2023ari errepasoa: otsaila

Txintxarri Aldizkaria 2023ko abe. 29a, 07:04

Txantxoak, Kale Nagusian dantzan, beste pertsonaiekin batera, Euskal Inauterietan.

2023ko azken zenbakia argitaratu dugu gaur, urtekaria, urteak eman duenaren errepasoa. Hementxe otsaileko albisteen hautaketa. 

Hondarribia fin denboraldiaurreko lehen hitzorduetan

Traineru denboraldia udan hasten den arren, eskifaia ezberdinak neguan hasten dira lanean lehiaketarako prest egoteko. Bidean indarrak neurtzeko aukera dute hainbat lehiaketetan. Lehena Portugaleteko San Nikolas traineru jaitsiera izan zen. Intza Fernandez herritarra kide duen Hondarribiak hirugarren postua eskuratu zuen. Bigarrena Julian Enrikeren oroimenezko XIV. traineru jaitsiera izan zen eta Nerbioi ibaiko uretan bigarren sailkatu zen Ama Guadalupekoa.

Kaldereroz mozorrotu ziren Garaikoetxean eta Landaberrin

Santa Ageda bezperaren eguna asteburuan erortzen denetan, Garaikoetxea Landaberri eta Landaberri ikastetxeetan kaldereroen eguna ospatzen dute, inauterien atari gisa. Dotore-dotore jantzi eta nekatu arte kolpatu zituzten zartagin, lapiko, katilu eta bestelakoak. 

Eztarriz sano dabiltza eta kantatu zuten gogoz

Sasoeta ikastetxeko haurrek hasitako bideari jarraituz, Santa eskean aritu ziren herriko zenbait eragile. Santa Ageda bezpera ospatu zuten Zabaletako bizilagunek auzoan; erdialdean, berriz, Erketz Dantza Taldeko kideek eta Xumela korukoek, txistulariek lagunduta. Makilei indartsu eragin zieten eta ahotsak ez zien hutsik egin. 

Imanol Jimenez omendu zuen Oaintxe in deu! txarangak

Santa Ageda koplen ondoren, Zabaleta Auzolan bizilagun elkarteak antolatuta, bazkaria egin zuten Otegi sagardotegian. Hori girotzeko ardura Oaintxe in deu! txarangak izan zuen eta kide zuten Imanol Jimenez auzokideari omenaldia egiteko baliatu zuten aukera aurten ere. Santa eskean ibilitakoekin bat egin zuten Otegin, eta elkarrekin aritu ziren. Gainera, txarangak sortutako abesti bati hitzak jarri zizkioten eta estreinakoz jo zuten sagardotegian zeudenei banatu, eta abesteko eskatuta.

LOKEren tenis jokalariak, Eskolarteko txapelketako lehen postuetan

Lasarte-Oria Kirol Elkartearen (LOKE) tenis saileko kideek bakarkako Eskolarteko txapelketako finaletan izan ziren lehian. Gabriele Fernandorena Yurritak infantil mailan igo zen podiumeko lehen mailara. Siria Delgado Negueruela alebinak eta Unax Urdampilleta Murugarren kadeteak aldiz euren mailako bigarren postua erdietsi zuten.

Buruntzaldea IKTren igerilariak, bikain Gipuzkoako txapelketan

Buruntzaldea IKTren infantil, junior eta absolutuek Gipuzkoako txapelketa jokatu zuten Bergarako Agorrosin igerilekuan. Taldeko hamabi kidek sailkapen orokorreko hirugarren postua, bost urre, zilar bat eta bi brontze eskuratu zituzten. Junior nesken erreleboa ere podiumean izan zen. Era berean, markak ondu eta Espainiako Udako txapelketarako zein Euskal Herriko Neguko txapelketarako gutxieneko berriak erdietsi zituzten.

Naroa Furundarena, 23 urtez azpiko Espainiako txapeldun

Ostadar SKTko Naroa Furundarena atleta Antequeran, Malagan egindako 23 urtez azpiko Espainiako txapelketan parte hartu zuen. Bi probatetako finaletan izan zen herritarra: luzera jauzian eta jauzi hirukoitzean. Azken horretan jantzi zuen urrezko domina.

