"Literaturaz edozein modutara hitz egin daiteke, baita croissant bat eskuan duzula ere"

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urr. 14a, 10:00

AINTZANE USANDIZAGA ETA LIHER UNANUE - GOSARI TERTULIAKO PARTAIDEETAKO BI

Hilaren 22an Euskararen 10. Maratoialdiaren hasiera zuzenean ikustekotan bazara, joan zaitez baraurik, 09:05etik aurrera gosari tertulia egingo baitute Lasarte-Oriako Irakurle Txokoko kideek, arte diziplina ugaritan hitzekin jolasean dabiltzan zenbait sortzaile gonbidatuta. Jarduera moderatuko duen Aintzane Usandizagarekin eta irakurle txokoko kideetako bat den Liher Unanuerekin elkartu da TXINTXARRI, egun berezi horri ekiteko egitasmo are bereziagoari buruz gehiago jakiteko.

Zer antolatu duzue hilaren 22rako? 

Liher Unanue: Maratoitik proposatu ziguten zerbait egiteko aukera. Larunbat goizeko ordu tarte hori eskaini ziguten; gosaria eta literatura lotzea pentsatu genuen. Bileratxo bat egin, eta gaia ikuspuntu irekiago, zabalago batetik lantzearen ideia jarri genuen mahai gainean, hitzarekin jolasean dabiltzan herriko sortzaileengan pentsatzen hasita: idazleak, bakarrizketetarako testuak umoretik egiten dituztenak, kantuei letra jartzen dietenak... Planteamendu horri forma ematen laguntza behar genuenez, Aintzanerengana jo genuen.

Aintzane Usandizaga: Oso polita iruditu zitzaidan proposamena, literatura hitzari jartzen zaizkion zametatik (liburu potoloak argitaratzen dituztenak soilik direla sortzaile, edo gaiaz hitz egiteko seriotasunez aritu behar dela ezinbestean) harago aritzea. Hitzen bueltan aritzen diren herrikideen topaleku bat sortzea eta gosari formatua ematea oso interesgarria dela uste dut. Denok batera gosalduko dugu, ez oholtza gainean, azpian baizik, mahai handi baten bueltan. 

Nortzuk gonbidatuko dituzue? 

A.U.: Pablo Barrio, Martin Anso, Idoia Garzes, Ane Labaka, Harkaitz Cano, Joseba Tapia eta Iñaki Petxarroman etorriko dira; ni haiei amuak botatzen ariko naiz. Bertaratzerik izango ez badute ere, Ixiar Rozas, Bea Egizabal eta Intza Alkainek ere parte hartuko dute; bideo batzuk bidaliko dizkigute. Solasaldia egiteaz gain, irakurle txokoko kide guztiek parte hartuko dute. Nola? Irakurle bakoitzak sortzaile horietako baten lanaren zati bat irakurriko du, minutu batez gutxi gorabehera. Oso ariketa polita izango da, eta garrantzitsua irakurleentzat. Lan ederra egin duzuela uste dut, Liher: pasarte bitxi eta anitzak hautatu dituzue.

Liher, nolakoa izan da pasarte horiek aukeratzeko ariketa zuentzat?

L.U.: Konturatu gara uste genituenak baino lan gehiago egin dituztela sortzaile horiek, literaturaren ertz gehiago ukitu dituztela. Asko mugitu gaitu horrek. 

Tertuliara bertaratuko diren herritarretako askori ere hori bera pasako zaie, ezta? Herrikideen sormen lana sakonago ezagutu ahalko dute.

A.U.: Prentsan ateratzen dira liburuen aurkezpen ekitaldiak-eta, baina ez nola idazten den Album bezalako obra bat gorputzetik hasita, edo nola jartzen zaion letra melodia bati... Jolasak dira horiek guztiak. Esango nuke Lasarte-Orian askok egin dituztela halakoak, izan ere, nork ez du idatzi gidoiren bat Santa Ana parodiarako? Nork ez du prestatu testu edo kantaren bat Maratoirako? 

