TXINTXARRI aldizkariak, 30 urte
Ttakun Kultur Elkartearen altzoan jaio zen TXINTXARRI aldizkaria, euskara herriko etxe eta komertzio guztietara eramateko asmoz. 1993ko urriaren 1ean argitaratu zuen lantaldeak lehen zenbakia eta festa erraldoi bat egin 30 urte geroago, urtemuga berezi hori ospatzeko.
Maialen Aristegiren lehen estudioko lana: 'Ezmezean'
Maialen Aristegi kantautore lasarteoriatarrak Ezmezean izeneko maketa argitaratu zuen urri hasieran, lau abestiz osatua: Udazkena Gasteizen, Sorgin-gurpila, Bilatu gabe aurkitutakoak eta Errauts apur bat.
'Barraskiloek baino bat gehiago' nobela argitaratu zuen Ane Labakak
10-11 urteko Sara izeneko neskato bat da Ane Labaka Mayoz herritarrak argitaratutako Barraskiloek baino bat gehiago nobelaren protagonista. Bere gurasoek banandu egingo direla jakinaraziko diote, eta eszena zehatz horretatik abiatuta garatuko da kontakizun guztia. Horrela, ordura arteko familia egonkorra zalantzan nola jartzen den, eta nola berregituratuko den jaso ahal izango dute irakurleek.
Lasarte-Orian jaio zen Labaka, 1992. urtean eta bertsolaria eta idazlea da. Euskal Ikasketak egin zituen, Gizarte Antropologiako Masterra eta Ikasketa Feministak eta Generokoak. 2019. urtean Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburua sortu zuen Miren Artetxe Sarasolarekin batera, eta, 2021. urtean, berriz, Algara mutilatuak saiakera kaleratu zuen. 2018. urtean Ezpainetakoa album ilustratua ere argitaratu zuen (Peru Abarka saria lortu zuen), eta baita Totototo haurrentzako albuma ere; 2021. urtean izan zen azken hori. Iaz, 2022an Erradikalak antzerki liburua ere ondu zuen.
Antzinako irratien erakusketa bat herrian
Javier Soler bildumagile donostiarrak Sonidos en el recuerdo / Soinuak gogoan antzinako irratien erakusketa ireki zuen Antonio Mercero aretoan. Gaztetatik, gutxi gorabehera 17 urte zituenetik datorkio irratiekiko zaletasuna Javier Solerri. Gogoan du gurasoen etxean bizi zenean hasi zela horiek pilatzen. Baditu, besteak beste, duela 90 urteko irratiak, 1930. urtekoak. Horiek dira Solerren kuttunenak, "antzinakoenak". Bertaratzen direnek, ikusiko dituzte baita ere Bigarren Mundu Gerrako gerra gurdi bateko irrati bat, edota 1933. urteko Alemania naziko aparatu bat ere bai; azken hori semeak handik ekarria.
Sudurgorrien urtebetetze festa berezia kultur etxean
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak 35 urteko ibilbidea ospatzen aritu dira azken hilabeteetan Urteak bete abenturak bizi ikuskizunarekin. Herriz herri ibili ondoren, etxean, Lasarte-Orian egin zuten azken emanaldia. Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioa bete zuten haur eta gurasoek barre eta dantza egin zuten ia ordu eta erdiz. Abesti eta pasadizo artean, Panpoxara igo zen hirukotea eta bidaia honetan lagun egindako beste pertsonaia berezi ere igo ziren oholtzara. Sudurgorriak maitasuna ematen eskuzabalak direnez, beraien urtebetetze festa TXINTXARRI-rekin partekatu nahi izan zuten, urriaren 1ean 30 urte bete zituelako. Hala, oholtzara igo ziren lantaldeko bi kideei koloretako aterkia oparitu zieten, "euskararen aterpe" baita herri aldizkaria. Zorionak zuri abestea nahikoa ez, eta Maite zaitut ere dantzatu zuten elkarrekin.
