Urrezko Neskak, umore oneko omenduak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 20a, 12:15

Duela 60 urte saskibaloiaren inguruan batu zen neska taldea, urteen poderioz, Urrezko Nesken taldea bilakatu da. Umorea eta jaiak ospatzeko gogoa ez dute inoiz falta eta merezitako omenaldia jasoko dute hilaren 29an, Manuel Lekuona Kultur Etxean

Urrezko Neskak edo Lasarte-Oriako jaietako gatza eta piperra. Izena ezezaguna egiten bazaizu, ziur Inauterietan, Santa Ana parodian, Euskararen Maratoian edo aldizkari honetako zenbaki ezberdinetako orrialdeetan ikusi dituzula noizbait. Moja, errugbi jokalari, zine izar, ezkontzako gonbidatu, barruko arropa sexiko modelo... Edozein mozorro janzteko gai dira eta oholtzara igotzeko lotsarik ez dute.

Baina ez da hori bakarrik. Duela 60 urte herriko emakume kirolariei ate bat zabaldu zien taldea izan zen. Orduan, 1964. urtean, ATC enpresako zein herriko neska kuadrilla batek saskibaloi ekipoa eratu zuen. Lau denboraldiz jokatu zuten elkarrekin, baina sortutako adiskidetasuna hain handia zen, non horietako batzuek geroztik ez duten harremana galdu. 

Ez da hasierako multzo bera, kide batzuk zendu dira eta fitxaketa berriak ere egin dituzte. Hala ere, astearte arratsaldero Santa Ana Karkaban duten txokoan biltzen dira eta astean zehar gertutakoak egunean jartzeaz gain, euren antzerkitxo, kale ikuskizun edota mozorroak prestatzen dituzte bilera horietan. 

Urte hauetan guztietan ospakizunetarako ere izan dute tartea. Taldek 25 urte bete zituenean beraientzat festa ederra antolatu zuten euren txokoan, 50. urteurrena ere ederki ospatu zuten bazkari batekin eta iazko irailean familiek, duela sei hamarkada urratutako bidea eskertzeko, omenaldi xumea egin zieten. Orain Lasarte-Oriako Udalak San Pedro Jaietako omendu hautatu ditu eta lagun kuadrillen antzera eurek ere ederki ospatuko dute.

Barraskiloak eta danborrada, Sanpedroetan

Kuadrilla guztien antzera, Urrezko Neskek ere bere ohiturak izan dituzte hainbat ospakizunetan eta San Pedro Jaiak ez dira salbuespena izan. Zenbaki honetako hitzaurrean aipatzen duten modura, pandemiara arte, San Pedro egun bezperan afal orduan biltzen ziren ahal zuten kide guztiak barraskilo jana egin eta danborradaz gozatzeko.

Barraskilo jan hori prestatzeak ere bazuen bere erritua eta urte hauetan guztietan hamaika pasadizo bizi izan dituzte autengo San Pedro Jaietako omenduek.

Urtearen arabera, Manoli Zumetak ezagun zuen Orexako harakin bati eskatzen zizkion barraskiloak edo Urrezko Neskek berak bildutakoak izaten ziren eltzean egiten zituztenak.

Baina horiek ekainaren 28rako prest egoteko, lehenik arratsaldepasa egiten zuten Donostiako Tenis aldean. Bertan, sare moduko poltsa batean itsasora ematen duten eskaileretan zintzilik itsasoko uretan garbitzen zituzten barraskiloak. 

Bien bitartean, goiko paseoan, meriendaz eta solasaldiaz gozatuz egoten zen adi lagun taldea, urak poltsa eraman ez zezan. Behin baino gehiagotan eremuan zebiltzan urpekariekin ere txantxetan ibiltzen ziren barraskiloen inguruan.

Etxera eraman, lehortu eta sukaldean pil-pil suan egiten zituzten, gero San Pedro bezperan Santa Ana karkabako txokora eramateko. Noizbait barraskiloak gaizki lehortuta egoteagatik galdu eta berriro jaso behar izan zituzten.

Bapo afaldu ostean, bezperan atera ohi den danborradari itxaroten zioten Santa Ana karkabako irteeran. Udaletxe zahar aurrean batzen zen lehen danborrada; azken urteetan Okendo plazatik atera eta bertan geldialdia egiten du. Eta tarte horiek baliatzen zituzten San Pedro egunean urteak ospatzen dituen ezagun bat zoriontzeko. 

Danbor eta kupelen soinuaz gozatu ostean, urteko usadioa amaitutzat ematen zuten.