Literatura ez da gauza serio, formal bat bakarrik: hitz, narrazio eta istorioekiko kuriositatea eta maitasuna da, gauzak modu eta begirada berezi batekin kontatzea. Ezetz dirudien arren, denok dugu begirada hori. Literaturaz edozein modutara hitz egin daiteke, baita ere croissant bat jan bitartean, zergatik ez. Gonbidatuak lotzeko harremanak egin eta haien lanak aztertzerakoan, ikusi dut uste baino herritar gehiagok idatzi dutela antzerkia noizbait, ia guztiek egia esan. Asko harritu nau horrek. Oso ertz desberdinetatik hurbildu dira gure herriko sortzaileak literaturari hitza egitera.

Aintzane Usandizaga: "Hitz, narrazio eta istorioekiko kuriositatea eta maitasuna da literatura, gauzak modu eta begirada berezi batekin kontatzea"

A zer nolako sortzaile zerrenda... Uzta ona dugu gure herrian.

L.U.: Bai... Garbi dugu bidean herritar mordoa utzi dugula, batzuen lanen berri ez dugulako, edo tertuliari forma eman ostean izan dugulako haien berri.

Solasaldia Maratoian izateak lagundu al du hizlariak lotzen?

A.U.: Baietz esango nuke, zenbait urrun bizi badira ere etorriko dira. Den-denek izugarrizko prestutasuna erakutsi dute, sorpresa polita izan da. 

L.U.: 27 eta 65 urte bitarteko sortzaileak elkartuko ditugu, adin tarte desberdinetako pertsonak, aberasgarria izango da hori.

A.U.: Maratoiak berak badu belaunaldi ugari bateratze hori, eta topaketa hau ere hortik doa, aukera izango baitugu umeak ginela irakurtzen genituen idazle horiekin elkartzeko.

Ordubete inguruz ariko zarete. Nahikoa denbora al da?

A.U.: Abantaila bat dugu: puntual hasiko gara, hasiera ekitaldia eta gero. Nahiko genukeen guztia egiteko ez da aski izango, 2-3 ordu beharko genituzke gutxienez, baina eskertuta gaude eman diguten tarteagatik. Izerdi pixka bat botako dut moderatzaile lanetan, hori bai [barreak].

L.U.: Beste ikuspuntu bat emate aldera, hilaren 22an egingo duguna hazia izan daiteke egun osoko topaketa bat, jardunaldi batzuk...egiteko, aurrerago. Edo, agian, Maratoi propio bat antola genezake! Ez, hobe ezetz, jendea aspertuko genuke bestela [barreak].

A.U.: Ixiar Rozasekin hitz egin nuenean, esan zidan penatuta zegoela ezingo zuelako herrira etorri, baina prest egongo litzatekeela topaketa horri jarraipena emateko. Sortzaileek gustuko izan dute ideia Maratoiak berak duen magiaz harago, pozgarria da hori.

L.U.: Gero eta gehiagotan entzuten dugu sortzaileen arteko elkarrizketak oso aberasgarriak direla haientzat ere, beraz, etorkizunean antola genezake topaketa edo antzekoren bat, zergatik ez.

A.U.: Askotan, sortzailearen irudi bakartia da ematen dena. Egia da ordu askotan horrela dela, baina elkarrizketa ugari behar dira prozesua aurrera eramateko: liburu bat irakurri bitartean hori idatzi duenarekin izaten duzuna, irakurleekin nahiz editorearekin izaten dituzunak, kolektiboki sortzean izaten direnak...

Liher Unanue: "Hilaren 22an egingo dugun tertulia hazia izan daiteke egun osoko topaketa bat, jardunaldi batzuk...egiteko, aurrerago"

Gosaldu bitartean irakurtzeko ohitura duzue zuen egunerokoan?

L.U.: Prentsari begirada bat eman bitartean gosaltzen dut nik beti, gustatzen zait hori lasai egitea, ordubetez-edo. Gosaria lotzen dut irakurtzearekin, baina gainerako otorduak ez.

A.U.: Astean zeharreko gosariak eta asteburukoak desberdintzen ditut nik. Lanera joan aurretik goiz jaikitzen naiz, baina nire burua geroago esnatzen da. Asteburuetan lasaiago nabil. Hori bai, oso gustuko dut otorduak solasaldiekin lotzea, ez dakit hitz egin bitartean eskuekin gauzak egiten ari garelako edo zer, baina uste dut askeago egoten garela une horietan, solteago.

Herritar gisa, zer da zuentzat Euskararen Maratoia?