Sasoeta auzoko jaiak, aurtengo azkenak
Virgen de Guadalupe Extremadura Etxea omenduz ekin zieten festei Sasoetako auzotarrek. Hiru egunetan zehar makina bat jarduera aurrera eraman zituzten (danborrada, zuzeneko kontzertuak, herri bazkari eta afariak, txikidiskoa, 80. hamarkadako musikan girotutako gaua...). Antolatzaileen helburua da jai horiek garai batean izan zuten ospea berreskuratzea. Ez dira gaizki ari.
Scalextric erraldoia kultur etxean, zirkuitua gogoratzeko
Lasarteko Zirkuituaren mendeurrena ospatzeko ekimenen artean ,I. Auto Txapelketa Digitala egin zuten kultur etxeko hitzaldi aretoan. Gunearen ia luzera bera zuen scalextric pista jarri zuten bertan eta dozena bat lagunek parte hartu zuten. Lasarte-Oriako kirol zinegotzi Goizalde Pildainek sakatu zuen irteera adierazi duen semaforoa martxan jartzeko botoia. Pantailan argi berdeak ikustean abiatu zituzten kotxeak eta lehiakideen zerrenda agertu zen jarraipena egiteko.
Adineko lasarteoriatarrak omendu zituzten
Biyak Bat elkarteko kideek urri hasieran gauzatu zituzten Adinekoen Omenezko Asteko azken jarduerak. Besteak beste, IX. Ibilaldi Neurtua egin zuten Okendotik abiatuta. 24 bikotek parte hartu zuten eta izena ematerik izan ez zutenetako batzuk haiekin batera joan ziren, beren denborak kontuan hartu ez arren. Hurrengo egunean, berriz, aitortza egin zieten aurten urrezko ezteiak bete dituzten hamasei bikoteri. Ama Brigitarren komentura kalejiran joan ziren, trikiti eta pandero doinuekin. Haiekin batera egin zuten bidea Agustin Valdivia alkatea, Lourdes Acevedo zinegotzia eta Biyak Bat elkarteko zuzendaritzako zenbait kidek. Oroigarri, lore sorta eta opariak banatu zizkieten eta data berezia gogoratzeko, Arantzazuko Ama parrokiako eskaileretan talde argazkia egin zuten. Ospakizuna biribiltzeko bazkaria egin zuten Michelingo frontoian.
Zorigaiztoak, inspirazio iturri
Chirigota de Fermín y Antoñito taldeak Tó me pasa a mí: ‘Los desgraciaítos’ ikuskizunaren emanaldia egin zuen Manuel Lekuona Kultur Etxean, eta herritar ugari bertaratu zen saioa ikusteko. Puerto del Realeko taldeak, musika, kritika eta umorea uztartu zituen, halakoetan ohikoa den moduan. Chirigotaren zatiak azaltzeaz gain, kantatutakoaren atzeko historiaren berri ere eman zieten: Covidaren ondorioz, bertan behera utzi beharreko ikuskizunak, La Palmara egindako bidaia gorabeheratsua... Egia izan ala ez, gogotik barre eginarazi zieten ikusleei.
Palestina askatzeko eskatu zuten ehunka herritarrek
Urrian ekin zion Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Dinamikak herrialde horren aldeko ekintzak antolatzeari, Genozidioa gelditu, Palestina askatu lelopean. Lehen elkarretaratzea Okendo plazan aurrera eraman zuten eta ehunka herritarrek bat egin zuten deialdiarekin. Antolatzaileek manifestu bat irakurri zuten amaieran eta Israeli eskatu Palestinan egiten ari den "sarraskia" gelditzeko.
Lasarte-Oria, erregio etxeetako emakumeen topagune
Gipuzkoako Erregio Etxeen Federazioak deituta, 44 emakumek parte hartu zuten Erregio Etxeetako Emakumeen Topaketan, herriko Extremadura Etxeko eta Semblante Andaluzeko kideek, besteak beste. Lasarte-Oria ezagutzeaz gain, egitasmoaren helburua emakumeek elkarte horietako bakoitzan duten parte hartzeari buruz gogoeta partekatua egitea izan zen.
Txu-txu tren batean igo eta herriko zenbait toki ezagutu zituzten partaideek, hala nola, Ama Brigitarren komentua edota Oria auzoa. Horrez gain, udalbatzar aretoan Agustin Valdivia alkatearekin bildu ziren eta honek egindako lana eskertu zuen emakume horiei guztiei: "Zeuek, zeuen dedikazio eta pasioarekin, norberaren erregioaren herentzia eta sustraiak bizirik mantendu dituzue, horien guztien ulermena eta batasuna sustatzearekin batera".
