Familia bereko bi belaunaldi eta biak Euskararen Maratoiko zortzikotean; bat aritua eta bestea aritzear. Zeinen polita, ezta? Nola bizi duzue hori?
Pepi Arsuaga eta Maitane Eizmendi: Oso polita, bai. Guk aldarrikatzen dugu euskararen erabilera, eta, Euskararen Maratoia defendatzen dugun horrekiko aurpegia emateko eremu bat da.
Zuk, Pepi, zein urtetan parte hartu zenuen zortzikoteko kide gisa Euskararen Maratoian?
P.A.: 1992. urtekoan aritu nintzen zortzikotean; duela 30 urte. Hirugarrena izan zen, eta 40 ordu? Errex! leloa izan zuen ordukoak.
Eta nolako esperientzia izan zen? Gogoratzen dituzu han bizitakoak?
P.A.: Noski, nola ahaztuko ditut bada! Esperientzia ona izan zen. Bizipen asko nabarmendu nitzake ona izan zela azaltzeko, baina, batez ere, herriarekiko gertutasuna azpimarratuko nuke. Ez naiz sekula jendaurrean gisa horretan aritu, eta protagonista izateak larritu egiten nau. Lotsa handiz bizitu nuela ere ez dut ahaztu eta hori oztopo izan zela ere ez, baina poz handiko egunak izan ziren. Guztiaren gainetik, oso etxeko sentitu nintzen, gustura.
Ederki antolatu zuten ordukoa ere, beti bezala. Iñaki Arruti eta Pablo Suberbiola gogoratzen ditut etengabe atzeko lanetan, beste hainbaten artean.
Zertan aritu zinen? Dantza eta kantu egin zenuen? Antzerkitxoren bat?
P.A.: Ezer askorik ez nuen egin, arestian esan bezala, oso lotsatuta egon bainintzen. Gogoan dut etorkizuna iragarri niela zenbait herritarri. Miren eta Manoli Zumeta ahizpen ama Joxepa Egiari, eta, baita Begoña Aranzadiri ere.
Gozatu bai, baina nekea ere antzemango zenuen, ezta?
P.A.: Ez, batere ez. Gaur egun nekatzen naiz, baina orduan ez zegoen nekerik.
Zuk, ordea, asteburu honetan, hilaren 22an eta 23an biziko duzu lehen aldiz Euskararen Maratoia zortzikoteko kide gisa, Maitane. Nolakoa izango dela aurreikusten duzu?
M.E.: Azkar igaroko dela iruditzen zait; askotan gertatzen den bezala, zerbaiti martxa hartzen hasten zarenerako amaitu egiten da. Pentsatzen dut, hasieran urduritasuna eta lotsa ere sentituko dudala, baina pasako da. Esperientzia bizitzeko gogoz nago.
Bezpera da gaur. Dena prest?
M.E.: Bai, dena prest. Antzematen dut urduritasuna, zirrara, baina esperientzia bizitzeko gogoa baita ere. Gozatzera irtengo naiz taula gainera, eta hala izatea espero dut. Aurreprestaketak ere eginda daude. Hasieran, bi astean behin batzen ginen, baina, uda ostean, astelehenero bildu gara. Zaldibian ere izan ginen asteburu batean. Bilera egin, elkarrekin bazkaldu eta mozorroak erostera joan ginen Jaiak dendara, Agus Mujika Takolo-ren negoziora. Beste astebururen batean edo ere, beharra ikusi dugulako elkartu izan gara. Programazioa itxita, horrek funtziona dezan azken detaileak lantzen aritu gara azken egunotan. Hemendik aurrera esperientzia bizitzea baino ez da geratzen.
Nola jaso zenuten zortzikoteko kide izateko proposamena?
P. A.: Hori ez dut ongi gogoratzen, baina, uste dut Sebastian Kerejetaren bidez jaso nuela… Adineko herritarrak ere nahi zituzten oholtza gainean, eta hortik iritsi zitzaidan parte hartzeko gonbita. Oker ez banago, ni izango nintzen adineko lehen zortzikoteko kidea; 52 urte nituen orduan.