A.U.: Umetatik festa erraldoi bat bezala bizi izan dut. Oraindik zer zen oso ongi ulertzen ez nuenean ere kontagiatu egiten ninduen giro berezi horrek, eta gogoan dut baita ere amaitutakoan uzten zizun aje sentsazio triste hori. 2004ko Maratoian zortzikoteko kide gazteena izan nintzen, eta amaierako pregoia irakurri nuen. Nire bizitzako esperientzia hunkigarrienetako bat izan zen. Lasarte-Oria bezalako herri batean, non sakabanatu eta barreiatu samar bizi garen, Maratoiak badu zerbait oso geure egiten duena, batzeko ahalmena du.

L.U.: Maratoia erabat lotzen dut emozioekin. Txiki-txikitatik ezagutu dugu, euskaldun garen heinean eta izan ditugun zailtasunak ikusita, euskara bultzatu eta hauspotzen ditu, eta hori gogoz bizi izan dugu.

Aintzane Usandizaga: 2004ko Maratoian amaierako pregoia irakurri nuen:. Nire bizitzako esperientzia hunkigarrienetako bat izan zen"

Azken alditik aurtengora arte ez dira lau urte igaro, sei baizik. Are gogo gehiagoz hartuko dugula iruditzen zaizue?

A.U.: Pandemia eta gero, Festak diren erritual sozial horiek oso beharrezkoak direla konturatu naiz, emozioekin komunikatzen garelako, zerbaiten parte garela sentitzea. Aurtengo sanpedroak, adibidez, espezialak izan dira, eta Maratoia berez denez berezia, aurtengoa are bereziagoa izango da.

L.U.: Lau urte pasa eta gero kristoren gogoz egoten bagara Maratoiaren zain... Bi urte gehiago gehituta, zer esanik ez!

Gogoa aipatu duzula, Liher, irakurle txokoan zabiltzatenak ikasturteari ekiteko irrikaz egongo zarete, ezta?

L.U.: Bai, hala da. Urritik abendura arteko saioak definitu ditugu orain arte: datorren asteko asteazkenean, hilak 19, Joseba Sarrionandia etorriko da, Bizitza ez al da oso arriskutsua? lanari buruz hitz egitera, Antonio Mercero gunera, 19:00etan. Azaroan Eider Rodriguezekin ariko gara Eraikuntzarako materiala eleberria aztertzen, eta abenduan, Danele Sarriugartek euskaratu duen Hamahiru ipuin landuko dugu. Abendura artekoak aurrez definitzen ditugu Durangoko Azoka datorrelako, eta horrenbeste artefakturen artean zailagoa delako aukeratzea [barreak]. Hurrengo kolpea urtarrilean egingo dugu, eta ekainera arteko saioak definituko.

Irakurleentzat zein idazle gonbidatuentzat oso aberasgarriak izango dira saio horiek, ezta? Aintzane, 2019ko abenduan izan zinen zu irakurle txokoan, Kabitu ezina ipuin liburuaz hizketan.

A.U.: Sortzaile gisa izugarri aberasgarriak dira topaketa horiek, bai. Sortzen diren galderak, elkarrizketak... Gogoratzen dut gauza mordo batetaz aritu ginela, arteari buruz mintzatzen bukatu genuela. Nik uste hori dela literatura, bizitzako edozein gauza. Irakurle gisa joan naizenetan ere oso interesgarria da egileekin iritziak partekatzea.

L.U.: Irakurle txokoko kide garenok asko janzten gaituzte horrelako saioek. Uxue Alberdik dinamizatzen du taldea, eta laguntzen digu tipularen geruzak zeharkatu eta barrurago joaten. Idazlea bera etortzen denetan, sormen lanaren muinera joaten gara, hori ulertzen dugu, eta irakurtzen bizi izan duguna hamar aldiz biderkatzen du. Izan ere, gauza eta xehetasun ugari uzten ditugu bidean irakurtzen ari garen bitartean.

Liher Unanue: "Idazlea irakurle txokora etortzen denetan, sortu duenaren muina ulertzen dugu, eta irakurtzen bizitakoa hamar aldiz biderkatzen"

Talde irekia al da zuena?

L.U.: Bai. Ea lortzen dugun belaunaldi gazteetako irakurleak erakartzea. Agian kanpotik ematen du talde itxi edo klub bat dela gurea, baina ez: edonor etor daiteke, oso gustura hartuko ditugu jende eta iritzi berriak.