Urrezko Neskak, umorez betetako adiskidetasuna
Urrezko Neskak izena ezezaguna egiten ez bazaizu, ziur Inauterietan, Santa Ana parodian edo edozein saltsatan ikusi dituzula antzerkitxoren bat egiten. 1964. urtean ATC enpresako zein herriko neska talde batek saskibaloi taldea sortu zuten. Lau denboraldiz jokatu zuten elkarrekin, baina sortutako adiskidetasuna hain handia zen, non horietako batzuek geroztik ez duten harremana galdu. Ez da hasierako multzo bera, kide batzuk zendu dira eta fitxaketa berriak ere egin dituzte. Hala ere, astearte arratsaldero Santa Ana Karkaban duten txokoan biltzen dira eta astean zehar gertutakoak egunean jartzeaz gain, euren antzerkitxo, kale ikuskizunak edo mozorroak prestatzeko tartea ere hartzen dute bilera horietan. Egun hauetan aurtengo maratoiko ekitalditxoari eta mozorroei azken ukituak ematen ari dira eta eurekin bildu gara.
ATCko taldeak 25 urte bete zituenean beraientzat festa ederra antolatu zuten euren txokoan, antzerki eta guzti. "Almodovarrek Todo sobre mi madre egin zuen; guk Todo sobre nosotras", adierazi dute. Emanaldi hori Mari Karmen Sasiain jostunari egindako omenaldi batean errepikatu zuten Goiegi jatetxean, eta ordudanik ez dira geratu.
Euskararen Maratoian oholtzara igo ziren lehenengoz 2000. urtean, eta aldi bakoitzean izan dira era batera edo bestera parte hartzen. Moja, ezkontzako gonbidatu, barruko arropa sexiarekin desfilatu... Ez dute ezezkorik esaten. Horrez gain, taldeko bi kide – Manoli eta Miren Zumeta – zortzikoteko parte izan dira. Miren izan zen lehena 2000. urteko Eguneroko plazerra lelo zuen Maratoian; zortzi urte geroago, Manolik Korritzeko modukoa zen Maratoia egin zuen.
Oholtzara lotsarik gabe igotzen dira eta emanaldi bat prestatzeko denbora askorik behar ez dutela onartu dute: "Bost minututan pentsatzen dugu zer egin. Maratoirako bi edo hiru entsegu egiten ditugu; bestela, gauzak prestatu eta listo".
Ohikoa da euren antzerkiek ahotsik ez izatea. "Pena da, baina gutako askok ez dakite euskaraz oholtzan egiteko adina". Horregatik, lehen urte horietan Aitor Atxegarekin Maratoirako egindako grabaketak ekartzen dituzte gogora: "Zer-nolako barreak egin zituen hark gurekin".
Umorea ez dute falta behintzat. Milaka oroitzapen ekarri dituzte gogora eta guztia gozatzeko egiten dutela nabarmentzen dute: "Guk ondo pasatzeko egiten dugu; estutasunik sentitzeko ez gara kalera ateratzen".
Gainera, oholtza edo kalean baino, atzeko lanetan daudenean (euren txokoan guztia prestatzen ari direnean) gozatzen dutela onartu dute: "Ate hori ixten da eta zer egin, zer jantzi, zer esan...erabakitzen dugunean hau festa bat da. Guztia prestatzen ari garenean, hori bai dela momentu berezia. Gero kalean aterako da ateratzen dena. Baina hemengo une horiek apartekoak dira guretzat".
Euskararen mundutik, antzerkiaren oholtzara
Lasarte-Oriako euskalgintzan eta herrigintzan ibilbide zabaleko pertsona da Mailu Arruti. Landaberri ikastolako lehen belaunaldiko eta familia euskaltzale batekoa izanik, horretarako hautua egin zuen: "Nik nahi bezalako Euskal Herri bat eraikitzeko behar beharrezkoa iruditzen zitzaidan hizkuntza".
Era horretara, Lasarte-Oriako AEKn lanean ari zela, Euskararen Maratoiaren lehen pausoak bizitu zituen eta lehen zein bigarren aldietan (1986. eta 1988. urteetan) zortzikoteko kide izan zen. Proiektua aurkeztu ziotenean ez zuen ezezkorik esaterik izan: "Nola ez ba Maratoian?". Jaioberria zen Lasarte-Oriaren euskararen egoera argi zuten antolatzaileek eta horrelako erronka beharrezkoa ikusi zuten: "Orduan dena militantziaz egiten genuen. Oso kontziente ginen inguruetako herririk erdaldunduenean jaiotzea tokatu zitzaigula. Gazteak ginen, indartsuak, eta utopietan sinesten genuen".
Urtetan euskalgintzan lanean jardun ostean, "nekatuta", beste bide bat hartu zuen Arrutik. Alabaina, "munduak buelta asko ematen ditu eta konturatu gabe, Ttakun Euskara Elkartean kultura saileko ardura hartu nuen", azaldu digu. Horrela, 2012. urtean Euskararen 8. Maratoiko antolakuntzako parte izan zen: "Eraketa lanetan aritua nintzen lehen ere. Beraz, arazorik ez. Maratoi hura oso intentsoki bizitu nuen".
