Euskal Herri osoko 35 elkarte batzen ditu Bizipoza elkarteak. Guztiek gai bana lantzen dute, baina badituzte ezaugarriak amankomunean. Leire Elizegiren hitzetan, "denek izaera bereziko gaiak lantzen dituzte, baina oraindik ere zenbait eskubide betetzeke dituzten haur edo familiek osatutako elkarteak dira". Elkartuta eta elkarrekin dihardute horrela beste bozgorailu bat egin dezaketelako, xede nagusi batekin: guztiontzat beharko lukeen eskubide guztiak bermatuta egongo liratekeen herri inklusiboa eraikitzea euskaratik eta euskaraz. Horren barruan ikusi zuten Lasarte-Orian norbanako asko dabilela egitasmo horietan edo Bizipozaren parte izan gabe ere, eskubideak eta elkartasuna oinarri izanda, helburu berdinekin dihardutenak.
Ehuntzen joan diren sare honen lehen korapiloa duela bi urte egin zuten. Miren Bardaji Lesbos-en (Grezia) zegoen kostalde horretara Meditarraneoko korronte eta olatuek eramandako migranteak laguntzen. Zenbait herrikidek elkartzea erabaki zuten hari babesa eman eta dirua bidaltzeko. "Poliki-poliki hasi ginen. Kultur etxean ekitaldi bat egin genuen, bakoitzak bere elkartearen zeregina azaldu zuen eta Mirenek hango egoerari buruzko bideo bat. Flyer batzuk ere egin genituen Munduak guztiontzat beharko luke lemapean, denok horrekin bat egiten dugulako", azaldu du Izan Iñurri-ko Julene Illarramendik. Ordutik elkarlanean jarraitu dute. "Ikusi genuen kristoren potentziala zuela herrian eta ahal ginela elkartu eta gauza gehiago egin. Oso giro ona sortu zen".
Harremanak indartu
Hamahiru elkarte batu dira hilaren 23an, igandea, aurrera eramango dituzten ekimenak prestatzeko: Txernobyl, Izan inurri, Ostadar, Kairos, Zaporeak, Aspanogi, Oporrak Bakean, Naizen, Transmaribollo, Gehitu, Beroa, Jalgune, Bizipoza-Maratoia. Baita Kool Studio eta Uxue Bereziartua Berexi ilustratzailea hernaniarra ere.
Salsamendik eta Berexik Izan Iñurrirekin kolaboratzen dute eta orain ere elkartekoek beraiengana jo dute. "Horrelako zerbait sortzea guri ere gustatzen zaigu eta herriarentzat baldin bada, askoz gehiago", onartu du Kool Studioko arduradunak. Elizegik eta Ilarramendik balioetsi egin dute herriko sortzaileen egiten duten lana eta Dinagu-n ehundu duten indargunea. "Herriari esan Kool hemen dagoela, izugarrizko lana egiten duela, emakume sortzaileen lanak daudela hemen...", ohartarazi du Illarramendik.
Goizean Bizipoza azoka egingo dute Okendon. Aipatu egitasmoetako batzuek euren postua izango dute eta haietan lanean ari diren lasarteoriatarrak egongo dira materiala saldu eta informazioa ematen. Helburua, "gai eta balore hauek guztiak gizarteratzea da, erdigunean jartzea", zehaztu du Elizegik. Adibidez, Bardajik Kairos proiektuarekin egindako lanaren berri emango du. Greziatik bueltan aurrera begira nola lanean jarraitu erabakitzen ari dira. Bi ildo jorratu nahi dituzte: lekuan bertan egindako lanketa eta salaketarako ikerketa, dokumentazioa... Betiere, emakumezkoek jasaten duten biolentzia politikoa ikustarazi eta ezagutarazi nahi dute. Azokara doazenentzat pare bat galdera eta datu batzuk jarriko ditu horri buruz pentsarazteko.
Iraungo dituen hiru ordu eta erdian, jarduerak ere aurrera eramango dituzte. Batetik, Elizegik argitu duenez, joko bat osatu dute, "herritarren eta standetan gauden pertsonen arteko harremana indartzeko". Hala, azokara doazenek kartulina bana izango dute eta postuz postu joatean, mahai bakoitzean galdera pare bat egingo dizkiete elkartea ezagutzeko. Elkarrizketa horri esker kolore bat lortuko du herritarrak, kartulinan atzamarka edo zigilua jartzeko. "Ostadarra sortuko du koloreekin eta hori osatuta, puzzle bat oparituko zaio". Aldi berean, oholtzan tamaina handian jarriko dute eta parte hartuko duten talde bakoitzeko ordezkariak igotzen joango dira hura osatzera. Puzzleak Eñaut Aiartzaguena ilustratzaile iurretarrak egindako marrazki bat du.
