Ekitaldi hunkigarri bezain goxoan elkartu dira lasarteoriatarrak, ostegun arratsaldean, Manuel Lekuona kultur etxean. Elkartasunak batu ditu. Miren Bardaji herritarra Greziako Lesbos irlako errefuxiatuekin egiten ari den lana gizarteratu eta laguntzeko asmoz antolatu dute egitasmoa. Horrekin batera, Bizipoza elkartearen barruan dauden elkarte ezberdinen aurkezpena egin dute.
Porrotx eta Marimotots irten dira oholtza gainera. Hesien artean agertzen den haur baten ilustrazioarekin batera, 'Munduak denontzat beharko luke' irakur zitekeen pantaila handian. Jone Bengoa Sastraka ilustratzaileak egin sortu du irudia.
Bizipoza aurkeztu dute lehenik eta horretarako, Leire Elizegik hartu du hitza elkarteko kide gisa. Kultur etxera bertaratutakoei ongietorria eman, eta elkartearen aurkezpen bideoa jarri dute gero. Bertan azaldu dira elkarteko ordezkari ezberdinak, euren testigantzak ematen. Azaldu dute, besteak beste, izaera bereziko gaiak lantzen dituzten haur eta familien ongizatea helburu duten elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzen diotela. Bizipozaren inguruko ikus-entzunezko laburra ikusi eta gero, Lierni Rekondo bertsolariaren bertso bat entzun ahal izan dute; hori ere aurrez grabatu eta pantailan bota dute.
Oporrak Bakean txanda izan da gero. Gaur-gaurkoz Mendebaldeko Sahara bizitzen ari den gerra egoerara udaberri koloretsua bidali dute Porrotx eta Marimototsek eta Tomas Arruti Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldearen ordezkariari eman diote hitza. Azaldu du duela hilabete sortu zutela taldea eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin die. Amaitu aurretik, besarkada estu bat bidali dio Mireni.
Bere hitzartzea amaituta, Euskal Herrian bizi den Abdelmayid Ali sahararrak hartu du mikroa eskuartean, eta Mendebaldeko Saharan gertatzen denaren berri eman du, lehen pertsonan. Mendebaldeko Saharak gerrarik ez duela nahi argi azpimarratu du: "Guk ez dugu gerrarik nahi, gureak diren lurrak berreskuratu nahi ditugu. Egoera oso kritikoa da".
Zuzeneko musika tarteko
Joseba Tapia trikitilaria ere agertu da taulagainera. Trikitia besoetan hartu eta Jon Sarasuaren hitzekin osatutako abesti bat abestu du sorterritik alde egin behar izan dutenei Lurraren seme abestia eskaini die.
Koloretako zapiekin jolasean ibili dira gero pailazoak eta ortzadarraren koloreekin egindako bandera astinduz, Maitane Arzalluz herritarrari eman diote hitza. Gehitu, Euskal Herriko Lesbiana, Gay, Transexual, Bisexual eta Intersexualen Elkarteko langilea da (Ander Casado lasarteoriatarrarekin batera), eta berak ere, hitz batzuk zuzendu dizkie aretoan bildutakoei.
Ekitaldiaren leloari eutsi dio, azalduz, munduak denontzat beharko lukeen arren, gaur egun hori oraindik ez dela hala. Pozik agertu da, ordea, aretoan bildutakoek hori lortze bidean egiten duten lan kontzienteagatik. Elkartearen mikro-dokumentala ikusi eta musikari ireki zaio tartea berriro. Maialen Aristegi gitarra jotzailearen abestu bat entzun dute.
Hotzetik babesteko, Beroa
Hotzez agertu da Marimotots oholtza gainean, eta berotasunean sartzeko, berokia eta artilezko lepokoa janzten lagundu dio Porrotxek. Beroa, Gipuzkoako Harrera Familien elkarteari erreferentzia egin diote esketx horren bidez. Marimototsek berak, bere esperientziaren berri eman du. Kontatu du bere bikotearekin batera bi aldiz hartu dituztela harreran haurrak, eta oso esperientzia polita izan dela: "Oso harreman polita daukagu beraiekin eta euren familiekin".
Olatz Arocena herritarrari eman dio hitz gero. Arocenak ere, bi haur ditu harreran orain dela bost urte eta erditik, eta bere bizipenak partekatu ditu: "Esperientzia oso polita da; oso pozgarria da ikustea nola hazten diren adibidez, baina intentsua ere bada, edozein familia bezala, egoera gorabeheratsuak daude".