Okendo, andaluziar kulturaren erakusleiho beste behin
XX. Aste Kulturala aurrera eraman zuen Semblante Andaluzek. Aurtengo egitaraua bi egunetara mugatzea erabaki zuten antolatzaileek eta Okendo plazako karpa beterik egon zen. Goizetako ekimenak haurrei begirakoak izan ziren (jokoak, txiki diskoa...), eta, arratsaldekoak, helduentzakoak (kontzertuak, kirol saioak, jateko eta edatekoak...). Jarduera arrakastatsuenak emanaldi eta emanaldi artean egindako flamenko dantzaldiak izan ziren.
Garagardo azoka egin zuen Saustatxo elkarteak
Saustatxo elkarteak urtero bezala garagardo azoka aurrera eraman zuen urri erdialdean. 55 bat lagun bildu ziren Uzturre plazako egoitzan kutsu alemaniarreko menuaz eta garagardoaz gozatzeko. Hiru saltxitxa mota, chucruta, patata purea eta ukondoa jan ondoren, sagar streuselarekin biribildu zuten otordua.
Eskualdeko ibilbideetan barrena ibili ziren
Buruntzaldeko ibilbideen eguna aurrera eraman zuten. 08:00etatik 14:00etara bitartean hainbat herritara animatu zen eskualdeko bost ibilbideetako bat egitera. Ostadar Ipar Martxako kideek ez zuten hutsik egin, baina ez ziren bakarrak izan. Lehen orduan, 50 lagunek izena eman zuten Elizatze plazan jarritako kontrol puntuan. Platano eta zereal barratxo banarekin batera, zigiludun txartela eman zieten, helmugan hori erakutsita oparitxoa jasotzeko baliagarria. Jardueraren xedea jarduera fisikoa egitea eta landa eremu naturala ezagutzea da.
Udazken Festa egin zuten Zabaletako auzotarrek
Ostiral arratsalde berezi eta polita pasatu zuten Basotxo plazan bildu ziren auzotarrek. Zabaletako auzo elkarteak Udazken Festa antolatu zuen urtaro horri ongietorria emateko. Haurrek udazkenari lotutako marrazkiekin mural bat osatu zuten eta amaitzean elkarteko lokalean jarri zuten ikusgai. Ondoren, afari merienda egin zuten plazan bertan erretako sardinekin, bizilagunek ekarritako patata tortillekin. Gazta, txorizoa eta bizkotxoa ere izan zituzten aukeran. Hori dena Samba Badago taldeak girotu zuen iluntzean.
Barre egin bitartean hausnartzeko saioa
Bea Egizabal clown lasarteoriatarrak bakarrizketa saioa egin zuen Virgen de Guadalupe Extremadura Etxean. Ikusmina sortu zuen herritarren artean, lepo bete baitzen aretoa. Ikus-entzuleek barre ederrak egin zituzten umoristaren ateraldiekin eta baita hausnartzeko hainbat gako jaso ere, sistema heteropatriarkalarekin eta feminismoarekin zerikusia dutenak, nagusiki. Ikuskizunaren aurretik luntxa egin zuten bertaratutakoek.
LOTMEko kideek Gambo Beltza mendiko igoeraz gozatu zuten
Lasarte-Oria Trail Mendi Elkarteko (LOTME) hamaika kide Pirinioetako Tena bailarara, Huescara bidaitu zuten. Helmuga Gambo Beltzako tontorra zen, 3.051 metrokoa. Horretarako Baños de Panticosatik igo ziren mendizaleak. Goiz esnatzeagatik, bidean egusenti ederraz gozatu zuten. Bideko elurrak ez zien eragotzi gailurrera iristea. Atseden pixka bat hartu eta jaitsiera arazorik gabe egin zuten. Irteera horretan paisaiak txundituta geratu zirela nabarmendu zuten mendi elkarte horretako kideek.
