Zangoekin egiten diren maratoiek 42,195 kilometro dituzte luze. Lasarte-Oriak aurtengo urritik abendura bihotz, burmuin eta mihiarekin egingo duenak 42 egun iraungo ditu, urriaren 22tik abenduaren 2ra. Euskararen 10. Maratoialdia izango da, eta hiru fase izango ditu, egitasmoaren leloarekin bat datozenak: Sentitu, prestatu...eta ekin!. Lasterketa arruntek ez bezala, hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera hauspotuko duen honek ez du parte hartzaile eta dortsal mugarik: aurkezpen ekitaldian parte hartu duten udal ordezkari, eragile eta zortzikoteko kideek behin eta berriro animatu dituzte lasarteoriatarrak jarduerarekin bat egin eta hamar atzamarrak elkar hartzera.
Bea Egizabalek aurkeztu du ekitaldia, ohi bezala, umoretik. Aldarrikatu du Euskararen Maratoia ez ezik, gerora Euskaraldia bilakatu zena –2016ko Baietz 40 egun euskaraz ariketa soziolinguistikotik abiatuta; orduan jaio ziren Ahobizi eta Belarriprest rolak– ere gure herrian sortua dela, eta logoak "askoz politagoak" direla: "Eusko Jaurlaritzak diseinatutakoek igogailuetako irudiak ematen dute, adibidez, belarriak". Udaleko Euskara batzordeko lehendakari Jon Antxordoki gonbidatu du oholtza gainera, eta honek ere umoretik heldu dio gaiari: "Gauza bat egin genuen gaizki duela sei urte, ez genion patentea jarri ariketari; nork daki, agian kiroldegi berria eraikitzeko adina diru lortuko genukeen".
"Gure hizkuntza, gure herriko plazara"
Euskararen Maratoiaren ideologoen txanda izan da gero: Agus Mujika eta Iñaki Arrutik gogoratu dute egitasmoa nondik datorren, eta 1986ko Lasarte-Oriaren argazkia egin. "Maratoiaren lehenengo zehazpena" ere erakutsi dute, Mujikak 1986an eskuz egindako eskema bat.
Horren ostean, 1986tik 2016ra arteko bederatzi Maratoiak errepasatu dituzte, banan-banan. Arruti: "1988koa eta gero porru eginda amaitu genuen, eta erabaki genuen ezin zuela bi urtean behin izan, lau urtean behin baizik".
Sentitu, prestatu...eta ekin!
Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek azaldu du Euskararen 10. Maratoialdia zertan den. Sentitu, prestatu...eta ekin! da aurtengo leloa. Egitasmoak izango dituen hiru faseek hortik hartu dute izena. 42 egun iraungo ditu, urriaren 22an hasi eta abenduaren 2ra arte.
Argitu dute misterioa
Agus Mujikak 1986ko Maratoirako prestatutako eskeman jartzen zuen bost pertsona arduratuko zirela jarduerak dinamizatzeaz, baina zortzi izan ziren azkenean. Urteak joan eta urteak etorri, bera izan da kideetako bat, hutsik egin gabe. Aurten, ordea, erreleboa ematea erabaki du, "arazo fisiko batzuk" tarteko. Edonola ere, argi, baliteke aurten "zortzi eta erdi" izatea festa handiari gatza eta piperra jarriko diotenak, Mujikak iragarri baitu Lasarte-Oriara etorriko dela urriaren 22an.
Nortzuk dira, orduan, zortzi zoro horiek? Ekitaldian bertan argitu dute misterioa, baina ez berehala, aretora buruhandi jantzita sartu baitira. Buruko dotoreak kendutakoan, orduan bai, zortzikoteko kideak ezagutu dituzte ikus-entzuleek. Horietatik hirurentzat ez da esperientzia berria Joxe Mari Agirretxe (beteranoena, orain arteko maratoi guztietan parte hartu duen bakarra); Rebeka Garzes (2000ko alditik ez du hutsik egin); eta Enara Ieregi (hau ere ezaguna, hirugarren aldiz ariko da). Gainerako bostek, berriz, aurten debutatuko dute: Maitane Eizmendi (gazteena), Jagoba Mendizabal, Viky Castro, Coro Dominguez eta Iñaki Etxegia Patxo. "Aurten lehenengoz, gizon baino emakume gehiago daude zortzikotean, bost eta hiru", azpimarratu du Agirretxek. Egizabalek mikroa eman, eta bakoitzak bere buruaren aurkezpen umoretsua egin du. Galako une hunkigarrienetako bat izan da Maitane bilobak Pepi Arsuaga amona oholtza gainera igotzera gonbidatu duenekoa, berak bizitakoa konta diezaion: Arsuagak badaki zer den zortzikoteko kide izatea, 1992ko aldia dinamizatu zuenetako bat izan baitzen. Esan du "ikaragarri" gozatzen duela Maratoiaz, batez ere, "ez duelako ezer egin behar, ez 1992an bezala".
Bestalde, zer da Maratoia Safri Duo-rik gabe? 2016an gure belarrietatik bihotzetara sartu zen abesti hori ere dantzatu dute zortzikoteko kideek, eta Patxok erakutsi du Mujikaren lekukoa hartzeko pertsona aproposa dela. Egizabal ere bat dator kantaren garrantziarekin: "Benidormera oporretara joan, doinu hori entzun, eta lasarteoriatarrak bakarrik hasten gara dantzan". Gehitu du ezagutzen ez duena herritik kanporatu behar dela.
Formalismo batere formala izan ez den horren ondoren, Mendizabal eta Ieregiren eskutik, Hamar atzamar abestiaren letra eta koreografia ikasi dituzte ikus-entzuleek, hurrenez hurren:
Abestu eta gero, dantza!
Webgunea eta kamisetak
Emozio, algara, dantza, kanta eta bestelakoen artean, Euskararen 10. Maratoialdiaren webgunea eta aurtengo kamisetak ere aurkeztu dituzte. Azken horretarako boluntario ugari animatu dira oholtza gainean desfilatzera. Lehen aldia izanagatik, trebeziaz mugitu dira alde batetik bestera.
Talde argazki erraldoia atera eta gero, kafetegiko luntxera joan dira ekitaldira bertaratutakoak, indarrak hartzera. Ezetz dirudi, baina emozioak dantzan jartzeak ere nekatzen du. Hasi dira urrirako berotzen.