Bazkaloste kantatua izan dute Okendo bildutako herritarrek. Xumelako kideek hartu dute oholtza, eta eurak arduratu dira arratsaldearen lehen orduak girotzeaz. Handia izanen naizenean, ama kantatu dute lehenik, bakarlari eta guzti. Rosa Elizalderen ahots goxoaz gozatu ahal izan dute karpan bildutakoek. Anje Duhalderen Autodeterminatzen abestia ere abestu dute, arratsaldeko lehen orduei erritmo bizia jarri nahian.
Earra Bertso Eskolako hamahiru ikasle aritu dira oholtza gainean, taldeka. Lierni Rekondok (Bertso eskolako ikasleen irakaslea) aurkeztu du taldea hasieran, eta kantuari ekin diote gero. Multzo bakoitzak gustuko zenbait bertso ekarri ditu plazara, eta horiek kantatu dizkiete ikus-entzuleei; ederki txalotu dute horiek gazteen saio atsegina.
Beste ordubete bat igarota, 32. ordu aldaketa egin dute zortzikoteko zenbait kidek eta haurrak jolastera joan dira Askatasuna parke ingurura. Ostadar SKT-ren eskutik, lokotx bilketak eta bestelako zenbait jolasetan aritu dira. Tarte bikaina igaro dute; ederki gozatu dute.
Omenaldi hunkigarria
Une zinez hunkigarrian bizitu dira gaur arratsaldean ere; Iñaki Arruti (Euskara Zerbitzu buru ohi eta Euskararen Maratoiaren sortzailea) omendu baitu Euskararen 10. Maratoialdiak. Horren aurretik, berarekin batera Agustin Mujika ere igo da oholtza gainera, eta biek elkarrekin orain arteko Euskararen Maratoi guztien errepasoa egin dute. Horrekin batera, edizio bakoitzeko zortzikoteak ere igo dira taula gainera; bizipen ugari ekarri dituzte gogora.
Hori amaitu ostean, etorri da ezustekoa. Berriz ere oholtzara deitu dute Arruti, eta orduan egin diote omenaldi beroa. Amaren eskuetatik jaso du oroigarria, eta alabak agurra dantzatu dio. Erabat hunkituta agertu da, eta esker hitzak zuzendu dizkie bere omendu dutenei, eta baita plazan bildutakoei ere.
Asteburu honetako bigarren zuhaitza landatzeko unea iritsi da gero. Horretarako, Askatasuna parte ingurura lekualdatu dira zortzikoteko kideak eta herritarrak. Zingira haritz bat landatu dute zortzikoteko kideek, azken urteotan hildako lagunen oroimenez.
Ordu extra
33. orduan izoztuta gelditu da markagailua. Minutuak batzen joan dira eta atzerapena pilatzen. Omenaldia amaituta, karpa hustu eta Bizipoza jaialdiren txanda heldu da. Banan bana, munduak denona beharko lukeela aldarrikatzen duen elkarte bakoitzaren parte diren lasarteoriatarrak igo dira Amaia Agirrek deitu dituenean. Izena ematen diona izan da lehena eta Leire Eleizegik azaldu du zein den beren jarduna bi boluntario albo banatan zuela. Haren atzetik etorri dira Beroa, Kairos, Zaporeak, Aspanogi, Ostadar Inklusioa, Oporrak Bakean, Naizen, Transmaribollo eta Izan Iñurri. Une zirraragarriak izan dira, noski. Esaterako: 8 urteko haur sahararraren gutuna, Laura Huesoren testigantza eta bizipen berdina izan duen Agirrek abestutako bertsoak, hitzak eztarrian korapilatuta gelditu zaizkion Oihan bertsolariari txaloekin emandako babesa edo elkartasunak jositako ohial azpian egindako dantza.
Erritmoak aldatuta, diziplina berarekin jarraitu dute. Lehenik, oholtza gainean aritu dira Kukuka Antzerki eta Dantza Eskolako taldeak. Ondoren, Plaza Dantzako kideekin erromeria egin dute. Karpan zegoen jende asko batu zaie, baina, ordu atzerapenak behartuta, laburtu egin behar izan dute emanaldia. GuruBuruek gogoratu dute izena emateko azken aukera zutela herritarrek eta eurak ere gorputza astintzeko gogoz zeudenez, Dinbi Banda batukadaren atzetik joan dira kale jiran.