M.E.: Yogara bidean nindoala egin zidaten proposamena. Gogoan dut euria ari zuela, eta lasterka nindoala. Kuadrillako lagun batek deitu zidan, Mirari Zorzanok. Bat-batean, bere amak, Rebeka Garcesek (zortzikoteko kidea da bera ere) nirekin hitz egin nahi zuela esan zidan. Hortxe egin zidan proposamena. Une horretan apur bat blokeatuta geratu nintzen. Zalantza asko nituen, eta erantzungo niola esan nion.
Yoga saiotik bueltan, etxera iritsi eta gurasoei kontatu nienean, konturatu nintzen beraiek bazekitela zerbait eta ordura arte ez zidatela ezer esan, barrez hasi baitziren biak. Oroitzen dut esan niela lagunekin festa giroan gozatzeko asteburu polita izan zitekeela, baina, aitak erantzun zidan etorriko direla oholtzatik behera bizitzeko aukera gehiago, oraingoan, agertokitik bizi eta goza nezakeela.
Gertuko lagun bati ere deitu nion proposatu zidatena kontatzeko, eta gogoan dut asko hunkitu zela. Etxeko eta inguruko guztiek ikusi dute begi onez, hasiera-hasieratik.
Gomendiorik eman al diozu bilobari, Pepi?
P.A.: Nik baino hobe egingo zuela eta ezezkorik ez emateko, animatzeko esan nion; Asko gozatuko zuela. Poz handia sentitu nuen bilobak hori kontatzeko deitu zidanean; sekulako harrotasuna da niretzat Maitane zortzikotean aritzea.
Eta, zuk, Maitane nola jaso zenituen amonaren aholku horiek?
M.E.: Amak esan zidan amonari deitzeko, eta gonbita egin zidaten gau horretan bertan hitz egin nuen berarekin. Ondo jaso nuen berak esandakoa. Galdetu zidan, Maratoia iritsi eta zortzikotean, nire lekuan beste inor ikusita zer sentituko ote nuen.
Aholkuak entzun ostean, ezezkoa emateko aukera gutxi nuen kar, kar, kar, ez neukan ez parte hartzeko aitzakiarik.
Gogoratzen dituzu zurekin batera nortzuk aritu ziren zortzikoteko kide gisa duela 30 urte, Pepi?
P.A.: Nola ez, oso ondo oroitzen ditut gainera! Joxe Mari Agirretxe, Iñaki Petxarroman, Nekane Lartzabal, Agus Mujika, Aitor Atxega, Ixabel Bereziartua, Natxo Izeta, Pepi Arsuaga eta Bixente Beltran.
Horietako askorentzat ez zen lehen urtea, bazuten esperientzia Euskararen Maratoiko oholtza gainean, baina niretzat lehena eta azkena izan zen; nahikoa. Hori bai, agertoki behetik aldiro bizitzen dut.
"Sekulako harrotasuna da niretzat maitane biloba zortzikoteko kide izatea"
Eta zuk, Maitane, nolako zazpikotea duzu ondoan?
M.E.: Oso gustura nago taldean. Jagoba [Mendizabal] nire begiralea izan da eta ezagutzen nuen ordutik, eta Rebeka ere hasieratik egon da adi-adi. Familia bat bezala sentitzen dut taldea, konfiantzazkoa.
Garrantzitsua da hori talde gisa aritzeko, ezta?
M.E.: Bai. Horrek erabateko lasaitasuna ematen dit. Badakit edozein momentutan edozer behar badut ondoan izango ditudala.
Zer da zuentzat Euskararen Maratoia?
P.A.: Bazter utzi ezin daitekeen Lasarte-Oriako hitzordu oso garrantzitsu bat; sekulako bolumena hartzen duena. Umeak, haien gurasoak, gazteak, helduak, adinekoak… Denak batzen gara herriko plazan, eta denok elkarrekin parte hartzen dugu. Herriak bat egiten du plazan. Hor sortzen den giroa ezin dut hitzez azaldu.
M.E.: Euskara ardatz hartuta herri guztia batzen duen festa handi bat, denak horren parte sentiarazten gaituena.
Irudikatzen duzue Euskararen Maratoirik gabeko Lasarte-Oria?
P.A.: Ez dut imajinatzen. Sekulako galera litzateke.
M.E.: Nik ere ez dut irudikatzen. Gure herriaren izaeraren parte dela uste dut.