CIMASUBeko lanez gozatu zuen herriak

CIMASUB Itsaspeko Zinema Zikloa izan zen aurten ere Manuel Lekuona Kultur Etxean. Txikizikloak eman zion hasiera eta Sasoeta nahiz Landaberri ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek parte hartu zuten. Hilaren 14an, herritarrak izan ziren protagonista. Egitasmoaren zuzendari David Sanchezek bi herritar gazte gonbidatu zituen oholtzara: Oihan Rufo eta Gorka Cuadrado: Un lugar en el mundo eta Un mismo sueño film laburretako protagonistak izan dira, hurrenez hurren. 

Maskararik ez garraio publikoan

Indarrean da Espainiako Ministroen Kontseiluak sinatutako akordioaren arabera herritarrek ez zuten zertan maskara jantzi beharko garraio publikoa erabiltzerakoan. Halaber, optika eta ortopedietan ez zen derrigorrezkoa izango, baina osasun zentro, farmazia eta ospitaleetan, oraindik bai. 

Patxi Larrañaga harategia, TVE 1 telebista katean

Patxi Larrañaga harategiko kideek TVE 1 telebista katean erakutsi zuten nola egiten dituzten txistorra bezalako produktu goxoak, Aquí la tierra saioan.

Eduardo Mujikak irabazi zuen 1.500 euroko saria

Ogiarekin bete zuen poltsa, eta Eguberrietako sariarekin patrika Eduardo Mujika herritarrak. Ogi Berri okindegiak urtero bezeroen artean zozketatzen dituen 1.500 euroak jaso zituen.

Kalteetatik babestu zuten herria

Tradizioa eta eguraldia eskutik helduta aritu ziren Euskal Inauterien egunean. Zubietatik hasi eta Lasarte-Oriara, txantxo kuadrilla kalejiran atera zen, hartza eta mamoxarroekin batera. Geldialdi ugari egin zituzten bidean; Plaza Dantzako lagunek gidatutako pausoekin girotu zituzten kaleak. Okendora iristean, ohi bezala, senidetzea egin zuten datorren urtean bakea eta oparotasuna izatearen truke. Akordioa erdietsita, azken hilabeteetan pairatutako kalamitate eta gaitzen erruduntzat jo zuten Kaxkamalo sugarretan erraustu zuten. Herria babestuta, dantza pixka bat gehiago egin zuten.

EH Bilduk zerrendako lehenengo zortzi kideak iragarri zituen

Esti Garmendia Arrietak, Lasarte-Oriako EH Bilduren alkategaiak aurkeztu zituen udal hauteskundeetarako lantaldea osatuko duten gainerako kideak. Lantaldea aurkezteaz gain, Lasarte-Oria EH Bilduren hauteskunde programa lantzen aritu zen Herri Batzarra.

Lau garbigune txiki jarri zituen udalak

Basaundi eta Zabaleta auzoetan, Ola kalean eta Hipodromo etorbidean garbigune txikiak jarri zituen udalak. Horietan pilak, CDak, tinta tonerrak, bonbillak, tresna elektronikoen bateriak eta sakelako telefonoak utzi ditzakete herritarrek.

Irakurleen mezan, bertsolariak idazle

Berrituta iritsi zen Irakurle Txokoaren bertso saio literarioa aurten Xirimiri elkartera. Izan ere, zortzigarren aldi honetan, berridatzi egin baitzuten aurrekoek izandako moldea. Batetik, gaua utzi, eta bazkalostera ekarri zuten; bestetik, Uxue Alberdik egitekoa aldatu, eta gai jartzaile aritu zen, bertsoak asmatzeko zeregina Ane Labakari eta Alaia Martini utzita; eta gainera, Iban Urizar musikaria lagun izan zuten. Ezinbestean aldagaitz mantendu zena bertaratutakoen gozamena izan zen.

