Izaskun Manterolak eta Xuban Urdalletak irabazi dute Maratoialdiko zuhaitzetako plaken lehiaketa

Txintxarri Aldizkaria 2023ko mar. 16a, 10:06

Izaskun Manterolaren eta Xuban Urdalletaren esaldiak saritu dituzte Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Ttakun Kultur Elkarteak, Euskararen 10. Maratoialdian landatutako bi haritzei plaka bana jartzeko lehiaketan. Helduen eta gazteen kategoriatako irabazleak izan dira, hurrenez hurren; 100 euro poltsikoratu ditu bakoitzak.

Udaleko Euskara departamentuko buru Jon Antxordoki eta Ttakun KEko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek lehiaketaren bi garaileak zoriondu dituzte, eta parte hartu duten guztiei eskerrak eman. Epaimahaiko kideak hauek izan dira: Idoia Garzes idazlea, Euskara Zerbitzuko langile Aitor Unanue, Euskararen 10. Maratoialdiko zortzikoteko kide Coro Dominguez eta Vicky Castro, eta TXINTXARRI aldizkariko kazetari Iñigo Gonzalez.

Emanaldia hilaren 24an

Isa Fernandez de Agirre eta Edu Galardik Maratoialdiaren ikus-entzunezko eder bat ondu dute iazko urritik abendura grabatutako irudiekin. Datorren asteko ostiralerako, hilak 24, emanaldia antolatu dute Euskara Zerbitzuak eta Ttakun KEk, kultur etxean, 19:00etan. Herritar oro gonbidatu dute bertaratzera. Sarrera doakoa izango da. 

Erlazionatuak

Zingira haritza landatu dute

Maddi Zaldua 2022 urr 23 Euskara