Denboran bidaia, dantzaren bidez
Ziomara Homaetxea, Node eta Dab taldeen Nun batu dira gure ahotsak? dantza ikuskizunaren emanaldia egin zuten kultur etxeko auditorioan. Euskal Herriko hiru konpainien beste hainbeste piezarekin osatua, batutako hiru ahots dira. Denboran bidaia da, izandakoa, garena eta izango garena lotzen dituena testuinguru bakarrean, soinu eta mugimenduaren bidez.
Iñaki Petxarroman saritu zuen Kazetarien Elkargoak
Ingurumen Kazetaritza Saria eman zion Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko Kazetarien Elkargoak Iñaki Petxarroman herritarrari. Berria egunkarian dihardu kazetari gisa, gai horrekin lotura duten artikuluak idatzi eta argitaratzen. Hedabide horri egindako adierazpenetan, "urte askoko lanaren aitortza" dela esan zuen eta aintzatespena, indibiduala bainoago, kolektiboa dela, berripaper horrek "ingurumen gaiei garrantzia eman dielako hasiera-hasieratik".
Laura Igea eta Juan Vicente Martin igerilariak saritu zituzten GIF galan
Gipuzkoako Igeriketa Federazioak urteroko GIF gala aurrera eraman zuen Donostiako Kirol Etxean. Denboraldiko sariak banatu zituen modalitate desberdinetan eta Buruntzaldea IKTko bi kidek aintzatespen bana jaso zuten, Laura Igeak eta Juan Vicente Martinek hain zuzen ere. Ekainetik irailera egindako Itsas Zeharkaldiko Ligako sariak etxeratu zituzten.
Borobilean Elkartea eratu zuten, herritarren arteko komunikazioa sustatzeko
Komunitatea osatzen dutela eta komunitateak osatzen dituela sinetsita, herritar talde batek Borobilean Elkartea sortu zuen Lasarte-Oria, Euskal Herria eta mundu osoko gaien bueltan informazioa, hausnarketa, eztabaida eta, batez ere, aurrez aurreko harreman komunikatiboa bultzatzeko. Gauzak horrela, Joseba Sarrionandia idazle eta pentsalaria eta Iñaki Petxarroman kazetaria gonbidatu zituzten lehen saio irekira, Antonio Mercero aretora.
Aurreikusi zitekeen moduan, harrera bikaina izan zuen hitzorduak; aulki bakar bat ere ez zen hutsik geratu. Areago, izan dziren eserlekutzat zorua hartu behar izan zuten entzule apur batzuk. Aulkiek, gainera, borobila osatu zuten; berariaz kokatu zituzten horrela elkarteko kideek. Horrek bete zuen elkartearen helburuetako bat: aretoan bildu direnak "elkar ikusi eta begiratzea".
Saioari hasiera emateko, ekimeneko kideetako batek hartu zuen hitza, Ixiar Arteagak, eta elkartearen aurkezpen labur bat egin ostean, bi gonbidatuak aurkeztu zituen, Iñaki Petxarroman eta Joseba Sarrionandia, hitza beraiei emateko gero.
Bi gizon irteera baten bila
Pez limbo taldeak Itsas behera antzezlana oholtzaratu zuen Manuel Lekuona Kultur Etxean. Beraiek sortutako munduan isolaturik dauden bi gizon irteera baten bila dabiltza. Ez gogo gehiegirekin, badakitelako dauden tokian ondo daudela. Batak bestea du eta elkar zaintzen dute. Beraien arteko solasaldian gogoeta egingo dute gai potoloez, egunerokoari aurre egitea kostatzen bazaie ere.
Ibilbide oso bati aitortza
Lau hamarkadatan zehar idatzi du Txema Valles kazetariak Lasarte-Oriaren egunerokotasuna, El Diario Vasco hedabidean. Komunikabide horretako nahiz TXINTXARRI aldizkariko zenbait lankide ohirekin elkartu zen lasarteoriatarra urri erdialdean, elkarrekin bazkaldu eta ibilbide oparo horretako hainbat pasadizo gogoratzeko. Lavie Gastrobar jatetxean egin zuten otordua.
