GuruBuruek bizi eta prest eraman dituzte herritarrak Euskaraldira

Txintxarri Aldizkaria 2022ko aza. 18a, 20:01

Eta ekin! fasean murgildu da Lasarte-Oria. Abenduaren 2ra arte luzatuko den ariketa soziolinguistikoaren atal berri honen lehen mugarria kultur etxean egindako aurkezpen ekitaldia izan da. Ahobizi eta Belarriprest txapak elkarrekin soinean jarri ondoren, hizkuntza ohituretan eragiteko ordua heldu da. 

Lasarte-Oria "gure Jerusalem" da belarriprest eta ahobiziak bertan agertu baitziren. Iragarpen kriptiko samarra izanda ere, Euskararen Maratoiak ere Irulegiko eskuaren aurkikuntza aurreikusi zuen. Hala azaldu dute GuruBagak eta GuruBigak Eta ekin! fasearen hasiera ekitaldian. Erlijio berezia da Euskara, profeta zinez bitxiak dituena: Guruburuak. Bi izarrek euren jakintzarekin argitu dituzte bertaratutakoak eta azken urratsera bidean gidatu.

Kalakan taldearen Sagarra jo! abesti polifonikoak lagunduta sartu dira Auditoriora, bakoitza aretoaren alde batetik, bosna jarraitzaile ilaran zituztela. Eszenariora igo direnean, mandatua egitera bidali dituen Mikel Laboa jainkoaren Baga, biga, higa dantzatu dute.

Liburu sakratu baten beharrik gabe hasi dute saioa, han zer egiten zuten, zer fasetan dauden, zer diren... galdera existentzialak diruditen horiei erantzun lurtarrak emanez: Sentitu izan zen abiapuntua, Xumelarekin, txekorrarekin...  Batailoaren ondoren, Prestatu heldu zen, guruketekin. Haietan, estres linguistikoari nola aurre egin irakatsi zuten bi maisuek. Saioetara joan ez zirenentzat, egoera posible bat irudikatu dute: Bi kafesne euskaraz eskatzea. Ulertzen ez duenaren aurrean jarrera pasiboa, erreaktiboa edo proaktiboa izan daiteke. Eurak bezalako guruentzat ere azkena lortzea ez da dirudien bezain erraza… Ariketak iraungo dituen hamabost egunetan kafea norberaren gustuan eta kopuruan hartzea, antza, ere ez. 

Haserretzea ekidin ezingo dutenentzat, Goenkaleko Maria Luisaren hiztegian oinarritutako biraotegia osatu dute. Hura praktikatzeko (eta lasaitzeko), berriz, bronkategiak atondu nahi dituzte euskaltegien ondoan edo kultur etxean. Aitorlekuen pareko lirateke,  biraoak botata barrenak askatzeko. 

Prestaketak bukatuta, Eta ekin! fasea heldu da. Horri aurre egiteko zenbait aholku zerrendatu dituzte, mandamentu gisa. 

  • Irten armairutik! (eta ez itzuli)
  • Izan elastikoa. Ez zuzendu, lasai hartu, tai (it)xi... ahoa. 
  • Aurreiritzirik ez. Zer itxura du euskaldun batek?
  • Elkarrizketa elebidunak.
  • Aukeratu rola eta ingurukoei esan. 

Azken horretarako proposamena TikTok sare sozialean bideo bat grabatzea izan da. Profeta on gisa, eredugarri izan dira, eta eurena erakutsi diete jarraitzaileei. 

Txapa sakratuak

Liturgiako une garrantzitsuena heldu da orduan: txapa-jartze kolektiboa. Oraindik ez zituztenek, sarrerako mahaian hartu ahal izan dute hautatutako rolaren ikurra ekitaldia hasi aurretik. Zutik, ostia eskuetan, apaizek aldarean sagaratu ohi den moduan, bakoitzak bere txapa jaso du. Bi mantra prestatu dituzte bedeinkapenerako: "Ni naiz ahobizi eta harremanetan euskaraz nahi dut hasi" eta "Ni belarriprest naiz, eta euskararen ateak zabalduko dizkizut maiz". Norberak zegokiona errepikatuta, "Euskara duen lekuan", jarri du. Norbaitek besteren bat aukeratu duen ezin uka, baina gehienek bihotz aldean ipini dute. 

Bat-batean, lehen ilaran Agustin Valdivia alkatearen eta David Mateos zerbitzu publikoetako zinegotziaren ondoan eserita zeuden zortzikoteko kideak igo dira eszenariora. "Transzendentalegi" ari ez ote ziren esan diete bi guruei eta haien lekua hartu dute festa giroa pizteko. Maratoiko abestiak elkarrekin abestu eta dantzatu dituzte, agertokira igo diren gazte batzuek lagunduta. Amaieran, elkarrekin talde argazkia egin dute. 

Txoko batean zeuden Guruburuen azken bedeinkapenik ez da izan, baina haien atzetik prozesioan joan dira bertaratutakoak Ttakunenearaino, euripean trikiti eta pandero doinuek lagunduta, luntxa jatera. Halakorik behar dutenentzat: Euskararen graziak blaitu ditzala herriko ahobizi eta belarriprestak. 

 

 

Erlazionatuak

"Gurutzaldiari" ekin diogu

Txintxarri Aldizkaria 2022 aza 18 Euskara

Txapa jartze kolektiboa egin dute

Txintxarri Aldizkaria 2022 aza 18 Euskara

Izan elastiko, izan proaktibo

Txintxarri Aldizkaria 2022 aza 18 Euskara