Fermin Gonzalez Arregi herritarrak 100 urte bete zituen
Senide eta lagunez inguratuta itzali zituen Fermin Gonzalez Arregi herritarrak 100. urtebetetze tartaren kandelak. Urtemuga berezia izanik, udal ordezkarien bisita ere jaso zuen: Uzturre plazako bere etxean izan ziren Agustin Valdivia alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako buru Lourdes Acevedo.
Gozozale amorratua izanik, Adarraga etxeko tartarekin ospatu zuen mendeurrena, merienda ederra eginda. Ondoren, argazki album bat hartu eta zenbait pasadizo gogoratu zituen senideekin batera, irudiak berrikusterakoan betaurrekoak jantzi beharrik gabe.
Herritar ugarik parte hartu zuten manifestazioan
Milaka pertsona manifestatu ziren Bilbon, euskararen eta hizkuntza eskubideen aldeko aldarriak ozen zabaltzekoan. Bertan izan ziren baita ere lasarteoriatar ugari, horietako zenbait Borobilean elkarteak antolatutako autobusean joandakoak.
'Txapasen kaxa magikoa' disko-liburua aurkeztu zuten pailazoek
Pirritx, Porrotx eta Marimototsek labetik atera zuten haien lan berria: Txapasen kaxa magikoa. Protagonista nagusia Josu Txapartegi Txapas da, besteak beste gure herriko Xumela koruko zuzendaria dena. Talde horretako kide ugari izan ziren disko-liburuaren aurkezpenean, Zarauzko Modelo aretoan. Musika moldaketak Xabier Zabalak egin ditu, Arantxa Urbek idatzi du ipuina eta Irrimarrak ilustratu. Esan bezala, Txapasen sorkuntza lana hartu dute oinarri eta istorio zirraragarri bat osatu, aipatu diziplina artistiko horiek guztiak uztartuta.
Ander Goenaga surflaria, munduko laugarren
Ostadar Inklusio taldeko Ander Goenagak Estatu Batuetan jokatu zuten MundukoTxapelketan parte hartu zuen, Espainiako selekzioarekin. Azaroaren 7tik 12ra egokitutako surfeko kirolari onenak bildu ziren Kaliforniako Huntington Beach hirian eta Goenagak Prone 2 mailako kobreko domina jantzi zuen. Lan ona egin zuen lehen egunetik talde urdin-beltzeko kirolariak. Hiru sailkapen saioetako bitan lehen postua erdietsi zuen eta bigarren faserako sailkatu zen arazorik gabe. Horretan ere bere onena erakutsi zuen olatu gainean Ostadarreko kideak eta finala lehiatzeko txartela lortu zuen. Azken saioan Goenagak Davi Texeira brasildarra, Jose Martinez estatu batuarra eta Tomoki Fujiwara japoniarraren aurka neurtu zituen indarrak; zuen zorterik izan olatuetan eta laugarren postuan amaitu zuen lehia.
Antzerkia, antzerkiaren barruan
Perigallo Teatro taldeak Cabezas de cartel antzezlana ekarri zuen Manuel Lekuona Kultur Etxera. Hogei bat lagun bertaratu ziren Cimarron obra prestatu nahi duen Urugallo taldeko bi aktoreen arteko elkarrizketara. Autofikzio lanean halako prozesu batek azaleratutako kezkak, ahuldade eta beldurrak, kontraesanak, prekarietatea... ageri dira. Erabakiak hartzerakoan balioei eutsi edo bestelako bideak hautatu behar izateak dakarren ezinegona ere, baina hori dena umoreari ere tartea eginda.
Oroimenean izan zituzten, Memoriaren Egunean
Lasarte-Oriako motibazio politikoko indarkeria kasuak gogoan izan zituzten azaroaren 10ean, Memoriaren Egunean. Ohi bezala, Askatasunaren parkean egin asmo zuten ekitaldia, baina eguraldi txarra medio, Mercero gunera lekualdatu zuten. Bertan izan ziren udaleko alderdi politikoetako ordezkariak, baita Bizikidetza taldekoak ere; herritar batzuk ere bat egin zuten deialdiarekin.
Opera gau baten atzean dagoena ezagutzen
Umorea eta oholtza gainean aritu ziren artisten ahots zoragarriak uztartuta, emanaldi ederra aurrera eraman zuen Sasibil Lirika Elkarteak: Una noche en el teatro de la ópera. Kultur etxera joan zirenek gogotik gozatu zuten ikuskizunaz eta opera emanaldi baten atzean dauden kontu eta kalapita guztiak ezagutu.