Bestetik, elkarte bakoitzaren ilustrazio bat egin du Berexik eta banan-banan kolorezko oihal batean jarriko dute. Karmele Salsamendik josi eta globo itxurako oihalezko mural bat egingo du, 6x6 metrokoa, munduak denontzat beharko lukeela irudikatzeko. "Denak elkartuko ditut, erdian Bizipoza eta elkarte bakoitzak bere tartea izango du, guztiak batuta". Salsamendirentzat erronka da horrenbeste metrorekin lan egitea, ohituta ez baitago, eta aurrez hasi beharko badu ere, azokan ariko da puntadak ematen. 14:00etan talde argazkia egingo dute azken emaitzarekin. Ilarramendik azaldu duenez, oihala "herriarentzat" izango da, "denontzat eskuragarri" egongo da.
Eskertza "ofiziala"
Horrez gain, goizean zirkuitu bat zehaztu eta maratoitxo bat ere egingo dutela aurreratu du Elizegik. Edonork parte hartu ahal izango du nahi duen moduan –makilekin, oinez, patinetan...– "gerturatzeko" kilometroak eginez. "Euskal Herria eta Lesbos, edo Melilla... Urruneko leku horiek gerturatzeko elkartasun kilometroak egin".
Arratsaldean, berriz, Bizipoza Jaia egingo dute. Amaia Agirrek aurkeztuko du eta hamar elkartek euren jarduna azalduko dute, bakoitzak bere erara. Bideotxoa, testigantza zuzena, marrazki bizidunak... Izan Iñurrik, esaterako, minbizia izan duen herrikide baten testigantza eramango du oholtzara, baita ezusteko bat ere. Bardajik, berriz, azokan bezala, Kairos egitasmoaren berri emango du, baina une berezi hori beste zerbaitetarako ere baliatu nahi du. "Gustatuko litzaiguke herri guztiari eskerrak ematea, ez dugulako aukera izan modu 'ofizialago' batean 2020an egindako jaialdia eta erakutsi ziguten babesa eskertzeko. Indar pila bat eman zigun, oso babestuta sentitu ginen eta indar pila bat eman zigun, egiten ari garena benetan garrantzitsua dela", laburbildu du herritarrak telefonoz izandako solasaldian. Justizia soziala lortzeko lanean ari dira eta aldaketa horretan jendeak ere sinesten duela ikusi zuten; baita horren aldeko ahalegina egiten dutela ere. "Badirudi han gaudenak garela zerbait egiten dugunak, baina gezurra da. Hemen jende pila bat ari da lanean, beste hainbat gauza egiten. Denon beharra dugu eta eraldaketa hau denon artean egiten dugula uste dut".
Halaber, batzen dituen filosofia hori islatzeko ilustratzaile hernaniarrak egindako irudi batekin flyerrak salgai jarriko dituzte 5 euroan Kool Studion, elkarteetan eta Maratoialdian aurrera eramango dituzten jardueretan. "Denok egingo dugu hau, denon artean. Ekarpen bat da hori guztia ordaintzeko", zehaztu du Illarramendik.
Elkarte bakoitzaren ardatz diren errealitateek “gizartearen erdigunera ekartzea” behar dute eta horretarako gunea izango da Maratoialdia. Parte hartzea berezia dela aitortu dute lau kideek. Elizegiren hitzetan, "euskara gure oinarrietako bat da. Gainera, lasarteoriatarrak gara elkartu eta bidea egiten ari garenak". "Zerbait goxoa sortzen da. Kristoren gogoa daukagu guztiok, Maratoiari ekarpen bat egitearren elkartu gara ere", osatu du Illarramendik azalpena. Sarea indartzen jarraitzeko aukera izatea gustatuko litzaieke, Bardajik esan bezala, "aldaketa kolektiboa" baita, eta proiektu guztiak dira beharrezkoak". Baita norbanakoak ere. "Gizarte osoak badaukagu zer egina eta zer emana, denontzako beharko lukeen herri inklusibo hori eraikitzeko, denona izango dena, ez soilik baitzuena", laburbildu du Elizegik.