Oholtzan edo antolakuntza lanetan egongo litzatekeen galdetu eta argi du: "Aukeratzekotan... Orain bezala, ardura gutxi eta asko gozatu. Horrelako jairik ez dago niretzat".
Hala ere, ez da oholtzatik jaitsi. Azken Maratoietan, jaietan edo Manuel Lekuona Kultur Etxean egindako emanaldi ezberdinetan zerbitzari, langile, azafata, lamia edo bestelako paperetan ikusi dugu. Jauzi hori nola egin zuen galdetzean, hauxe erantzun du: "Inauteria, antzerkia, eta abar... asko gustatu zaizkit beti. Kukukan aukera bat ikusi nuen. Helduen taldea bazela, eta...aurrera egin nuen".
Bakarrizketetan aritu bada ere, Mirentxu Egizabal eta Ane Uitzirekin batera eskaini ohi ditu saioak: "Lehendik ezagutzen ginen baina antzerkiak aukera asko eman digu. Ane eta Mirentxu clown hutsak dira. Oso onak. Nik gehienetan aurpegi zuriarena egiten dut".
Eta egiten dituzten antzerkitxoen gidoiak bere esku daudela onartu du: "Idaztea ere gustuko dut eta gidoiak nire gain joaten dira. Oso lagun onak dira eta dena onartzen didate".
Guztietan umorea da nagusi. "Umoreak bide ematen du sarritan serio esanda gordinegia geratzen dena esateko", onartu du. Euskararen estandarizazioaren bidean tresna izan daitekeela ere uste du: "Euskararen normalizazioan lagundu dezake praktika hori ohiko bilakatzen den heinean, eginez alegia. Bertsolari emakumeekin gertatu den bezala. Plazan lekua hartuz".
Oholtza eta umorea, ogibide bezala
Intza Alkain herritarrak oholtza, ipuin kontalari lanak eta bestelakoak uztartzen ditu; Maratoialdian, esate baterako, Prestatu fasean Euskaraldirako beroketa tailerrak emango ditu Bea Egizabalekin batera. Harekin bildu gara bere oholtzako bizitzari errepaso bat egin eta urrian eta azaroan eskainiko dituen saio bereziei buruz mintzatzeko.
Txikitan 6 bat urterekin hasi zen Alkain antzerki munduan murgiltzen. Gogoan du egun hori. "Orduan Landaberri antzerki eskolan, orain Kukuka denean hasi nintzen. Kuadrillako lagun bat etorri zen eta izena eman zuela esan zidan. Nik ez nekien orduan zer zen antzerkia", adierazi digu.
Eta ikasturte amaierako erakustaldian, gustua hartu zion oholtzari: "Taula gainean lehenengoz egon eta gustura sentitzen nintzen". Geroztik ez da jaitsi.
Buruan du antzerki lan horretan protagonista rola egiteko hautatu zutela, baina berak ezezkoa eman zuen bestelako paper bat egiteko: "Bazegoen pertsonaia bat umoretik landu behar zena eta nik hori egin nahi nuen". Beraz, txikitatik lotura estua izan du herritarrak umorearekin. "Etxean giro umoretsua beti egon da. Hori jaso eta horregatik agian jo dut hortik", onartu du.
Umorea tresna garrantzitsua dela ere nabarmendu du: "Askotan tapatzeko, salbatzeko edo mina ez sentitzeko erabiltzen da. Niri behintzat oholtzan eta, batez ere, bizitzan, asko lagundu didan maskara bat da. Ez da gustua edo erraztasuna izatea bakarrik; erabiltzen den tresna bat da. Eta nire kasuan, probetxua atera diot".
Egun antzerkigintzan buru-belarri dihardu lanean Alkainek. Edurne Azkaratekin eta Mikel Ibargurenekin batera Formol Laborategia sortu du. Prozesu luze eta gogor bat bezala definitzen du herritarrak, baina fruituak ematen hasi da. Album antzezlanak harrera ona izan du eta Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada sarietako hautagai izendatu du herritarra, Antzerkia kategorian emakumezko aktore onenaren aitortza jasotzeko. Ez du zorterik izan, baina pozgarria izan da guztia: "Ez genuen espero, zeren lehenengo obra ikustera etorri behar baitira, gero bozkatu ahal izateko. Beraz, harrera ona izan du gure lanak. Eta bestetik, hautagaitza dago. Horrelako aitortzak eskertzekoak dira".
Maratoialdian ere protagonista izango da; Prestatu faseko saioetako gidarietako bat izango da Bea Egizabalekin batera. Ezin du askorik aurreratu, "sorpresa" izatea nahi dute. Euskaraldirako aholkuak emango dituztela bakarrik aipatu du. Gauza bat argi geratu zaigu, behintzat; bertan ere, umorea nagusi izango dela. "Bea eta biok, uste dut, ez dugula beste modurik. Serio ezingo genuke ezer egin", aitortu du.