'Hizkuntza loratu, izan sortzaile' lehiaketa abian jarri dute, Maratoialdian landatutako zuhaitzei hitzak jartzeko

Txintxarri Aldizkaria 2023ko ots. 17a, 06:00

Miren Zumeta eta Maitane Eizmendi, zuhaitzak landatzen.

Euskararen 10. Maratoialdian, iazko urrian, zortzikoteko kideek bi zuhaitz (haritzak, zehazki) landatu zituzten, zortzikoteko kide ohiekin eta zenbait haurrekin. Askatasunaren parkean. Orain, plaka bana jarri nahi die Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak. Oroigarri horietako bakoitzeko hitzak herritarrenak izatea nahi duenez, Hizkuntza loratu, izan sortzaile lehiaketa abiatu du. Parte hartzeko azken eguna hilaren 26a izango da.

Plaka horietako batean orain arte Euskararen Maratoian parte hartu duten pertsonak omenduko dituzte, eta bestean, herriko belaunaldi gazteei adorea piztu nahi diete, euskalgintzan aktiboki parte har dezaten. Aurreneko oroigarriko mezuaren lehiaketan 1999an edo lehenago jaio diren lasarteoriatarrek parte hartu ahalko dute, eta bigarrenarenean, 2000 eta 2011 artekoek. Esaldi bana izango du plaka bakoitzak: asko jota, 15-20 hitzekoa izan beharko du, euskaraz idatzia, jatorrizkoa eta beste inon argitaratu gabea. Lehiakide bakoitzak ezingo du mezu bat baino gehiago bidali, eta garbi adierazi beharko ditu bere izen-abizenak zein adina. Plaketan ez dituzte jarriko irabazleen izen-deiturak.

Irabazleak, martxoan 

Euskara Zerbitzuko kideek zehaztu dute euskara@lasarte-oria.eus helbide elektronikora bidali beharko dituztela mezuak herritarrek. Partaideren batek ezin badu bide hori erabili, Euskara Zerbitzura jo behar du, 09:00etatik 13:00etara. Informazio gehiago eskuratu edo zalantzak argitzeko, 943-37 61 84 telefono zenbakira deitu daiteke.

Parte hartzaileen proposamenak jaso ondotik, epaimahaiari bidaliko dizkiote, onenak aukera ditzan. Lehiaketaren antolatzaileek aurreratu dute martxo hasieran jakinaraziko dutela nortzuk izan diren irabazleak. Garaileetako bakoitzak 100 euroko sari bana jasoko du, dirutan. 

Erlazionatuak

Zingira haritza landatu dute

Maddi Zaldua 2022 urr 23 Euskara