Euskararen 10. Maratoiaren lehen hamabi orduak igaro ostean iritsiko da larunbat gaua, hilak 22, eta parranda ederra egiteko aukera bikaina izango dute lasarteoriatarrek. Afal aurretik, Elektropottote taldeak girotuko du iluntzea. 20:45ean hasiko da emanaldia, eta herriko kaleetan barrena ibiliko direla iragarri dute antolatzaileek. Musikarien atzetik dantzan iritsiko dira Okendo plazako karpara herritarrak, afari eder bat egiteko. Sukaldari bikainek prestatutako menu goxo bat dastatzeko aukera izango dute: perretxiko budina, masailak eta limoizko moussea; edaria, kafea eta kopatxoa ere eskainiko diete zerbitzariek. Bertara joateko txartelak asteon jarri dituzte salgai Ttakun Kultur Elkartean, baina, bertako arduradunek jakitera eman dutenez, dagoeneko amaitu dira; igandeko bazkarirakoak baino ez dira geratzen.
Afaloste berezia
Palbongoa ikuskizunak hartuko du afalostea gero. Ilusio eta ezustekoak ez zapuzteko detaile gehiegirik aurreratu ezin bada ere, zertzeladatxo batzuk eman dituzte antolatzaileek. Drag kutsua izango duela iragarri dute, eta aurreratu, zortzikoteko bi kide ariko dira aurkezle lanetan: Jagoba Mendizabal eta Enara Ieregi hain zuzen. Gonbidatu berezi bat ere izango dute beraiekin oholtza gainean; aski ezaguna omen da, baina, momentuz, hori baino ezin izan dute jakinarazi...
Hirukote horrekin zorizko jolasetan aritzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek; horizontalean biratzen duen gurpil batek dantzan, kantuan, edota taulagaineko ikuskizunari begira jarriko ditu herritarrak, Bingoan aritzeko aukera ere eskainiko diete, erruletarekin amaitu eta gero. Giro bikaina ziurtatuta egongo da, zalantzarik gabe.
Musikariak, oholtzara
Herriko musikarien txanda izango da gero. Rukula taldea ariko da jendaurrean lehenik, eta horiek amaitu eta gero, Inon baino alaiagoa izanen da emanaldia hasiko da; musikari lasarteoriatarrek bat eta elkarrekin joko dute; XX eta XXI. mendeko euskal musika taldeen abestiak aireratuko dituztela nabarmendu dute antolatzaileek.
Jai giroari eusteko, erromeria talde lasarteoriatar bat igoko da oholtzara, eta goizaldea iritsi bitartean, DJ Ixter eta Fantasiaren musikarekin dantzatuko dira lasarteoriatarrak.
Indarrak errekuperatu eta igande goizari hasiera emateko gosaria deitu dute 08:05ean; salda banatuko dute Okendon bildutako gaupaseroen artean, eta, noski, garai horretarako etxetik fresko-fresko herriko plazara, Maratoiaz gozatzera gerturatzen direnen artean ere bai.