Sentitu izango da lehen fasea, esan bezala, hilaren 22an eta 23an, euskaraz gehiago hitz egiteko motibazio kolpea jasotzeko; bigarrena, Prestatu, hilaren 24tik azaroaren 17ra, hizkuntza asertibitatean kolektiboki entrenatzeko; eta hirugarrena, Eta ekin, azaroaren 18tik abenduaren 2ra, hitz egiteko garaia, Euskal Herri osoan egingo den Euskaraldian. Ezin ahaztu ariketa sozial horren ernamuina izan zela 2016ko Euskararen 9. Maratoia, "armairutik irten" ginenekoa, Baietz 40 egun euskaraz eta ahobizi zein belarriprest rolak sortuta. Sei urte geroago, beste pauso bat emateko prest lasarteoriatarrak. Beno, hobe esanda, hiru: Sentitu, prestatu...eta ekin!.
Euskaraz gehiago hitz egiteko motibazio kolpea jasoko dugu Sentitu fasean, beti ezagutu izan dugun Maratoian, hilaren 22an eta 23an. Horretarako gogoa pizteko helburuz, izango dira momentu solemne, hunkigarri, barregarri eta dibertigarriak! Laster izango duzue antolatzaileek mimoz prestatu duten egitarauaren berri. Adi egon!
Herria girotzeko, kartelak
Hastear den Maratoialdirako motorrak berotze aldera, egitasmoaren antolatzaileek kartel berezi batzuk sortu dituzte, bat fase bakoitzeko. Lehenengoa, Sentiturena, gaur jasoko duzue postontzian, aldizkariarekin batera. Hartu, eta animatu balkoi edo leihoren batean jartzera! Hurrengo bi banaketa bereziak hilaren 28an eta azaroaren 11n izango dira: Prestatu eta Eta ekin faseen afixak jasoko dituzue, hurrenez hurren.
Lantaldeetarako laguntzaileak
Horrekin batera, antolatzaileek gogorarazi dute herritarren laguntza beharko dutela hilaren 22 eta 23ko asteburuan egin beharko diren hainbat zereginetarako: txosnan txandak egin, photocallean argazkilari gisa aritu, eta abar. Esteka honetan eman dezakezue izena.