1986-2022

Euskararen Maratoiteka

Txintxarri Aldizkaria

TXINTXARRI aldizkariaren artxibo zabala arakatuta, eta Lasarte-Oriako Udalaren zenbait argazki gehituta, orain arteko hamar Euskararen Maratoietako une ugari jaso ditugu artikulu honetako galerian. Horrez gain, beste zenbait harribitxi topatuko dituzue. Patxadaz ikusi denak, eta piztu motorrak datorkigun guztirako!

Euskararen Maratoia lau urtero egiten badute eta aurreneko edizioa 1986koa izan bazen, 2026an 40 urte bete ditu ekimenak eta bihar (hilak 17) hasiko denak hamargarren aldia beharko luke. Piztu, sugarra gu gara lelodun jarduera, ordea, hamaikagarrena da. Nola da hori posible? Galdera erantzuteko ez dugu matematika erabiliko, argazki euskarria duten oroitzapenak baizik. 

Duela lau hamarkada h hizkia zeraman Marathoia hitzak, baina ez erakarri aditzak. Hori izan zen udalerri independente gisa sortua izan zen Lasarte-Orian bizi ziren zenbait euskaltzaleren burutazioaren oinarria: herri erdaldun horretan euskaraz bizi ziren pertsonak ekimen baten bueltan biltzea eta elkar ezagutzea: "Gure hizkuntza, herriko plazara". Erronka kutsua eman zioten 40 ordu baietz leloa jarrita. Urriaren 25a eta 26a aukeratu zituzten.

Bada, gauzatu zuten 40 orduko erronka eta erakarri zuten jende askoz gehiago plazara. Hori horrela, bigarren edizioa bi urte geroago egin zuten, 1988ko maiatzean. Antolatzaileek xixko eginda amaitu zutenez, aurrerantzean lau urtero egitea adostu zuten. Zorrotz bete zuten hori, planak aldatzera behartu zituzten pandemia iritsi arte, koronabirusarena, 2020an. Horren eraginez 2022an egin zuten hamargarren edizioa eta horregatik hasiko da bihar XI. Euskararen Maratoia.

Ttakun KEk, udalak eta zortzikoteak antolatzen duten jarduerak ehunka norbanako eta eragile bilduko ditu euskararen bueltan berriz ere, 40 orduz. Gozatu eta piztu, sekulako zortea baita hamaikagarrena ikusteko ere jaioak izatea.

Euskararen 4. Maratoia, TXINTXARRI-ren lehena

1993ko urriaren 1ean argitaratu genuen aurreneko zenbakia, Euskararen 3. Maratoia egin eta ia urtebetera. Beste hiru itxaron behar izan genituen koaderno, boligrafo, grabagailu eta argazki kamerak hartu eta festa erraldoi horren berri gertutasunez eta (nola ez) euskaraz emateko. 1996ko urriaren 24an laugarren aldiaren etorrera iragarri genuen, 69. zenbakian:

TXINTXARRI ALDIZKARIAREN 69. ZENBAKIA

Asteburu magiko hori gogoz bizi eta gero, azaroaren 8ko agerkarian jaso genuen 40 orduek emandakoaren laburpena, hitz eta argazkiekin.

TXINTXARRI ALDIZKARIAREN 70. ZENBAKIA

Horren atzetik etorri dira beste hainbat orri eta aldizkari. 2008tik aurrerakoak gure atari digitaleko Hemeroteka atalean irakur ditzakezu.

Kartelak, Maratoien sinbolo

Maratoiaren antolatzaileek dantzan jarri behar izan dute irudimena festa hori iragarri behar izan duten aldiro. Hala, aldi bakoitzeko kartel eta lelo bana sortu dute, zein baino zein deigarri eta koloretsuagoa. Grafiko interaktibo honetan jaso ditugu guztiak,. Horrez gain, aldi bakoitza dinamizatu duten zortzikoteko kideak nortzuk diren ere zehaztu dugu.

Sei urteko itxaronaldia

Oilo ipurdia jartzen digu lerro hauen azpian ikusgai duzuen bideoak. 2016a da, igande gaua, Euskararen 9. Maratoiko 40. ordu aldaketa, azkena. Asteburu osoan zehar behin eta berriro entzun genuen abestiaren doinupean dantzatu genuen enegarren aldiz, zortzikoteko kideetako bat izan zen Agus Mujikaren gidaritzapean. Taldearen izen berarekin "bataiatu" genuen kantu instrumentala: "Orain, ordu aldaketarako, dantza dezagun Safri Duo". Zenbatetan entzun ote genuen esaldi hori, ia aspertzeraino? Orain, kasik sei urte igaro diren honetan, gau horretan saltoka aritu zirenetatik nork ez luke nahiko bertara itzuli? Eta esperientzia hori bizitzerik izan ez zutenen artean, nori ez dio inbidia ematen?

Irten al zinen armairutik?

2016ko Euskararen 9. Maratoian 40 orduez harago joan eta Baietz 40 egun euskaraz! erronkari ekin genion, armairu linguistikotik atera eta gure eguneroko hizkuntza ohiturei astinaldi bat emateko, bakoitzak ahal zuen moduan, ahobizi edo belarriprest izan. Hori sinbolizatzeko, larunbatean nahiz igandean, oholtza nagusiaren alboan, ehunka herritar atera ziren benetako armairu batetik, haiengandik metro gutxitara argazkilari batek "klik!" egin bitartean. Photocallak izugarrizko arrakasta izan zuen.

Hamargarrenean, hiru fase

2022ko Euskararen 10. Maratoialdiak (Sentitu, Prestatu, Ekin dinamikaren bueltan aurrera eraman genuen herritarren hizkuntza ohiturak berraktibatzea eta euskararen erabilera komunitarioa sustatzea izan zuen helburu. Sentitu fasean, herritarren arteko motibazioa, sentimendu kolektiboa eta euskararekiko atxikimendua piztu zituzten Jarraian, Prestatu faseak ahalduntzea eta tresnak eskaintzea izan zuen ardatz, parte hartzaileei beren egunerokoan hizkuntza ohiturak aldatzeko eta gune zein harreman berrietan euskara txertatzeko gakoak emanda.

Ordura arteko guztia Ekin fasearekin biribildu zuten: herriko elkarte, merkatari, hezkuntza komunitate eta pertsona ugari bildu zituen eta ariketa hori urte horretako Euskaraldiarekin uztartu zuten.