Hartu arnasa, eta bota. Hasperena izango da ziur asko, gure Maratoi kuttuna amaitu izanaren atsekabeak eraginda. Hartu arnasa, eta bota, eta egin lasai, Sentitu fasea amaitu arren bideak aurrera egingo duelako: hurrengo geltokia Gurutzaldia izango da, Prestatu izeneko fasean azaroaren 18an hasiko den Euskaraldirako entrenamendua, hizkuntza asertibitatea kolektiboki lantzeko ariketa.
Nola egin aurre horri? Hona hemen zenbait aholku: Txupi-txupi guai izan den Maratoian sentitutakoa ez ahaztu, motorrak Bero-bero dituzuela izena eman Gurutzaldirako, Gas-gas eman mingainari eta hasi praktikatzen, Hamar atzamarrak erabili Euskaraldia hasteko egunak kontatu eta egutegian apuntatzeko, eta Fruta yan, osasuntsua izateaz gain memoriarentzat ona delako, entrenatutako guztia burmuinean ongi gordetzeko. Abesti horiek guztiak dantzatu dituzte zortzikoteko kideek herritarrekin gaur gauean.
Entsalada eta txekor errea jan dituzte mahaietan eseri diren herritar gehienek. Menu beganoa hautatu dutenek, berriz, entsadala berezia eta kinoa barazki salteatuekin. Sabela bete bitartean Okendo Zinema Taldearen, Ihitten talde sortu berriaren eta Zinema (h)abian egitasmoan parte hartzen ari diren ikasleen berri izan dute.Horren ostean, zapidunen aitortzan belaunaldi desberdinetako emakumeak aintzatetsi dituzte. Alboka, Zero Sette eta Erketzek kontzertu bateratua egin dute, eta ostean agur mezu hunkigarriak partekatu ditu zortzikoteak Okendora bertaratu diren ehunka herritarrekin. 2026ra arte agur esan aurretik, Armin Agustinek sasoi betean dagoela erakutsi du beste behin, eta enegarrenez altxarazi ditu ikus-entzuleak haien aulkietatik.
TXINTXARRI-rentzat sorpresa
40. ordua atzean utzi eta 41.enari ekitear geundela, sorpresa ezin politago bat jaso dugu. Kamiseta txuri-arros bat oparitu digute zortzikoteko kideek, Maratoian haiekin batera sentitu, prestatu eta ekiteagatik. Eskerrik asko bihotzez, lagunok. Orain arte bezala, herriaren berri gertutasunez eta euskaraz ematen jarraituko dugu, hustutako bateriak kargatu ondoren. Bihotzekin ez dugu halakorik egin beharko, bete-beteta utzi baitizkiguzue.
Asteburuko argazki galeria, bideo eta kronikak kanal berezi honetan ikusi ahalko dituzue. Ostiralean ahalik eta argazki gehienez osatutako aldizkari bat kaleratuko dugu. Prestatu fasean murgilduko gara orain, eta datozen egunetan informatuko zaituztegu horri buruz. Bien bitartean, egin kasu GuruBuruei eta bihurtu haien jarraitzaile. Ez zaizue damutuko.