Udaleko Jaiak saileko buru Txus Alonso hasi da aurtengo sanpedroetako egitaraua azaltzen. Alboan izan dituen eragileetako ordezkariei eskerrak eman dizkie aurrena, beraiek direlako "festen arima". Ttakun Kultur Elkartea, Intza Kirol Elkartea, ATLO danborrada elkartea, Extremadura Etxea, Sasoeta Sasoian auzo elkartea, Biyak Bat adinekoen egoitza, Erketz EDT dantza taldea, Zero Sette Akordeoi Orkestra, Alboka Abesbatza, Aterpea merkatarien elkartea, LOTME mendi elkartea, Scooter Club Euskadi, Ostadar SKT, LOZET elkartea eta Taula Xake Kluba aipatu ditu. Eragile horiek guztiek, festetan ez ezik, aurreko egunetarako ere antolatu dituzte sanpedroen aurrekari izango diren ekimen ugari; datozen egunetan emango dugu horien berri.
Sanpedroetako egitarauan ez dira faltako jaietako iruditeriaren parte diren ekimen sinbolikoenak: haurren eta helduen txupinak edota danborradak; Sorgin Dantza; bertsolarien saioa; erraldoi, buruhandi eta zezensuzkoak; su artifizialak... Bestalde, herrira jotzera etorriko diren musika talde gehienak aldatuko dira eta aurreko urteetan antolatutako ekimen batzuk moldatu edota indartu egin dituzte, haur eta gaztetxoen parkeak, kasurako. Bestalde, Alonsok azaldu du gazteei zuzendutako musika emanaldi gehiago programatu dituztela aurten.
Aurrekontuari dagokionez ia ez dago aldaketarik iaztik hona: 279.034,20 euro bideratu ditu udalak programa prestatzera, joan den urtean baino %0,5 gehiago. Tankera honetako jardueretan ohikoa izaten den moduan, baliabide gehienak herrira etorriko diren musikariak kontratatzera bideratu dute, %57,8. Jaietako zinegotzi Txus Alonsok eskerrak eman dizkie egitaraua osatzeko "ezinbesteko" lana egin duten eragileei: Ttakun Kultur Elkartea, Intza Kirol Elkartea, ATLO danborrada elkartea, Extremadura Etxea, Sasoeta Sasoian auzo elkartea, Biyak Bat adinekoen egoitza, Erketz EDT dantza taldea, Zero Sette Akordeoi Orkestra, Alboka Abesbatza, Aterpea merkatarien elkartea, LOTME mendi elkartea, Scooter Club Euskadi, Ostadar SKT, LOZET elkartea eta Taula Xake Kluba.
Errespetuz gozatzeko deia
Alonsok berak eta Agustin Valdivia alkateak behin eta berriro errepikatu dute jaiek iraun bitartean errespetuz gozatzearen garrantzia, "ongi pasatuz eta giro ederrean". Nabarmendu dute hori izan dela beraien asmoa, herritarren egunerokoa arindu eta errutinatik aldentzeko moduko ekimenak prestatzea, hilaren 26tik 30erako bost egun horiek adin tarte guztietako bizilagunentzat gozagarri izan daitezen.
Bestalde, azpimarratu dute zeinen garrantzitsua den herria garbi eta egun bakoitzeko ekimenak aurrera eramateko prest uzteaz arduratuko diren udal langileekiko begirunea izatea; beraien lana ez oztopatzea galdegin diete herritarrei.
Omenduak, Urrezko Neskak
Programa osoa aurkezterakoan jakinarazi dute nortzuk omenduko dituzten sanpedroetan: Urrezko Neskak. Beraiek irakurriko dute festetako pregoia hilaren 26ko arratsaldeko txupinazoan, 19:00etan, udaletxeko balkoitik. Emakumeek kirola egitea egokitzat jotzen ez zen garaian, herriko emakume talde batek ATC saskibaloi taldea eratu zuen 1964ko irailean. Duela sei hamarkada urratutako bide hori eskertuko diete non eta herriko festetan. Edonola ere, ez da ikasturte honetan jaso duten aintzatespen bakarra izan, irailean sorpresa ederra eman zietelako euren senideek, Santa Ana Karkaban duten lokal parean. Merezitako aitortzak biak ala biak, zalantzarik gabe.
Jai giroko ekitaldia izango da arestian aipatutako txupinazo hori. Horrez gain, udal korporazioaren omenaldi instituzionala ere jasoko dute kultur etxean. Aurtengo egutegiaren berezitasunengatik, bigarren ekimen hori ez da udaletxeko balkoira igo eta hurrengo egunean izango, San Pedro egunean baizik, hau da, hilaren 29an. 13:00etan hasiko da.
