Aldika kutixiak
Aldikara sartu eta berehala, kutixia ugari ikusi ditugu erakusleihoan, eta gainean, gune hori euskaraz lasai aritzekoa dela erakusten duen karteltxoa. Beatriz Perez arduradunak azaldu duenez (ahobizi txapa soinean darama), enpresan zehar horrelako bost eratu dituzte. Aipatutakoaz gain, langileek kafea hartzen duten txokoa edota biltegia, adibidez. "WhatsApp talde bat dugu, eta Euskaraldia hasi aurretik kide guztiak animatu ditugu izena ematera", zehaztu du. Aldikako beste behargin batzuek ere txapak daramatzate, baina elikagaiekin aritzen direnek, ez. "Metalikoa denez eta jakiekin lan egiten dutenez, ezin dute jantzi. Lanaldia bukatu eta gero, bai".
Euskaraldian izena eman duen langileetako bat da Aurel Ibo albaniarra. 2001ean etorri zen Euskal Herrira, eta urte horretako maiatzean hasi zen lanean Aldikan. "Fitxaketa ederra egin genuen", esan du Perezek. Donostian bizi izan zen hasieran, Usurbilen gero, eta hiriburura itzuli da. Euskaltegian hasi zen euskara ikasten. "Zaila den ala ez? Ikasleak duen jarreraren araberakoa da hori, batez ere. Gero, egia da, batzuek gaitasun gehiago dutela hizkuntzak ikasteko besteek baino. Ni, adibidez, ongi moldatzen naiz". Etxean, esaterako, ingeleraz egiten du emaztearekin (Erresuma Batuan ezagutu ziren), eta euskaraz haurrekin. Perezek eta Ibok, biek azaldu dute "txipa aldatzea" dela kontua. "Ez baduzu erabiltzen, ez duzu behar bezala ikasten". Aldikako ariguneei esker, ari dira ohiturak aldatzen: "Belarriprest gisa ari da parte hartzen lankide bat, eta elkarrizketa elebidunak izaten ditugu berarekin".
Plan B Zure B Aukera
Irailaren 3an zabaldu zituen lehen aldiz ateak Plan B Zure B Aukera herriko establezimenduak. Proiektu horren bitartez, beste zenbait helbururekin batera, euskara sustatu asmo dute, eta hori hala izan dadin ahaleginetan ari dira. “Gure eskaintzaren berri ematen duten eskuorriak bi hizkuntzatan daude idatzita, eta lokaleko errotulu guztiak, euskaraz. Horrez gain, gugana datorren orori lehen hitza euskaraz egiten diogu, eta erosketa tiketak ere euskara hutsean ematen ditugu. Hizkuntzarekiko “konpromiso handia” dutelako erabaki dute Euskaraldiarekin bat egin eta bertan arigune gisa parte hartzea. Bai Euskarari ziurtagiria eskuratu dutela ere jakinarazi dute, eta hizkuntza ohiturak astintzeko eginkizunean, erronka bat ere ezarri dute: talde harremana ere euskaraz egitea. Saiakera horretan ari gara, eta egitasmo hau aukera ezin hobea da horretarako", nabarmendu dute. "Saiakera horretan ari gara, eta egitasmo hau aukera ezin hobea da horretarako".