Testu goxo bat irakurri du gero Aintzane Usandizaga idazle lasarteoriatarrak gero. Familia kontzeptuaren inguruan hausnartu ahal izan dute ikus-entzuleek bere testuarekin eta pailazo pirata bihurriak agertu dira gero oholtza gainean.
Piraten antzera, ezpatekin jolasean aritu dira Porrotx eta Marimotots eta Aspanogi, Gipuzkoako haur minbizidunen guraso elkarteko kide Laura Hueso aurkeztu dute. Berea semea minbiziarekin gaixotu zeneko gogoeta partekatu du Huesok; oso gogoan du garai hartan sentitutako beldurra, baina baita ere, horri aurre hartzeko ingurukoengandik jasotako maitasun guztia ere.
Elkartearen dokumental laburra ikusi eta inurriak izan dira protagonista gero. Minbizia duten pertsonei laguntzeko elkartea da Izan Inurri eta horien sortzaile dira Julene Illarramendik eta Miren Cuerdok egiten duten lanaren berri eman dute, hunkituta.
Kirolean ere inklusioaren alde
Baloiarekin jolastuz eta bihurrikeriak eginez aurkeztu dute pailazoek Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa. Eta herrira ekarriz, Ostadar Inklusioa taldeko Iurgi Olasagasti ordezkariak hitz egin du. Oso hunkita agertu da jendaurrean, eta eurek egiten duten lanaren berri eman du.
Axier Arteaga pilotaria eta Iraia Iparragirre futbolaria ere agertu dira pantaila handian eta mezu bana bidali diote Miren Bardajiri. Axierrek, irabazi berri duen Promozioko buruz buruko txapela eskaini dio Grezian dagoen herritarrari eta Iparragirrek, aldiz, entrenamendu saio bateko gol bat eskaini dio.
Lasarte-Oriatik, Txernobilera
Txernobilgo haurren berri ere eman dute. Porrotx eta Marimototsek herrialde horretan gertatutako istripu nuklearraren ondorioz sortutako kutsadura ekaitz indartsu baten bidez desagerrarazten saiatu dira. Chernobilen lagunak taldeko bi ordezkarik ere hitz egin dute. Saharako haurrak bezala, Chernobilekoak ere etortzen dira urtero-urtero Euskal Herrira, eta aurten, COVID-19ak eragindako egoera dela-eta, ezinezkoa izan da hori. Horrela, eskolarako materiala eta janaria bidali dizkiete Euskal Herriko senideek.
Joseba Tapiak girotu du gero ekitaldia. Trikitia soinean hartu eta etxetik alde egin behar izan zuen euskal idazle Joseba Sarrionandiaren hitzekin Mikel Laboak sortutako abestua kantatu du: Oroitzen zaitudanean ama.
Lesbosetik eskertza mezua
Miren Bardaji ere zuzendu zaie kultur etxeko aretoan bildutakoei. Lesboseko Moria errefuxiatuen kanpamentuan bizitzen ari diren egunerokoaren berri eman eta bere hango lana ezagutzeko aukera izan dute herritarrek. Mirenen guraso Arantxa Maiza eta Imanol Bardajik ere hartu dute mikrofonoa eta hirurek, eskerrak eman dizkiete ekitaldia antolatzen aritu diren guztiei. Zaku bete muxu bidali diote bardajiri eta Ane Labakak bertso bat ere bai.
Umorez eta dantzan amaitu dute ekitaldia. Intza Alkainek eta Bea Egizabalek barre algaraz bete dute aretoa eta Jalgune Elkartearen Pausoka-pausoka abestiarekin astindu dituzte besoak ikus-entzuleek. Hunkituta eta bizipozez beteta etxeratu dira denak. Elkartasunak mugak gainditu ditu beste behin Lasarte-Oriak.
Diru-bilketa
Miren Bardajiren proiektua diruz laguntzeko bide bai baino gehiago jarri dituzte. Salgai jarri dituzte Jone Bengoa Sastraka ilustratzailearen Munduak guztiontzat beharko luke diseinua daramaten postalak, bost euroan. Horrekin batera, Puntada Solidaria ekimeneko kideek egindako materiala erosteko aukera ere izango da, besteak beste, maskarak gordetzeko zorroak, motxilak, poltsak, eta abar. Herriko hainbat komertzioetan erosi ahalko dira material horiek guztiak. Bizum bidez diru-ekarpenak ere egin ditzakete herritarrek, 658 52 50 58 telefonoan; kontzeptuan Lesbos hitza erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek.