Lasarte-Orian, nola ez, era berezi batean aurrera eramango dugu aurtengo Euskaraldia, izan ere, Euskararen 10. Maratoialdiaren urratsetako bat izango da, azkena, urri erdialdetik sentitu eta prestatutakoaren ostean egin beharrekoa: ...eta ekin! fasea, hain justu. Izenak ongi adierazten duen moduan, jarduteko garaia izango da, ekitekoa. Euskaraldiaren beraren leloak ere hori bera aldarrikatu du: Hitzez ekiteko garaia. Hirugarren aldia izango da aurtengoa, azaroaren 18an hasi eta abenduaren 2an bukatuko dena.
Duela bi urte bezala, bi parte hartzaile mota izango dira: gutxienez euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako norbanakoak (ahobizi edo belarriprest modura) eta mota guztietako entitateak (ariguneak osatuko dituzte, euskaraz lasai aritzeko eremuak). Batzuek nahiz besteek izena eman dezakete; entitateen kasuan, azken eguna urriaren 31 izango da, astelehena.
Bi helburu nagusi
Euskaraldiaren hirugarren aldiaren bi xede nagusiak hauek izango dira: parte hartzen duten norbanako eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak egitea; eta parte hartzea hedatzea, alegia, ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago izatea. Batez ere, ariguneak dira gako horretan, entitateetan ariketa modu kolektiboan egiteaz gain, eraginkorrak direlako herritar multzo berriengana iristeko.
Aipatutako hori lortzeko, antolatzaileek sustatuko dute ahobiziak eta belarriprestak eragile aktibo izatea, partaideek lorpen berriak eskuratu eta horiek ikusaraztea, entitateetan argiuneak hedatzea eta ariketa bistaratzea, ikusgarri egitea. Norabide horretan, kaleko presentzia berreskuratuko dutela iragarri dute: mahaiak atera, ekimenak kalean aurrera eraman eta txapa, kartel eta banderolen bidez kalean ikusgarritasuna eman Euskaraldiari.
Gune ibiltaria
Euskaraldia ikusgarri egiten lagunduko duen egitasmoetako bat izango da gune ibiltaria, antolatzaileen aburuz. Ariketa herritarrei hurbildu eta horri buruzko informazioa ematea dira horren helburuak. Herriz herri dabil hilaren 17tik (Oriotik abiatu zen), eta Lasarte-Orian azaroaren 9an izango da, asteazkenarekin.
Horrez gain, ariketaren ikur diren ahobizi eta belarriprestei txapak banatuko zaizkie azaroan zehar, eta arigune identifikagarriak izango dituzte mota guztietako entitateek eratzen dituzten eremuek. Horretarako, euskarri bereziak sortuko dituzte antolatzaileek.
2.105 herritar eta 65 entitate
Horiek izan ziren 2020ko Euskaraldia gure herrian egin zuten norbanako eta erakundeen kopurua. Kontuan izanda pandemia betean aurrera eramandako ariketa izan zela, Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak balorazio "positiboa" egin zuten. Azaldu zutenez, bakarka aritu ziren lasarteoriatarren profila hau izan zen: 35 eta 49 urte arteko emakumezko ahobizia, izan ere, hamarretik sei izan zirelako emakumeak, hamarretik zazpi ahobiziak eta partaideen %36k zituzten 35 eta 49 urte artean. Horrekin batera, nabarmendu zuten 2018ko Euskaraldian hizkuntza ohiturak astindu ez zituzten 424 herritar animatu zirela 2020an hori egitera, parte hartzaile guztien %20.