Maratoia gogoko dugu!

Iñigo Gonzalez Sarobe 2022ko urr. 23a, 05:57

Esan dezatela gero kazetariok ez dugula albiste onik ematen. Hona bat: inorri ez zaio esnekia kontrako eztarritik joan. Kontrakoa, afariaren digestioa erraz asko egin dute, Yogurina Borovaren (bai, bera zen gonbidatu sorpresa) gidaritzapean. Mikrofonoa hartu eta dantzan jarri du Lasarte-Oria osoa. Noski, horren ostean inork ez du etxera joan izan nahi. Hori bai, onar dezagun: etxera joan nahi izanda ere, zaila zegoen, parranda gaua oso tentagarria (izan) baita.

Bale, ados. Onartzen dut: ez naiz neutrala, lasarteoritarra naiz, gaztea-edo (30 urte bete berri, Maratoietara ekarrita, sei gehi bat), kazetaria eta Maratoialdia hezur-haragitan bizitzen ari den pertsona bat. Baina esan egin behar dut: Maratoi(aldi)a gero eta hobea da. Horren adibide, parranda gaua: goizeko bostetan beteta zegoen Okendo, euskaraz gauza asko egin ditzakegulako, adibidez, mozkortu. Zergatik ez?

Postretik hasiko naiz: Yogurina Borova denontzat. A zer nolako erakustaldia, Yogurina. Eskerrik asko Lasarte-Oriara etorri izanagatik. Ez gara berehalakoan ahaztuko zutaz, eta espero dut zuk ere gauza bera sentitzea.

"Sentitu", hitz polita. Eta sakona. Eta gurea. Lasarte-Oriakoa. Esan dezatela txurrianoak garela, esan dezatela nahi dutena. Esan, ez egin. Ez bizitu. Irakurle, zer izan da gaur gauekoa? Palbongoa? Bai. Rukula pixka bat postrerako? Bai. Negu Gorriak talde mitikoari aitortza? Bai. Ez dakit zenbat belaunaldi batera dantzan eta parrandan, euskaraz? Bai. Agus Mujika Okendo plaza aztoratzen? Bai. Maratoialdia? Bai. GuruBuruak, iritsi al zarete trantzera? Espero baietz, eta hala ez bada izan, gertu geratu gara. Oso gertu. Esan dut hasieran, ez esan ez zaitudala abisatu: ez naiz neutrala. Gora Lasarte-Oria, gora euskaldun komunitatea (gero eta handiagoa, gora Yogurina, gora herritarrak eta Gora Maratoia). Eta kitto. Gehiago nahi duenak, lo gutxi egin dezala eta azal dadila salda gosaltzera goizeko zortzietan. Han izango da TXINTXARRI ere. 

Oharra: zenbatetan esan ote didaten kronikak lehen pertsonan ez idazteko; kazetariak ez gara protagonista. Egia da, ez gara. Baina pribilegiatuak bai. Ni neu, urrutira joan gabe. Maratoi(aldi)a euskaratik eta euskaraz kontatzea munduko gauza onena da. 

Erlazionatuak

Yogurina Borovak dantzan jarri du herria

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 23 Euskara

Armin Agustin, aupa zu!

Txintxarri Aldizkaria 2022 urr 23 Euskara