EUSKAL JAIA

Asteartean hasiko dira zikiro bazkarirako txartelak saltzen

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 3a, 16:00

Hilaren 18ko ospakizunean indarrak berritzeko aukera paregabea izango dute lasarteoriatarrek: Euskal Jaiaren antolatzaileek iragarri dute zikiro bazkaria antolatu dutela. Askatasunaren parkean izango da otordua, 14:30ean. Txartelak hilaren 7an jarriko dituzte salgai Ttakun Kultur Elkartearen bulegoan (Geltoki kalea, 4), 30 euroren truke. Ehun lagunentzako tokia dago.

Haurrentzako menu berezirik ez dute emango antolatzaileek baina horiei jaten emateko mahaiak jarriko dituzte antolatzaileek Askatasunaren parkean bertan. Zikiro bazkariko menua hauxe izango da: entsalada, arkumea eta postrea. Bapo jan bitartean eztarria bustitzeko ura, sagardoa eta ardo beltza izango dituzte aukeran bazkaltiarrek.

Ttakunen bulegoa astelehenetik ostiralera dago zabalik, ordu tarte hauetan: 09:00etatik 13:00etara (astelehen goizetan izan ezik) eta 16:00etatik 18:00etara (ostiral arratsaldetan salbu).

Egitarau osoa, hilaren 13an

Euskal Jaiaren behin betiko egitaraua aurkezteko agerraldia hilaren 13an egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek eta bertan izango da TXINTXARRI, horren berri emateko. Momentuz, jarduera gutxi batzuk iragarri dituzte: zikiro bazkaria bera, Euskal Herriko emakume sortzaile eta ekoizleen azoka (11:00etatik 14:00etara, Askatasunaren parkean), Mikel Bermejo umoristaren bakarrizketa (16:15ean, Askatasunaren parkean) eta Gozategi erromeria talde oriotarraren kontzertua (21:00etan, Okendo plazan).