Ederra dator udazkena Lasarte-Orian. 10. Euskararen Maratoia ospatuko da urriaren 22an eta 23an, eta Euskaraldiaren hirugarren edizioa ere bai. Bi egitasmo horiek uztartuta, 10. Euskararen Maratoialdian murgilduko da herria.
Euskaraldian, pasa den edizioan bezala, elkarte, erakunde eta enpresek entitate gisa aritzeko aukera izango dute. Euskaraz lasai aritzeko ariguneak identifikatuko dituzte, eta aktibazio ariketa bati erantzun beharko diote. Hamabost egunez euskaraz hitz egiteko gune seguruak sortuko dituzte, eta bertan parte hartuko duten norbanakoak Ahobizi eta Belarriprest gisa ariko dira.
Dagoeneko, ari dira lan horretan Lasarte-Oriako hainbat entitate. 46 dira oraingoz, horien artean daude herriko establezimenduak, elkarteak, enpresa handiak eta gainerako eragileak, eta Okendo plazan batu dira asteazken eguerdian, talde argazkia ateratzeko. Hitzordu hori baliatu dute oraindik izena emateke dauden entitateei egitasmoan parte hartzera deitzeko. Dei horrekin bat egin dute Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak, eta eskerrak eman dizkie dagoeneko dinamikan parte hartzen ari direnei.
Entitate izateko inskripzio kanpaina martxan da, eta horretarako, bi bide dituzte: alde batetik, aurreko edizioan izena eman zutenek honako helbidean berretsi dezakete aurtengo parte hartzea: https://ariguneak.euskaraldia.eus/. Aldiz, parte hartuko duten lehen aldia bada, https://ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea/ webgunea erabili beharko dute izen emateko. Urriaren 31ra arte izango da horretarako aukera.
Edozein zalantza izanez gero, honako bide hauek erabil ditzakete interesdunek horiek argitzeko: 943-37 61 84 Euskara Zerbitzuko telefono zenbakia; edo, 943-37 14 48 Ttakun Kultur Elkartekoa. Kontsultagarri dago baita ere www.euskaraldia.eus web ataria.