Kultur etxea eraberritzeko lanak hasi zituzten

Kultur etxea eraberritzeko lehen faseari ekin zion udalak. Eraikinaren egungo estalkia ordezkatzeko lanak hasi ziren eta horrekin batera, auditoriotik agertokira sartzeko igogailu bat instalatuko zutela ere jakitera eman zuen.

Maialen Chourraut herritarrak, Legenda saria

38. Piraguismo Nazionalaren gala egin zuten Madrilen. Espainiako Piraguismo Federazioak 2022. urteko kirolari onenen jarduna saritzeaz gain, besteak beste, Legenda sariak banatu zituzten. Maialen Chourraut herritarrak Teresa Portela eta Saul Craviotto kirolariekin batera jaso zuen saria. Garaikurra ematerakoan euren kirol ibilbidea, egun lehian egotea eta etorkizuneko piraguistentzat adibide izatea nabarmendu zuen federazioak.

Ostadarreko atletak, Gipuzkoako txapelketako podiumean

18 eta 20 urtez azpiko Gipuzkoako txapelketa lehiatu zen Antonio Elortza belodromoan eta lehenean Ostadar Atletismo taldeko 11 kide izan ziren lehian. Hiruk 18 urtez azpiko mailako podiumetan egotea lortu zuten. 60 m. lasterketan Iraia Alcortak eraman zuen sari garaiena, urrezko domina eta Alex Alkainek, aldiz, zilarrezkoa. Eta Oinatz Almagro bigarren mailara igo zen jauzi hirukoitza eta luzera jauzi probetan. 

Jon Antxordoki EAJ-PNVren alkategaia, bigarrenez

Lasarte-Oriako EAJ-PNVk iragarri zuen nor izango zen maiatzeko udal hauteskundeetarako alkategaia: Jon Antxordoki. "2015ean hasi zen herrigintzan, udaleko Euskara batzordeburua eta EAJ-PNVren bozeramailea da egun udaletxean. Alor pribatuan nahiz publikoan eskarmentu handia du". Lasarte-Oriako Batzokiko lehendakari den Estitxu Alkortarekin batera aurkeztu zuen bere hautagaitza.

Herriko birziklatze tasa haztea helburu

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi zuen herriko birziklatze tasa handitzeko xedez, hondakin organikoen edukiontziak bezala, errefusarenak ere txartel bidez erabiliko zituztela herritarrek. Etxez etxe banatu zituzten bi edukiontzi horiek erabiltzea ahalbidetuko duten txartelak, eta baita material gehiago ere.

Ukrainako herritarrak gogoan

EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen deiari erantzunda, udal korporazioko zenbait kide eta herritar elkartu ziren Okendo plazan, bost minutuko isilunea egiteko. Errusia eta Ukrainaren arteko gerrako biktima eta herritar ukrainiarrak gogoan izan zituzten eta elkartasuna adierazi zieten.

Erribera kaleko etxabeak berritzeko lanak adjudikatzea

Erribera kaleko etxabeak berritzeko lanak, Campezo Obras y Servicios SA eta Jaizubia Obras y Servicios SA enpresek aurrera eramango zituztela onartu zuen korporazioak. Ezohiko bilkuran aho batez onartu zuten kideek, eta baita mahaigaineratu ere.

Txokolatea, ikerketa bultzatzeko

Lasarte-Oriako boluntario talde batek, Semblante Andaluz elkarteak eta udalak lagunduta, haur minbiziaren aurkako ikerketaren aldeko txokolate jate solidarioa antolatu zuten. Ekimena burutzen duten bosgarren urtea da: euro baten truke, neguko hotzari aurre egiteko txokolate beroa edo bi bizkotxo. Lasarteoriatar askok hartu zuten eta ezeren truke dirua eman zuenik ere izan zen.