Egitaraua, egunez egun
Hilak 26, osteguna
- 10:00etatik, 12:00etara, ur festa Maialen Chourraut kiroldegian, 5 eta 12 urte arteko haurrentzat. Parte hartzaileek igeri egiten jakin behar dutela ohartarazi dute.
- 12:00etan, haurren txupinazoa, udaletxe zaharreko balkoian. Suziria jaurti ostean, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandien konpartsa herrian barrena ibiliko da, Oaintxe in deu! eta Gautxori txarangekin batera.
- 14:00etan, haurrentzako makarroi jana, Atsobakar parkean. Ondoren, ur jolasak eta Busti Blai.
- 16:30ean, Sorgin Dantza abiatuko da Oria auzotik. Erdigunea zeharkatu eta gero, Okendo plazan bukatuko da.
- 18:00etan, Gautxori txaranga Atsobakarretik abiatu eta herriko kaleetan barrena ibiliko da.
- 18:30ean, Oaintxe in deu! txaranga Manuel Lekuona Kultur Etxetik abiatu herriko kaleetan barrena ibiliko da.
- 18:30ean, Arranopola gazte txaranga eratu berria Jaizkibel plazatik abiatu eta herriko kaleetan barrena ibiliko da.
- 19:00etan, helduen txupinazoa. Aurtengo omenduek jaurtiko dute suziria, alegia, Urrezko Neskak taldeko emakumeek.
- 20:00etan, Earth Songs taldearen kontzertua, Okendo plazan.
- 22:00etan, LOZET elkartearen zezensuzkoak ibiliko dira Kale Nagusian barrena.
- 23:00etan, Kulto Kultibo taldearen kontzertua, Jaizkibel plazan.
- 23:30ean, Puro Relajo taldearen kontzertua, Isla plazan.
- 00:00etatik 03:00etara, DJ Blessive, Oriarte Landaberriko gazte esparruan.
Hilak 27, ostirala
- 11:30etik 13:30era, haurrentzako parkea, Isla plazan. Eguraldi txarra egiten badu, Loidibarren pilotalekura eramango dute.
- 12:00etan, lerroko dantzaren erakustaldia, Okendo plazan.
- 16:30etik 18:30era, haurrentzako parkearen jarraipena, Isla plazan.
- 17:00etan, Palomo Linares elkarteak antolatutako II. xake txapelketa, bikoteka.
- 18:00etan, Voces Navarras taldearen eskutik jota emanaldia, Isla plazan.
- 19:00etan, familia antzerkia, Niño Costrini konpainiako kideen eskutik, Jaizkibel plazan.
- 19:00etan, Dinbi Banda batukada taldearen emanaldia, Okendo plazatik abiatuta.
- 19:30ean, Biyak Bat koruaren emanaldia, Ama Brigitarren komentuan.
- 19:30etik aurrera, Hu-Ha Remember Festa, Andatza plazan.
- 20:00etan, Mecamela taldearen kontzertua, Andatza plazan.
- 20:00etan, Kai Nakai musikariaren kontzertua, Oriarte Landaberriko gazteen esparruan.
- 22:00etan, LOZET elkartearen zezensuzkoak ibiliko dira Kale Nagusian barrena.
- 23:00etan, Merina Gris taldearen kontzertua, Okendo plazan.
- 23:30ean, Ibai Berriak taldearen kontzertua, Isla plazan.
- 00:00etatik 03:00etara, Abiba disko jaia, Oriarte Landaberriko gazte esparruan.
- 00:30ean, Dupla taldearen kontzertua, Okendo plazan.
Hilak 28, larunbata
- 06:30ean, Arranopola tarangarekin diana, Okendo plazatik abiatuta.
- 07:00etan, bigantxak, Saka ganadutegiaren eskutik, Sasoeta LHko patioan.
- 11:00etan, haurren danborrada, Kale Nagusitik abiatuta.
- 11:30etik 13:30era, gazteentzako parkea, Andatza plazan.
- 11:45ean, Gure Patxintxiak sarien banaketa, udaletxeko pleno aretoan. Bea Egizabal umoristak dinamizatuko du ekitaldia.
- 12:00etan, Kilkerband txarangaren emanaldia, Jaizkibel plazatik abiatuta.
- 16:30etik 18:30era, gazteentzak parkea, Andatza plazan.
- 16:30etik 18:30era, haurrentzako parkea, Loidibarren pilotalekuan.
