Euskal hiztunak aktibatzeko lanean eredugarria izan da Lasarte-Orian eginiko lana. Iaz egin zuten 40 egun euskaraz erronka: ahobizi eta belarriprest rolak sortu zituzten, euskaraz jarduteko ingurumena errazteko. Eta emaitzek proiektuaren eraginkortasuna baieztatu dute. EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia Fakultatean irakasle Pello Jauregik (Pasaia, Gipuzkoa, 1958) zuzendu du ikerketa, eta hark plazaratu ditu emaitzak: erabilera 21,4 puntu igo da erronkaren eragin zuzenaren ondorioz. Baina ez hori bakarrik: hiru hilabetera emaitzek ia bere horretan eutsi diote. "Erabilera ohiturak mugitu direla frogatu dugu". Eskuragarri dago ikerketaren liburua.
Ia hiru puntu besterik ez da jaitsi euskararen erabilera erronkatik hiru hilabetera. Zein ondorio atera dituzu?
Ideia da ingurune egoki bat prestatu behar dela euskaldunak bere hizkuntza ohiturak aldatzeko. Eta guk ingurune hori prestatu dugu: ahobizi edo euskaldunen inguruan belarriprest asko jarri ditugu, hau da, ingurune abegikor bat eraiki dugu. Horrela, euskaldunak errazago egiten du aurrera. Euskal hiztunek, normalean, baldintza egokiak dituztenean joera dute euskaraz egiteko. Guk baldintza horiek prestatu ditugu, eta jendeak astindu ditu bere baldintza ohiturak.
Ingurune erdaldunean euskal hiztunak ez daki nori egin dakiokeen euskaraz.
Euskaldunek euskaraz hitz egiteko duten arazoetako bat da, solaskidea arrotza denean, ez dakitela euskaraz jakingo ote duen. Euskaraz hitz egiten badiot mindu egingo da? Ulertuko du? Zalantza pilo bat dauzkagu, eta horien aurrean, askotan, erosotasunera egiten dugu: erdarara jotzen dugu. Baina ikusten badugu jendea belarriprest bezala identifikatuta, ez dugu pentsatu behar, eroso sentitzen gara eta konfiantza dugu euskaraz hitz egiteko.
Ekimen horrek, gainera, iraun duten ohiturak finkatu ditu, ezta? Batzuk elkar ezagutuko ziren agian, baina ez zuten jakingo euskaraz hitz egin zezaketenik.
Behin pauso hori modu sozial batean eman duenean, jendea konturatu da solaskide horrekin euskaraz egin dezakeela, eta ohitura bezala finkatuta geratu da. Kasu askotan gertatu da: jendeak ez zekien norbaitek euskaraz ulertzen zuela belarriprest-eko txapa ikusi arte. Ohiturak aldatzeko, askotan nahikoa da pauso bat ematea, konturatu arte funtzionatzen duela.
Solaskide batek euskaraz aritzeko gaitasun egokia ez duenean, askotan gaztelerara jo ohi da. Erronkari esker, ordea, belarripresten solasaldi ia guztiak euskaraz izan dira.
Belarriprest batzuk euskaraz ulertu bai, baina hitz egiteko gaitasunik ez dute. Baina erronkaren barruan, dakiten apur hori atera dute. Azken finean, hizkuntza simetriaren alde egiten dugu. Euskaraz lehenengo hitza egin dietenean, mintzatzeko gaitasun gutxi dutenek euskaraz erantzuteko joera izan dute.
Euskaldunek askotan barne gatazka moduko bat izaten dute, euskaraz egin eta gazteleraz erantzuten dietenean, ez dakitelako euskaraz jarraitu edo hizkuntza aldatu behar duten.
Bai, horregatik belarriprestek berebiziko garrantzia dute. Berria da kontzeptu hori. Izugarrizko lasaitasuna ematen dio euskaldunari, barne gatazka hori desagertzen da eta. Kontratu sozial moduko bat da: aizu, egin iezadazu euskaraz, nahiz eta nik gero gazteleraz erantzun. Eta euskalduna lasai geratzen da, badakielako ez dela inor gogaitzen ari.
Zure ustez, orduan, konfiantza falta al zaie euskaldunei euskaraz hitz egiteko?
Bai, baina normala da. Oso latza da euskaldunon bizimodua. Etengabe egon behar gara pentsatzen solaskideak euskaraz badakien edo ez. Zalantza asko ditugu. Erdaldun batek ez ditu kezka horiek buruan. Horregatik, horrelako ekimen masiboak egin behar ditugu, talde baten indarra sentitzeko. Ikusi behar dugu jende pila dagoela euskara jasotzeko prest, belarriprestez inguratuta gaudela.
Lau urtetik behin egiten da Euskararen Maratoia Lasarte-Orian. Zure ustez, zein da ekitaldi horiek egiteko denbora tarte egokia? Asko eginez gero jendea nekatu daiteke ere.
Ideia antzekoa izan arren, komenigarria da zerbait aldatzea. Kanpaina txikiagoak egin daitezke, esaterako kuadrilletan, kirol elkarteetan... Orain arte indibiduala izan da ekimena, baina izan daiteke taldeka. Noizean behin egitea da komenigarria.
Nola lagundu du Lasarte-Oriako ereduak ekimena Euskal Herri osora zabaltzen?
Lasarte-Oriak eskaini du lan egiteko oso modu zehatza: komunikazio baliabideak, diseinua, ahobizi, belarriprest, txapak... Eta oso baliogarria izan zaie beste herriei, egitasmoa modu praktikoan gauzatu ahal izateko. Bestetik, egin dugun ikerketak eman dio balio erantsia, aukera izan dugulako datuen bidez baieztatzeko ekimena ez dela alferrikakoa. Balio du euskararen erabilpena sustatzeko.