Oroitza eta aldarrikapena, Dispertsioaren Egunean

Lasarte-Oriako Presoen Aldeko Batzordeak Zuen indarrak argi egiten du gugan leloaren inguruan antolatutako egun osoko egitarauaren bidez, euskal presoei ezarritako dispertsio politika "hiltzailea" dela salatzearekin batera, Argi Iturralde eta Iñaki Balerdi gogoratu zituzten. Ohitura bilakatu den Teresategiko oroitarrira mendi martxarekin hasi zuten eguna, bi zutabetan abiatuta, Okendotik eta Zabaletatik. Omenaldi xumea egin eta plazara bueltan, talde argazkia atera zuten 20 urte Argi eta Iñaki gogoan. Dispertsioa hiltzailea zioen pankarta atzean jarrita. Xirimirin barrikoteaz eta arratsaldean, Okendo plazan musikaz gozatu zuten, aldarrikapenerako tartea ere izan zen. Urtetan dispertsioaren ondorioz milaka kilometro egin behar izan dituztenak izan zituzten gogoan.

Ostadar SKTko atletak, lehen postuetan

Absolutu mailako Espainiako txapelketan Naroa Furundarenak bosgarren postua eskuratu zuen, eta 16, 18 eta 20 urtez azpiko Euskadiko txapelketan, Alex Alkain gazteak 60 m. lasterketako brontzezko domina jantzi zuen.

LOKEko jubenilek, hirugarren postua Ermuan

Lasarte-Oria Kirol Elkarteko (LOKE) gimnastikako jubenilak Ermua Hiria I. Torneoko podiumean izan ziren. Euskal Erkidegoko jubenil B mailako zortzi talde izan ziren aurrez aurre lehiaketan. Lasarte-Oriako gimnastek mazoekin egin zuten lan eta brontzezko domina eskuratu zuten. 

Izarrez beteriko castinga Lasarte-Orian

Ikastetxeetako gaztetxoek eman zioten hasiera Inauterietako asteburuari. Pelikulak, Lantzeko inauteria edo gelan landutako gaiak izan zituzten oinarri kolorez eta erritmoz betetako ikuskizunak aurkezteko. Oriarte Instituan ere ederki ospatu zituzten Inauteriak eta guztia korolorez bete zuten.

Ostiralean gazteetzako hainbat ekimen izan ziren. Larunbatean morrozoez eta musikaz bete ziren herriko kaleak. Hala nola, mozorro lehiaketa edo konpartsen dantzak eta asribanaketa izan ziren. Igandean kale jira koloretsua egin zuten LOZETeko erraldoi eta buruhandiek. Puzgarri eta jolasetan gozatuz igaro dute Inauteri astelehen goiza etxeko txikiek eta arratsaldean sardinaren ehorzketarekin eman zitzaien amaiera 2023ko Inauteriei.

Mendebaldeko Saharari elkartasuna adierazi zioten

Giroa hotz, eta bihotza bero. Dozena pare bat herritar Okendo plazan elkartu ziren, Mendebaldeko Saharari eta bertan bizi diren herritarrei elkartasuna eta berotasuna helarazteko, Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoa eratu zela 47 urte bete ziren egunean. 

Ateak zabaldu zituen Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegoak

Herritarrek berriz ere KIUB Kontsumitzailearen Informaziorako Udal Bulegora joateko aukera izango zuten. Bulegoak ateak zabaldu zituen berriro, ia hiru urteko etenaldiaren ostean.

100 urte bete zituen Justa Manchado Herrero herritarrak

Egun berezia izan zen Justa Manchado Herrero herritarrarentzat, 100 urte bete zituen. Senide eta lagunen zorion agurrez gain, Lasarte-Oriako udal ordezkarienak ere jaso zituen. Pozik eta eskertuta agertu zen herritarra.

Jon Presa garaile, Arrigorriagako Herri krosean

Arrigorriagako Herri krosean Lasarte-Orirako korrikalari bat izan zen podiumeko gorenean, Jon Presa. Lasarteoriatarra 11,5 kilometroko proban nagusi izan zen. Antzuolako 8 Miliak proban Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteko (LOTME) Mertxe Casasek beterano mailako 2. postua eskuratu zuen 14 kilometroko bidean eta Nafarroako Oibarreko herrian egiten den trailean taldekide Ines Aguado beterano mailako hirugarren izan zen.