2016an ospatu zen azken Euskararen Maratoia, eta Maratoiaren ondoren 40 egun euskaraz egiteko erronka egin zuten lasarteoriatarrek. Erronka horretarako sortu zituzten Ahobizi eta Belarriprest figurak, eta 2018tik nazio mailan bi urterik behin ospatzen den Euskaraldiak bere egin zituen gerora.
Lau urtean behin ospatzen denez maratoia, 2020an egin behar zen hamargarrena, baina Koronabirusaren pandemia medio, antolatzaileek bertan behera uztea erabaki zuten. Aurten, ordea, osasun egoerak hobera egin duenez, Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak X. Euskararen Maratoia egitea erabaki dute. Hala, Euskaraldia ere barne hartu nahi izan dute, eta Maratoialdia izena eman bi egitasmoak barne hartzen dituen ekimenari.
Sei urtez itxaroten aritu ondoren, "ilusio eta gogo handiz" ari dira prestatzen euskararen jai handia. Zortzikotea martxan da dagoeneko, eta jada zenbait sorpresa prest ditu lasarteoriatarrentzat.
Aurkezpena, hilaren 18an
Maiatzaren 18an aurkeztuko dute X. Euskararen Maratoia. 19:00etan izango da Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, eta saioaren amaieran, bertaratzen direnek mokadutxo goxoak jateko aukera izango da (kultur etxeko kafetegian).
Aurtengoa ospakizun berezia izango da eta aurkezpena ere halakoa izango dela aurreratu dute antolatzaileek: "Herritar guztientzat irekia izango da". Iragarri dute hainbat sorpresarekin batera, jaiaren xehetasunak, abestia, bideoklipa eta irudiak aurkeztuko direla, eta, nola ez, zortzikoteko kideak ere bertan izango direla, bertaratzen direnei "tarte dibertigarri bat" pasarazteko asmoz. Bea Egizabal artista arituko da aurkezle lanetan, eta zortzikoteko kideekin batera, barre eta ezustekoak ziurtatuta egongo direla.
Aurkezpenera joateko deia herritarrei
Antolatzaileek lasarteoriatarrak X. Maratoiaren aurkezpenera gonbidatu dituzte. Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabelek, gonbita luzatu du: “Aurtengoa X. Maratoia da eta asko dugu ospatzeko. Orain arteko edizioetan milaka momentu gogoangarri sortu dira, eta aurten ere, beste horrenbeste sortzeko ilusioz gabiltza lanean". Nabarmendu du, aurtengoa nolakoa izango den eta bertan nola parte hartu ahal izango den jakin nahi dutenentzat galdu ezinezko hitzordua dela.
Euskara Batzordeko lehendakari Jon Antxordokik, berriz, adierazi du Euskararen Maratoia "tradizio handiko jaia" dela lasarteoriatarrentzat, eta, azpimarratu, bertan egindako lanak Euskal Herri osora zabaldu zirela Euskaraldiaren bidez:: "Horrek erreferentziagune bihurtu du Lasarte-Oria euskalgintzaren esparruan". Pandemiagatik hamargarren edizioa atzeratu egin behar izan bada ere, aurtengo jaia "are bereziagoa" izateko nahia agertu du. Euskaraldiaren urtea ere izanik, bi egitasmoak uztartu nahi izan dituztela ere ohartarazi du: "Udazken honetarako lasarteoriatarrentzako eskaintza berezia ari gara prestatzen Ttakun Kultur Elkartearekin batera". Udal ordezkariak ere bat egin du Ormazabalekin, eta aurkezpenerea bertaratu daitezela eskatu die herritarrei.