Prest daudela eta gai direla aldarrikatu zuten
Adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko postuak eskuratzeko duten eskubidea ikusaraztea da Atzegiren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren helburua. Ni prest nago, eta Gipuzkoa? izena du egitasmoak eta zuzenean interpelatu ditu erakundeak, norabide horretan urratsak egin ditzaten. Legez, pertsona horiei tokien %2 dagozkie. Joana Regalado herritarrak Gipuzkoako Trafiko Zuzendaritzan lan egiten du eta bere esperientzia partekatu zuen agerraldira joandakoekin.
Ordenantzako oposaketako azterketa Madrilen egin zuen eta akats bat bera ere egin gabe gainditu zuen, hori bai, "ordu asko" sartu eta gero. "Gureak-eko tutorearekin astero bi orduko eskolak izaten nituen, saio indibidualak ere bai, baina, horrez gain, ia edozein tarte baliatzen nuen ikasteko: lanera sartu aurretik eta ondorengo tarteak, treneko bidaiak, asteburuak, jaiegunak...".
Euskadiko Mendiko Txapelketa irabazi zuen Aitor Manso pilotuak
Aitor Manso gidariak Euskadiko Mendiko Txapelketako azken hitzordua jokatu zuen Azpeitian. Urrakira igoera proban bigarren postua eskuratu zuen herritarrak sailkapen nagusian eta 9. mailako garaile izan zen. Lortutako emaitzak aipatu lehiaketako garaikurra eman zion gidari gazteari.
Era horretara, bere helburua lortu zuen herritarrak. Urte intentsoa eta gogorra izan da aurtengoa berarentzat, Euskadiko zein Espainiako probetan parte hartu eta lehiaketaren bi aurpegiak bizi izan dituelako: "Gauza onak eta txarrak izan ditugu aurten. Espainiako txapelketako Fitoko proban kolpea hartu genuen eta hurrengo proban Valdorrasen podiumera igo ginen. Gure lehenengo podiuma maila horretako lehiaketa batean. Hurrengo proban motorra hautsi genuen eta Talex M3a alokatu behar izan genuen Euskadiko probak egiteko".
Villabonako I. Erraldoi Topaketan parte hartu zuten LOZETek eta Oaintxe in deu! txarangak
Besamotza elkarteak Villabonako I. Erraldoi Topaketa aurrera eraman zuen. Gipuzkoako eta Nafarroako hainbat herritako erraldoi konpartsek parte hartu zuten bertan, horien artean Lasarte-Oriek ere bai. Baina ez ziren horiek bertan aritutako herritarrak bakarrak izan, ondoan izan zituzten Oaintxe in deu! txarangako kideak ere, eta ederki gozatu zuten denek ala denek. Villabonako kaleetan barrena dantzan ibili ziren, eta, eguerdian, indarrak berreskuratze aldera, bazkari herrikoia egin zuten. Eta ez ziren esku hutsik itzuli etxera; izan ere, konpartsa parte hartzaile guztiek txapela bat jaso zuten oroigarri gisa.
Herriko merkatariek Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Egunarekin bat egin zuten
Bularreko Minbiziaren Aurkako Mundu Egunarekin bat eginez, osasun etxearen aurrean batu ziren Aterpea elkarteko zenbait merkatari. Azpimarratu zuten aipatu gaixotasunaren aurkako borroka "gizarte osoaren konpromisoa" dela. Eta hain zuzen ere, eginkizun horrekin bat egiten dutelako egin zuten agerraldi hori.
Gogorarazi zuten gaixo dauden emakumeen artean mota horretako minbizia (bularrekoa) dela pairatzen duten ohikoena. Honako datu hau ere ezagutarazi zuten: "Zortzi emakumetik batek izango du bularreko minbizia". Iaz, hau da, 2022. urtean zenbat kasu atzeman ziren ere azaldu zuten: 1.739.
Maialen Chourraut, Espainiako txapelketako podiumean
Eslalon modalitateko Espainiako txapelketa lehiatu zuten Segre kanalean, La Seu d'Urgell-en (Lleida). Maila ezberdinetako bakarkako zein taldeko lehiaketak jokatu zituzten eta Maialen Chourraut herritarra K1 mailako podiumetan izan zen; bakarka hirugarren postua eta taldeka lehena eskuratu zituen Lasarte-Oriako palistak.