Bush Doctors Band reggae taldeak dantzan jarri zituen herritarrak
Galiziatik etorri ziren musikariak, furgonetan. Errepidearen egoera txarragatik, behar baino beranduago iritsi ziren herrira eta aurreikusitakoa baino ordubete geroago ekin kontzertuari. Edonola ere, merezi izan zuen itxaronaldiak, kalitatezko reggae doinuak ekarri baitzituen Bush Doctors Band taldeak. Jalgi kafe antzokian bertaratutakoek gogotik gozatu eta dantza egin zuten, emanaldia amaitzear zela iragartzerakoan behin eta berriro jotzen jarraitzeko eskatuta.
Euskal Jaiak koloreztatu zuen asteburu grisa
Euskal Jaia aurrera eraman zuen Ttakun Kultur Elkarteak, herriko zenbait eragilerekin elkarlanean eta Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntzarekin. Herriko txistularien taldeak esnatu zuen herria, erdigunean barrena doinu alaiak lau haizetara zabalduta. Alaia, alaia, azokaren hasierako itxura ez zen horrelakoa, baina goizak aurrera egin ahala bizia hartu zuen Okendo plazak, batez ere, euriak tregoa apur bat eman zuenean. Feriara bertaratu zirenek aukera izan zuten herriko artisauen produktuak erosteko. Azokako giroa bizien zegoenean hasi ziren gorputzak astintzen Plaza Dantza egitasmoko lagunak. Astero entseatzeko elkartzen zirenek osatu zuten borobila hasieran, zabaldu egin zena gero, zenbait herritar dantzatzera animatu zirenean.
Erketz EDT dantza taldeko lagunek eta jantzi tradizionalen ikastaroan parte hartzen dutenek utzita, euskal jantzien erakusketatxo bat jarri zuten Jalgi kafe antzokian, arratsaldean. Hori aitzaki gisa hartuta ekin zion bakarrizketari Bea Egizabal clownak, taberna horretan bertan. Euskara eta euskal kultura izan ziren bere saio umoretsuaren ardatzak. Egitaraua giro ederrean itxi zuten antolatzaileek, Oaintxe in deu! txarangak girotutako poteoarekin. Erdiguneko zenbait tabernatan barrena ibili ziren.
Lasarte-Orian izan zen 'Anbotoko Mari'
Logela Multimedia taldeak Anbotoko Mari antzezlanaren emanaldia egin zuen. Familia ugari animatu ziren antzerkiaz gozatu bitartean tarte eder bat igarotzera. Gari, mutiko txoro bat, lagunekin haserretu eta bakarrik abiatuko da Anbotora. Mariren haitzuloan sartu eta harri magiko bat aurkituko eta lapurtuko du, harria lagunei erakusteko asmoarekin. Anbotoko Mari atzetik abiatuko zaio mendirik mendi eta Garik gero eta magia txoroagoak egingo ditu harriarekin. Tartaloren, iratxoen eta beste jeinu batzuen laguntza eskatu beharko du Marik, harria berreskuratzeko.
Jose Ignacio Echeverria eta Juan Rodriguez herritarrak, Gipuzkoako txapelketako podiumean
Bakarkako Gipuzkoako Xake txapelketak jokoan dira denboraldi honetan. Xake jokalariak lurraldeko hainbat txokotan batzen dira maila ezberdinetako lehiak aurrera eramateko. Zenbaitek, honezkero, amaitu dute. Superbeterano mailan, adibidez, Jose Ignacio Echeverria eta Juan Rodriguez lasarteoriatarrak Gipuzkoako Txapelketetako podiumean izan dira.
Zurmailu taldeak, egurrez egindako artelanak ikusgai
Urtero moduan, Zurmailu zurlanketa taldeko ikasleek lan ederrak eraman zituzten Antonio Mercero aretora. Ikusgarriak eta bereziak, arretaz begiratuta, zenbat ordutako lanaren emaitza diren pentsarazi zuten. Esaterako, aretoaren sarreratik gertu zegoen xake jokoa. Ñabardura txikiena ere bazuten Francisco Javier Peñak 10 urteko ilobarentzat egindako taulak, eta bereziki, piezek. Zuriak, baserritarrak, laia eskuan; beltzak, arrantzaleak, arrauna eusten. Edo aurrez aurre zeuden Julian Beitiak eta Gerardo Zarzuelok zizelkatutako Picassoren Guernica ezagun bana.
Bertsolaritza eta umorea
Bertso clown saio dibertigarri batez gozatu zuten herritarrek Jalgi kafe antzokian. Bea Egizabalek jarri zizkien gaiak Ane Labaka, Miren Artetxe eta Eli Pagola bertsolariei, gai jartzaileen eskuliburuaren berri eman ostean.
