Euskal Jaia suspertuko dute, "udalerriaren identitatearen erakusgarri" izan dadin

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 22a, 13:26

'Okerra' harriarekin, ezker-eskuin: Estitxu Alkorta, Ainara Elicechea, Agustin Valdivia eta Mari Karmen Ormazabal.

Lasarte-Oriako Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak iragarri dute urriaren 18an ospatuko dutela Euskal Jaia. "Indartu" egingo dute, berriz ere festa "herrikoi, parte hartzaile eta irekia" izan dadin eta lasarteoriatarren agendetan toki berezia izan dezan. Egitarauaren xehetasunak irailean aurkeztuko dituzte.

Agustin Valdivia alkateak, udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak, erakunde bereko Kultura zinegotzi Ainara Elicecheak eta Ttakun Kultur Elkarteko lehendakari Mari Karmen Ormazabalek aurkeztu dute Euskal Jaia zertan izango den, urtetako ohitura berreskuratu eta ekimena berriz ere elkarlanean gauzatuko dutela irudikatzeko. Programaren berri irailean emango dute baina aurreratu dute urriaren 18a egun "bizia, anitza eta herritar guztientzakoa" izango dela. Testuinguru horretan ez dira faltako musika, dantza, kale animazioa, tailerrak eta bazkari herrikoia, beste ekimen batzuen artean. "Nahi dugu herritarrek kultura eta alaitasuna arnastea, goizetik iluntzera arte". 

Antolakuntzaren lema udalak eta Ttakun KEk hartu badute ere, bateko zein besteko ordezkariek azpimarratu dute funtsezkoa izango dela herriko eragile ugariren parte hartzea, egitarau erakargarri eta batez ere herrikoia osatze aldera; norabide horretan, biltzen hasi dira dagoeneko. Horrez gain, euskarari dagokion protagonismoa emango diote eta erakutsiko dute hizkuntza hori "elkar ezagutu eta harremanak sendotzeko topagunea" dela, "udalerriaren aniztasunaren eta aberastasunaren barruan". 

Aurrera begiratzeko festa

Atzera bakarrik ez, aurrera begiratzeko festa ere badela adierazi dute antolatzaileek: "Kultura partekatzeko, kidetasun sentimendua indartzeko eta gure hizkuntzaz nahiz kultura adierazpideez gozatzeko, jai giroan". 

Lasarte-Oriako Euskal Jaia "identitate ikur argia" izatea nahi dutenez, Okerra harria bilakatuko dute atzera ere ospakizunaren sinbolo. "Balio izugarria du gure sustraiak, historia eta gure irmotasun kolektiboa irudikatzen dituelako, baita aurrera jarraitzeko dugun borondatea ere". Kultur Atelier-eko kideek diseinatuko dute festaren irudi izango den logotipoa: aipatu harri hori eta Lasarte-Oriaren armarriaren koloreak dituzten pare bat abarka eraman dituzte kartelera. "Dantzarako, festarako eta parte hartzerako gonbidapen grafikoa da". Are gehiago, beste udalerri batzuetako antzeko ospakizunetatik Lasarte-Oria bereiziko duen elementua dela nabarmendu dute, "izaera propioa eta ezagutzeko modukoa" emango diona jarduera horri.

Euskal Jaiaren irudi berria. Diseinua: Kultur Atelier.

"Lasarte-Oriaren bihotzetik" sortua

Ttakun KEko kideak hasi dira dagoeneko elkarte, abesbatza, dantza talde edota kuadrillekin elkartzen, urri erdialdeko Euskal Jaia prestatzeko. Nahi dute jendea inplikatzea, nork bere ekarpena egin dezan eta partaideek senti dezaten gozatzeko eta kolektibo baten parte izateko eremua dela ekimen hori antolatzearena.

"Gisa horretako festa batek zentzua du baldin eta herriarekin eta herritik bizitzen bada", azpimarratu dute. Horregatik, herritar guztiak animatu dituzte bat egitera, adina, jatorria edota euskara maila edozein izanik ere. "Euskal Jaia ez dadila soilik izan udalak edo elkarte batek antolatzen duen zerbait, baizik eta Lasarte-Oriaren bihotzetik benetan sortzen den ekimena".

Erlazionatuak

Euskal Jaia aurkezteko agerraldia

Txintxarri Aldizkaria uzt 22, 12:37 Euskara