Gozategiren emanaldiak jarriko dio ginga Euskal Jaiari

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 12a, 10:00

Gozategik 2023ko sanpedroetan jo zuen azkenekoz Lasarte-Orian.

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara departamentuak eta Ttakun Kultur Elkarteak serio hartu dute Euskal Jaia berpiztu eta udalerrian erreferente bihurtzeko erronka. Horren adibide, urriaren 18ko (larunbata izango da) egun osoko festa biribilduko duen jarduera: Gozategi erromeria talde oriotarraren kontzertua. "Herria ekimen horretan murgiltzea nahi badugu, programa erakargarria osatu behar dugu eta musika emanaldi horrek egunari ginga jarriko diola uste dugu".

Momentuz, aurreratu dute kontzertu hori eta herri bazkaria izango direla egitarauko jardueretako bi; gainerakoen berri urri hasieran emango dutela jakinarazi dute. Antolatzaileek aditzera eman dutenez, "egun osokoa" izango da, "herriko eragile ugariren partaidetzarekin, eta, horren osagarri, bestelako gonbidatu batzuk izango ditugu gurean".