintzane Usandizaga idazleak, jendaurrean
Zomorrotu ipuin liburua argitaratu berri zuen Aintzane Usandizaga idazle lasarteoriatarrak. Lana aurkezte aldera, lagunartean ekitaldi bat egin zuen Agora tabernan. Danele Sarriugarte eta egilea bera liburuaz solastu zirem; zenbait pasarte irakurri zituzten Oihana Arana eta Leire Vargasek; eta musikaren bidez giro berezia sortu zuten Antuxuna ta Patx bikoteak.
Eihera taldeko adituekin pedagogia feminista landu zuten Oriarte BHIko Bigarren Hezkuntzako ikasleek
Eihera taldeko kideen eskutik, Oriarte BHIko Bigarren Hezkuntzako ikasleek pedagogia feministari buruzko tailerrak jaso zituzten. Horrelako formakuntza saioak aurrera eramatearen garrantzia nabarmendu zuten, "sistema patriarkala" aldatzeko bidean.
Ostadar boleibol saileko jubenil taldea Gipuzkoako txapelketa berresteko lehian ari da
Ostadarreko jubenil taldea iazko txapela berresteko bidean zen. Azken faserako sailkatu zen eta lehen jardunaldian Arizmendi garaitu zuen. Euskadiko txapelketa ere jokatu zuen hilaren 15ean eta laugarren postua eskuratu zuen talde urdin-beltzak.
Eskolarteko Gipuzkoako txapelketako podiumean izan ziren herritarrak
Hilaren 2an Eskolarteko Mailako banakako Gipuzkoako txapelketako lehen saioa jokatu behar bazuten ere, eguraldia zela-eta, bertan behera geratu zen eta atleta gazteek hilaren 23ra arte itxaron behar izan zuten lehiaketa hasteko. Eibarko Unbe pistan Gipuzkoa osoko infantil eta alebin mailako atletak bildu ziren, baita lasarteoriatarrak ere. Ostadar SKTk bost domina gehitu zituen bere poltsara eta Atletico San Sebastian taldekide Hodei Murgiondo herritarrak ere urrezko domina jantzi zuen.
Silvia Trigueros eta LOTMEko kideekin solasaldi ederraz gozatu zuten herritarrek
Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko kideek antolatuta, Silvia Trigueros ultra lasterkariaren solasaldia izan zen Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Solasaldian izena eman zuten herritarrek nazioarteko korrikalariaren ibilbidea eta pasadizo ugari ezagutzeko aukera izan zuten. Kirolariak egindako Tor de Geants probako bideo batez ere gozatu zuten eta amaitzean, ultra modaliteateko proben edo prestakuntzaren gaineko galdera ugari egiteko aukera izan zuten.
Lasarteoriatarrak, Gipuzkoako xake azkar txapelketan lehian
Xake azkar modalitateko Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Elgoibarren. 50 bat xake jokalari bildu ziren eta Lasarte-Oriako ordezkaritza izan zen lehiaketan: Juan Rodriguez zein Taula Xake klubeko Aitor Albisu, Alejandro Sanchez eta Victor Alvaro.
Urdanpilletak tanto batengatik lortu zuen garaipena
Lau eta erdiko 2. jubenil mailako buruz buruko borrokatuaz gozatu ahal izan zuten Michelin kirol guneko pilotalekuan. Intzako Peru Urdanpilletak eta Oiarpeko Lasak lehiaketako lehen jardunaldiari egin zioten aurre eta 22-21 gailendu zen herritarra. Nahiz eta Intzako kide Urdanpilleta lehen tantoetan nagusi izan eta zazpiko aldea ireki, neurketa aurrera joan ahala Oiarpeko Lasa partidan zentratu eta markagailuari itzulia ematera iritsi zen, 20-21. Urdanpilleta ez zen kikildu, ordea, eta indartsu erantzun zuen azken bi tantoetan. Dejada batez 21na berdindu eta azken sakearekin erabaki zuen neurketa.