- 17:00etatik aurrera, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandien konpartsa herrian barrena ibiliko da.
- 18:00etan, Trapu Zaharra konpainiaren antzezlana, Elizatze plazan.
- 19:00etan, Rafa Garcel-en kontzertua, Antonio Molina zenaren omenez, Isla plazan.
- 20:00etan, Las Divas taldearen kontzertua, Oriarte Landaberriko gazte esparruan.
- 23:00etan, ATLOren helduen danborrada, Okendo plazatik abiatuta.
- 23:30ean, Bombai taldearen kontzertua, Jaizkibel plazan.
- 23:30ean, Kaotiko taldearen kontzertua, Okendo plazan.
- 00:00etan, Tsunami orkestraren emanaldia, Isla plazan.
- 00:00etatik 04:00etara, DJ Nemux, Oriarte Landaberriko gazte esparruan.
- 01:00etan, Arranopola gazte txaranga eratu berriaren emanaldia, Okendo plazatik abiatuta.
- 01:45ean, Urtz taldearen kontzertua.
Hilak 29, igandea
- 06:00etatik 09:30era, Gautxori txarangarekin diana.
- 06:30ean, txokolate jana, Elizatze plazan.
- 07:00etan, bigantxak, Saka ganadutegiaren eskutik, Sasoeta LH ikastetxeko patioan.
- 11:00etan, meza nagusia, San Pedro parrokian.
- 11:30ean hasita, Xumela koruak kantu eta dantza jira egingo du herrian barrena.
- 11:30etik 13:30era, haurrentzako parkea, Andatza plazan.
- 12:00etan, Coros y Danzas La Encina Virgen de Guadalupe taldearen emanaldia eta Extremadurako migen dastaketa, Jaizkibel plazan.
- 12:30ean, herri kirolen erakustaldia, Elizatze plazan.
- 13:00etan, Urrezko Neskak taldeko kideei omenaldia, kultur etxean.
- 14:00etan, herri bazkaria Tximistarreta parkean, DJ batek girotuta. Parrillak jarriko ditu udalak, norberak bere bazkaria eraman eta bertan prestatzeko.
- 16:30etik 18:30era, haurrentzako parkearen jarraipena, Andatza plazan.
- 17:30ean, Sasodance ekimena, Jaizkibel plazan.
- 18:00etan, sardina jan herrikoia, Okendo plazan.
- 18:00etan, sagardo dastaketa, Okendo plazan. Lasarte-Oriako baserrietako sagardoa zerbitzatuko dute: Telleri, Buenabista, Saltsate eta Sollane. Erromeria egingo dute ekimenak iraun bitartean.
- 18:00etan, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandien konpartsa abiatuko da Blas de Lezo kaletik.
- 22:00etan, LOZET elkartearen zezensuzkoak Kale Nagusian barrena ibiliko dira.
- 22:30ean, bertsolarien jaialdia, kultur etxean: Ane Labaka, Lierni Rekondo, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Aner Peritz eta Nerea Ibarzabal. Gai jartzailea: Amaia Agirre.
- 23:00etan, La Basu-ren kontzertua, Okendo plazan.
- 23:00etan, Duo Imperial taldearen kontzertua, Isla plazan.
- 00:00etan, DJ Markelin, Oriarte Landaberriko Gazte Esparruan.
Hilak 30, astelehena
- 11:00etan, pilota txapelketako finalak: Benjamin, Alebin eta Infantil kategoriak, Loidibarren pilotalekuan.
- 11:30etik 13:30era, haurrentzako parkea eta tailerrak, Isla plazan.
- 16:30etik 19:00etara, haurrentzako parkearen jarraipena, Isla plazan.
- 17:30ean, Mariachi Mexico Lindo taldearen eskutik kalejira, Isla plazaraino.
- 18:00etan, Mariachi Mexico Lindo taldearen emanaldia, Isla plazan.
- 18:00etan, LOZET elkartearen erraldoi eta buruhandien konpartsa abiatuko da Blas de Lezo kaletik, Barañaindik (Nafarroa) etorritako Ezpelur taldeko gaita jotzaileekin batera.
- 19:00etan, Perli&Koxkolo haurrentzako antzerki emanaldia, Jaizkibel plazan.
- 20:00etan, Las Migas taldearen kontzertua, Okendo plazan.
- 22:45ean, su artifizialen ikuskizuna, Vulcano etxearen eskutik, Andatza plazan.
- 23:15ean, LOZET elkartearen zezensuzkoak Kale Nagusian barrena ibiliko dira.