Zazpigarren orduaren atarian zuzen eta puntual hasi dute arratsaldeko kilometro sorta. Bazkaria zerbitzatzen ari zirela, Okendoko oholtzara igo da Joxe Sarobe antigeno probei buruzko azalpenak emateko. Teoriaren ondoren, praktikoki erakutsi du Patxok nola (ez) egin. 60 minutuko tarte berria GuruBuruek hasi dute. Baga Buru eta Biga Buruk estres linguistikoa izan dute mintzagai eta hori gainditzeko egingo dituzten saioetan parte hartzera gonbidatu dituzte mahaien bueltan zeudenak.
Euskarak edozertarako balio duela jakina da, eta horren erakusgarri dira, besteak beste, 40 orduotan aurrera eramango diren jarduera guztiak. Euskaltegiko ikasleek kanturako (eta dantzarako) edota txistetarako baliatu dute. Bukatzean, Oaintxe In Deu txarangako kideak oholtzara igo dira kale jira hasteko. Pare bat abesti jo eta gunea jasotzeko deia egin diete bertan zeudenei; musikari jarraiki, batzuek Askatasuna parkera jo dute, Ametsen zuhaitza deitu dutena landatzera. Kontrako norabidean joanda, Udal Musika Eskolako ikasleen saioaren amaieraz gozatu dute karpan, eta jarraian, Gazte Klubeko eta Kuadrillategiko gazteek euskarari buruz egiten duten lanketaren berri izan dute.
Ondoren, txikienen pailazo kuttunen txanda izan da. Herriko eragileak eta lagunak gonbidatu dituzte gaurko saiora: Kukuka, Xumela, herriko euskaltegiak, Irakurle Txokoa, Ostadar Ipar Martxa, Erketz, Asunak, Jalgune eta Bizipoza, Ttakun Kultur Elkartea, Bertso Eskola eta Sorgin Jaiak. Talde bakoitzari buruzko azalpen labur bat eman eta elkarrekin abesti bat abestu eta dantzatu dute, talde argazki bat egin aurretik. Ezustekoren bat edo beste prest zuten sudurgorriek, baina eurek ere jaso dute. Jalguneko lagunek amets harrapakari bat oparitu diete eta Lierni Rekondok idatzitako bertso batzuk abestu dizkiete. Hunkituta jaso dituzte pailazoek. Takolo igo da Riki riki abestia Sorgin Jaiakekin partekatzera eta bertan gelditu da Alex Tetuani aitortza egiteko. Txori habia oparitu diote, bideo bat proiektatu dute eta une horretan lepo zegoen karpa atzean zutela zortzikotearekin argazkia atera dute.
Pailazoen emanaldia eta gero, 2016. urtetik jaiotako haurrei ongietorria egin diete. Adinaren arabera igo dira oholtzara, gurasoek lagunduta, eta pailazoekin batera abesti bana abestu eta dantzatu dute. Txiki-txiki-txikia jaioberrienek, eta Parabara, Jon Braun, Ranroberra, Epo itai tai ye eta Ikusi mendizaleak atzetik etorri direnek. Puxika bana jaso dute opari umeek, eta talde guztiei harrera egin eta gero, horik puztu eta eskuan hartuta, azken kanta abestu dute sudurgorriekin.
Ekitaldi horren amaierak ekarri du ordu aldaketa berria. Hamaikagarrenari ekin dio zortzikoteak dantzan, eta zunbatoiari eman diote hasiera. Herriko gazteak ederki aritu dira elkarrekin dantzan; trebetasun handia erakutsi dute. Saio hori amaitu ostean, GuruBuruek hartu dute berriz ere Okendoko oholtza. Beraiek izan dira hamabigarren ordu aldaketa egiteaz arduratu direnak.
Bapateak DJ famatu bat igo da oholtzara: Armin Agustin. Mikroa eskuan hartu eta plazan bildutakoei hitz batzuk eskaintzearekin batera, dantzara animatu ditu. Gonbidapena onartu dute lasarteoritarrek, eta ongi bete; ederki astindu dituzte gorpuitzak. Giro bikaina sortu da. Amaitu aurretik, herritarrentzat ezagun bezain berezia den kantu bat dantzatu dute: Safri Duo. Ezin zuen hutsik egin!
(MIN) BIZIA desfilea ere bai
Izan Inurriren txanda izan da gero, eta iragarri bezala, desfilea egin dute. Horren aurretik elkarteko bi kide igo dira oholtzara: Julene Illarramendi eta Miren Cuerdo. Proiektuaren nondik norakoak kontatu dituzte, eta desfileari hasiera eman. Sortu dituzten jantziak soinean, herritar ugari ikusi ahal izan ditugu alfonbra gorrian barrena. Partaide guztiek bat eginik, talde argazkia aterata amaitu dute saioa.
Eta afal aurreko tartea girotzeko, Elektropottotteko kideak agertu dira karpan. Taldearen aurkezpena egin dute agertoki gainean, eta dantzan jarri dituzte lasarteoriatar guztiak. Eta nola gainera! Sekulako jendetza izan dute atzetik, herriko kaleetan barrena ibili diren bitartean.
Gaueko 21:00etan egin dute ordu aldaketa: hamahirugarrena.