Berpizkunde garaiko doinuak eta hitzak Musika Topaketen saioko ardatza izan ziren
Danok Kide elkarteak antolatutako XVIII. Musika Topaketen barruan, Zaria Koru Eskolak Come again kontzertua eman zuen Ama Brigitarren komentuan. Berpizkunde garaiko musika eta William Shakespeareren testuak uztartu zituzten emanaldian, bi maitasun istorio oso bestelakoen berri emanez.
Aurtengo olerki eta kontakizun onenak saritu zituzten kultur etxean
Lasarte-Oriako Udalak antolatutako literatur lehiaketetako aurtengo sariak banatu zituzten Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Ohiko gidoia jarraituz egin zuten ekitaldian, aintzatetsiak izan ziren idazleek euren ahaleginari aitortza jaso zuten. Guztira, 331 literatur lan aurkeztu dira aurten.
Txerri hiltzearen jaia ospatu zuten Extremadura Etxean
Txerriez gozatu eta hestebeteak egiteko aukera izan zuten Virgen de Guadalupe Extremadura Etxera bertaratu zirenek. Hiru egunez luzatu zen egitaruaren barruan animalia horren inguruan antolatutako ekimen gehiago aurrera eraman zituzten, hala nola, herri bazkari eta afariak.
Behobia-Donostia proban parte hartu zuten herritarrek
20 kilometro dira Behobia eta Donostia artean daudenak, baina azaroaren 12ko giro beroarekin bati baino gehiagori luzeago egin zitzaion lasterketa. 25.899 lasterkari eta patinatzaile bildu ziren Behobiako irteeran eta pixkanaka ibilbidean barrena zegoen ikusleen animoek hauspotuta Boulevarreko helmuga igaro zuten gehienek. Lasarteoriatarrak eta herriko taldeetako kideak ere izan ziren bai korrika baita patinen gainean ere.
Andoni eta Garazi Iparragirre: "Ezinezkoa da bizitakoa hitzetara ekartzea"
Euskal musika eta dantza tradizionalak erakutsi dituzte lasarteoriatar senideek, Txinan. Bi aste pasatxoko bidaia egin zuten eta horretan bizitakoak kontatu zituzten.
Txinako Taiyuan hiriko Xanshi probintzian aurrera eraman zuten Qingxu International Folk Art Festival jaialdian parte hartu zuen Donostiako Gero Axular dantza taldeak, eta bertako musikari eta dantzari dira Andoni Iparragirre Tolaretxipi (Lasarte-Oria, 1968) eta Garazi Iparragirre Martinez (Lasarte-Oria, 2004) aita-alabak. "Herri txiki bat" bezala aurkeztu zieten bertakoek euren bizilekua, baina 5.000.000 biztanleko eremu batekin egin zuten topo lasarteoriatarrek. Ez horrekin bakarrik, ordea. "Sekulako esperientzia" bizita itzuli dira etxera, "oso pozik" eta oraindik ere bizipen guztiak asimilatzeke.
Kortajarena anaiek laugarren postuan amaitu zuten kopa
Real Automovil Club Vasco Navarrok (RACVN) antolatutako IX. lur gaineko kopa amaitu da. Lodosa, Cuzcurrita, Baños de Rioja eta Borjako jardunaldien ostean, azaro erdialdean, Corellan (Nafarroa) erabaki ziren garaileak. Ekaitz eta Mikel Kortajarena anaiak RACVN kopako podiumetik kanpo geratu ziren gutxigatik; laugarren izan dira. Corellako Hiria V. proban, aldiz, 1. mailako zazpigarren izan ziren euren Ford Focusa gidatuz eta kopako hirugarren sailkatuak bigarrenetik ehuneko gutxitara.
Lodifobiaz eta elikadura nahasmenduaz hizketan
Azaroaren 25aren atarian, askotariko adineko herritarrentzako ekintzak antolatu zituen Lasarte-Oriako Udalak, horien artean, Lodifobia eta elikadura nahasmendua mahai ingurua. Hiru hizlari gonbidatu zituzten gaiaz hitz egitera: Yolanda Iglesias ACABE Gipuzkoa elkarteko koordinatzaile eta psikologoa; Mijo Lizarzaburu militante transfeminista, filosofoa eta Euskal Herriko I. Jardunaldi Lodiak-en antolatzailea; eta, Maddi Etxeberria, nutrizionista eta anti dieta mugimenduaren aldarrikatzailea. Idoia Garzes herritarrak moderatu zuen saioa.
Saleta eta Zumeta errugbi jokalariek Lusitanos garaitu zuten Europako Superkopan
Alex Saleta herritarra –hasierako hamabostekoan jokatu zuen– eta Beltzak RTko harrobiko kide Urko Zumeta Castilla y Leon Iberians taldearekin lehiatu ziren Europako Superkopan, Valladoliden; Lusitanos taldea 18-13 garaitu zuten.
