Aholku bat, irakurle, atrebentzia ez bada: goza ezazu hasi berri den Euskararen 10. Maratoialdiaz. Bertaratu Okendora, eta sentitu segundo bakoitza. Sei urteko itxaronaldi amaiezinaren ostean, ohartzerako igaroko direlako 40 orduak. Kronika hau idazten ari garenean igaro dira lauzpabost, eta ez gara konturatu ere egin ia. Eta ez da izan jarduerak izan ez direlako: txupinazoa, hasiera ekitaldi ofiziala, zortzikotearen diana, txistulariei aitortza, ikastetxeetako haurren emanaldiak, gosari literarioa, baserritar eta artisauen azoka... Gogotik iratzarri dute herria zortzikoteko kideek eta ekimenetan parte hartu duten eragile eta norbanakoek. Bazkalorduan hartu dituzte indarrak berriro haurrek nahiz helduek: paella goxoa jan dute.