"Jende askok grabatu zituen bideoak sakelako telefonoekin, bakoitzak gorde nahi zituen momentuak. Beste ikuspegi batetik egiten dugu guk hori, artxiborako oso garrantzitsua den lana; 40 orduak [azkenean 42 izan ziren, igande gaueko ekitaldia ia ordubietan bukatu zelako] Okendon eta inguruetan pasa ez zituztenek orain dute dena ikusteko aukera", adierazi du Isak. Berarekin elkartu da TXINTXARRI, Edurekin batera egiten duen inurri lanari buruz gehiago jakiteko.
"VI. Maratoian hasi ginen den-dena bideoz grabatzen, 2000. urtean aurrekoetan lan hori berak bakarrik egin zuen Exiquio Perezi laguntzen", oroitu du Isak. Geroztik, ez dute hutsik egin, eta lasarteoriatarren egitasmo kuttun horren iruditeria zabalaren parte bilakatu dira: Isa eta Edu, Edu eta Isa, Okendo eta inguruetako den-dena grabatzen, nekaezin. "Iazko urrian Idoia Telleriak lagundu zigun, larunbat arratsaldean; kuadrillakoekin tarte batez egoteko aprobetxatu genuen".
Izan ere, Isak aipatu duen bezala, Maratoiak oso-osorik grabatzeko lana hartzeak bermatzen die gertutik bizi eta momenturik ez galtzea apenas, baina ikuspuntua aldatu eta egitasmoaz gainerako herritarrek bezala gozatzea ere eskertu zuten. Hori bai, argi dute funtsezkoa dela lekukotza lan hori egitea: "Historia egiten ari gara: Maratoi guztiak, Euskaraldia... Dena jaso beharra dago, Lasarte-Oriaren ondarearen zati garrantzitsu bat delako". Horren harira, Isak uste du lasarteoriatarrek "oso gustura" ikusten dituztela laburpen bideoak, batez ere, pantailan erakusten direnak gertatu eta zenbait urtetara. "Momentu jakin bateko jendea, uneak, giroa... Ariketa oso polita da hori guztia oroitzea. 10. Maratoialdia hasi aurretik egin genituen bideo laburrekin gozatu zuten herritarrek".
Lana, "errazagoa"
Maratoiak grabatzeko ardura hartu zutenean, MiniDV zintekin jasotzen zuten gertatzen zena Isak eta Eduk, eta kapturak denbora errealean egiten zituzten. 40 orduak bukatu eta gero, fin-fin sailkatu behar izaten zuten materiala, mahai bete zinta izaten zituztelako. Gaur egun, askoz ere txikiagoak diren SD txartelak erabiltzen dituzte. Urteak aurrera joan ahala eta berrikuntza teknologikoei esker, egiten duten lana "errazagoa" bihurtu dela zehaztu du Isak. "Kamera hobeak ditugu eta bideoak editatzeko programak aldatu dira, adibidez". Horrek guztiak zeregina samurragoa bilakatu izanagatik, goizetik hasi eta gauera arte beharrean jarraitzen dute biek ala biek. "Talde oso ona" egiten dutela adierazi du Isak: "Gautxoriagoa naiz ni: larunbat gauean, esaterako, DJek emanaldia amaitu arte egon nintzen ni, eta Edu igande goizeko dianara joan zen. Ederki moldatzen gara".
Normalean, kamera batekin plano finkoak grabatzen dituzte, eta bestea eskuetan hartzen dute, enkoadre eta angeluekin jolasteko, beste perspektiba batzuetatik kontatzeko gertatzen ari dena. Okendoko karpakoa bakarrik ez, baita inguruetakoa eta aurreko aldietan egindako mendi erronka batzuetakoa ere: Buruntza, Santa Barbara eta Benedika.
Den-dena grabatzea lana bada, editatu eta ikus-entzunezkoa muntatzea, zer esanik ez. Horrenbeste ordu 40 minututan kontatzerakoan, ezinbestean, laburpen bideotik at utzi behar izaten dituzte makina bat une, emozio eta bizipen. "Dolua" eragiten die horrek. "Asko gustatu zaizkigun plano batzuk ez sartzea erabaki dugu". Dena den, oso kontuan izaten dute Maratoialdian parte hartzen duen oro: "Saiatzen gara denetik erakusten, gertatu denari osotasuna ematen".