Bookstart Euskadi egitasmo kultural eta sozialarekin bat egin zuen Lasarte-Oriak
Gure herriko 0 eta 3 urteko haurren irakurzaletasuna bultzatzea da Bookstart Euskadi egitasmoaren helburua, garai horretan garatzen dituztelako umeek haien "gaitasun kognitibo" guztiak. Lasarte-Oriako Udalak iragarri zuen euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu bana jasoko dutela adin horretako kideak dituzten familia guztiek, doan. Irakurketa saio batzuk ere aurrera eraman dituzte Udal Liburutegian, egitasmo horren nondik norakoak ezagutzera emateko.
Ostadar SKTko zikloturistek irteera denboraldia amaitu zuten, elkarrekin bazkalduta
Martxoan hasi zuten denboraldia txirrindulariek. Gipuzkoan eta beste hainbat lurraldeetan barrena 31 irteera egin dituzte aurten eta guztira, 2.141 kilometro batu dituzte. Udaberri elkartean itxi zuten kirol sasoia, otordu eder bat eginda mahaiaren bueltan.
Musikariek gogotik ospatu zuten zaindariaren eguna
Kultur etxeko oholtza, kalea nahiz San Pedro parrokia, toki horiek guztiak ezin aproposagoak izan ziren Santa Zezilia eguna ospatzeko. Udal Musika Eskolako ikasleak, Oaintxe in deu! txaranga eta herriko txistularien taldea eta Alboka Abesbatza izan ziren musikarien zaindariari omenalditxoa egin zietenak.
Gaur egungo eta etorkizuneko zaintza ereduaz hausnartu zuten borobilean bilduta
Zaintzaren arloa jorratzen duten profesional, ordezkari politiko eta erabiltzaileak gonbidatu zituen Borobilean Elkarteak bigarren saio irekira, alor hori ardatz izan zuen greba feminista orokorraren atarian. Jakin mina piztu zuen gaiak herritarren artean eta txiki utzi zuten Oriarte Landaberri ikastetxeko gela. Alor pribatura mugatzen den eredua eraldatzeko egin beharrekoaz gogoeta eragiteko saio bat aurrera eraman zuen, pertsona hauek Oriarte Landaberri ikastetxera gonbidatuta: Usurbilgo alkate Agurtzane Solabarrieta, Maitelan kooperatibako kide Elisa Pereda, Atsobakar egoitzako langile Esti Amantegi eta Margari Ibeas, Zorroaga Fundazioko behargin Sorkunde Agirre, Izan Iñurri elkarteko kide Sandra Barkaiztegi eta Norma Andrade, Asunak talde feministako kide Susi Sanz, Olatz Arozena sindikalista eta zaintza prestazioak behar izan dituen pertsona baten senide Patxi Azpiroz. Borobileaneko kide Ixiar Arteagak moderatu zuen solasaldia.
Esanahi berria eman zioten Mirentxu eraikinari
Islada Ezkutatuak elkarteak, Lasarte-Oriako Udalarekin lankidetzan, monolito bat jarri zuen Mirentxun. Etxearen inguruko lorategian dago eta bere esanahiaren berri eman zuten ekitaldi bat eginda. Harriak Frankismoak jazarritako herritarrak gogoratu eta omendu nahi ditu.
Zenbait udal ordezkari eta 60 bat herritar bertaratu ziren. Hitz egiten lehena Islada Ezkutatuak elkartearen lehendakari Mailu Arruti izan zen. Agurraren ondoren, Joxea Muguruza taldekideari eman zion hitza, eta honek laburbildu zuen harriaren zergatia: "Frakismoaren basakeria pairatu zuten gizon, emakume eta haurrak oroitzeko". Agustin Valdivia alkateak, Joseba Tapia musikariak eta Jose Zato eragileko kide zenaren alaba batek ere parte hartu zuten.
Urtarrilean jarraituko dute oroimen historikoaren aldeko ekimenak aurrera eramaten. 14an, igandearekin, Oria auzoan dauden argazki historikoen segidari irudi bat gehituko diote, 1936ko gerran aritu zen Rosa Luxemburgo bataloiko kide batzuena hain zuzen ere. 12:00etan hasiko da aipatu jarduera hori.
Herrian ere, greba feminista orokorra
Euskal Herriko Mugimendu Feministak deitutako lanuzteak oihartzuna izan zuen Lasarte-Orian ere. Herritar talde batek batzorde bat eratu eta egun osoko egitaraua aurrera eraman zuen azaroaren 30ean. Jendetsuena eguerdiko kalebira izan zen, herriko zaintzaren egoera erakustea helburu izan zuena. Goizean goiz Tajamar errotondako sarbide denak itxi zituzten.