Torrecillas de la Tiesa herrian jaiotakoek urteroko bazkaria berreskuratu zuten
Extremadurako herri horretatik Lasarte-Oriara eta beste eta beste toki askotara bizitzera etorritako 144 lagun elkartu ziren Oianume jatetxean. Batu diren 26. aldia izan da, azken hitzordua baino lau urte geroago; pandemiagatik egin behar izan zuten etenaldia.
Coro Murillo da antolatzaileetako bat eta TXINTXARRI-ri kontatu zionez, oso ongi pasa zuten eta Oianume jatetxekoek emandako zerbitzua "oso ona" izan zen. Hauxe izan zen menua: onddo nahaskia, itsaski budina, etxeko foiea, legatza eta arkumea. Araeta jatetxean egin zuten aurreneko bazkari topaketa Torrecillasen jaiotako lagunek, 1995. urtean. Geroztik, beste 25 aldiz elkartu dira. Hitzorduak, ziur asko, gehiago izango lirateke pandemiagatik izan ez balitz. 2019an eseri ziren azkenekoz jatetxeren bateko mahaien bueltan, eta, lau urte geroago, ekimena berreskuratzea erabaki dute. "Gure gurasoek ekin zioten honi, guk hartu dugu ardura orain eta laster gazteek egitea nahiko genuke, gure seme-alabek", nabarmendu du Murillok. Bapo bazkaltzeaz gain, abestu eta dantzatzeko aukera izan zuten, musikari talde bat Oianumen izan baitzen haiekin.
Konponbiderako Giltzak dinamika zabaltzera deitu zuten Azken Ostiralean
Konponbiderako Giltzak dinamika aurketu zuen Sare Herritarrak Gernikan. Lasarte-Oriako taldeko kide Pili Kastresanak azaldu duenez, "salbuespen neurriei atea itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko ateak irekitzeko asmoz" sortutako tresna da. Ekitaldi hartan parte hartu zuen norbanako esanguratsu ugarik eta eragile sozial, politiko eta sindikalen ordezkaritza zabalak. "Etxera itzultzeko bidea eraikitzen jarraitzeko borondatea adierazi eta konpromisoa hartu zuten beste behin ere".
igorraren gehiengoa beteta duten presoei espetxetik kanpo beren zigorra betetzeko beste modu batzuk aplikatzea galerazten duen legerik ez dela ere gogoratu dute, baina horiek beharrean, salbuespen legedia ezatzen zaiela. Hala ere, aurrerapausoak egiten ari dira "nahi baino mantsoago bada ere" eta orain "iraganeko ateak itxi eta etorkizuneko ateak irekitzeko unea da".
Gau Beltza ospatu zuten Zabaletako auzotarrek
Adin guztientzako egitaraua prestatu zuten Zabaleta Auzolan elkarteko kideek. Aurpegi eta kalabaza margoketarekin ekin zioten arratsaldeari, eta txokolate eta gaztain jatea egin gero. Ostean, auzoa erabat ilunduta, beldurrezko ibilbideei ekin zieten; adinka banatu zituzten Basotxo plazan bildutako haur eta gazteak, eta auzoko txokoetan barrera ibili ziren. Kandelek argiztatutako bidea egin zuten eta noizean behin sustoren bat edo beste jaso zuen batek baino gehiagok. Garrasi ederrak bota zituzten. Ttakun Kultur Elkartearen Faktoria egitasmoko gazteek eman zioten amaiera ekitaldiari, pintxo potearekin.
Arimek hartu zuten Sasoeta
Halloween festa ospatu zuten Sasoetan, auzo elkarteak eta udalak antolatuta. Aurpegi beldurgarriak margotu zizkieten haurrei izuaren ibilbidea egiteko gero. Motorrak berotuta, ez ziren gutxi izan San Marcial plazan jarritako hilerrira bertaratu zirenak. Domu Santu egunaren bezperan euren hilobietatik ateraziren arima, izaki eta munstroak, Sasoeta auzoa erabat hartzeko. Jakin zuten Halloween festa ospatuko zutela bertan eta jai girora batu ziren.