Aintzane Usandizaga idazlea pasa da Irakurle Txokotik asteon. Kabitu ezina ipuin liburua ondu du lasarteoriatarrak; zortzi istorio jaso ditu lan horretan. Izenburuan igarri daitekeen bezala, ezinegona da liburuaren ardatzetako bat, irakurleek protagonistengandik jasotzen duten sentimendua: urduritasuna, nork bere burua ez ulertzea edo ez onartu nahi izatea... Horri buruz eta liburuaren beste hainbat ezaugarriz aritu da solasean herritarra, Uxue Alberdi idazleak dinamizatutako saioan, kultur etxean. Dozena bat irakurlek adi-adi entzun dituzte idazlearen gogoetak, eta baita galderak egin ere. Bakoitzak zeukan liburuaren ale bana mahai gainean.
Apirilean argitaratu zuen Kabitu ezina Usandizagak. Handik bi hilabetera, ekainean, herrian aurkeztu zuen, lagunartean, Jalgi Kafe Antzokian. Uztail erdialdean TXINTXARRI aldizkariarekin izandako solasaldian, herritarrak zioen "oso polita" izan zela ekitaldi hori. "Liburua zuk idazten duzu, baina hainbat lagunek entzuten dizkizute ideiak, aguantatzen zaituzte dispertsa zaudenean... Lagun horiekin aurkezpena egitea eta Jalgin... Oso gustura egon nintzen". Proiektu gehiago baditu esku artean idazleak; Etxepare Saria jaso du berriki, Asier Iturralderekin batera, Etxe honetan album ilustratuarekin.
2020an, saio gehiago
Astearteko saioarekin itxi du urtea Irakurle Txokoak, baina ez ikasturtea. Eguberriak pasa eta gero, 2020. urtean, jarraituko dute elkartzen. Klasiko bat jorratuko dute urtarrilean: Robert L. Stevensonen Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia, hain justu. Otsailaren 18an aldiz, asteartearekin, Mari Luz Estebanen Andrezaharraren manifestua izango dute hizpide. Idazle hori gonbidatuko du saiora Uxue Alberdik. Martxoko saioan Amets Arzallus etorriko da kultur etxera, Miñan liburuari buruz hitz egitera.
Urrian ekin zion 2019-2020 ikasturteari Irakurle Txokoak; Beñat Sarasola donostiarraren Deklaratzekorik ez eleberria aztertu zuten. Azaroko saioan, berriz, Fleur Jaeggy suitzarraren Proleterka lanari buruz hitz egin zuten.
Euskadi Irratiko Mezularia irrati saioko lagunekin izandako solasaldia