Sei eguneko akelarrea, herria sendatzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025ko eka. 13a, 19:35

"Feminismotik, euskaratik eta autogestiotik", hilaren 25etik 30era arteko egunak "ekimen, magia eta irrintziz betetakoak" izango direla iragarri dute indarberrituta eta jai eredu alternatiboa sustatzeko gogoz dauden sorginek. Otordu, kontzertu, lehiaketa, azoka, bertso-poteo eta beste hamaika jarduera ez dira faltako, horien artean, nola ez, txupinazoa: LOOPA Lasarte-Oriako Osasungintza Publikoaren Alde plataformako kideek izango dute ardura hori, Osakidetzaren egoera kaskarra salatu eta sistema publikoaren babesean egiten ari diren lana aitortzea erabaki baitu antolakuntzak. "Gure esker ona adieraziko diegu, zaintzaren eta duintasunaren defentsan piztutako suagatik". 

Agerraldia hasi eta berehala "eskerrik beroenak" eman dizkiete "herritik eta herriarentzat" jai eredu alternatiboa sortzeko bidea urratu zutenei, gaur egun urratzen ari direnei eta etorkizunean urratuko dutenei. "Lana ez da nolanahikoa eta herri honetako sorginen indarragatik jarraitzen dute bizirik Sorgin Jaiek".

Sorginen kuadrilla nahiko jendetsua da honezkero, baina beti hartu ohi dituzte beso-zabalik egitasmora batu nahi dutenak. Gauzak horrela, kontatu dute aurten "sorgin berezi bat" ailegatu dela udalerrira: "Menditik jaitsitako sendagilea da eta edabeak prestatzen ari da, herria osatu eta zaintzeko asmoz". Horretarako, gizartean galduta zegoen "sendabelarren jakintza zaharra" ekarri du eta Okendon bertan nahastuko ditu osagaiak, Lasarte-Oriaren zauri eta ubelduak osatzen laguntzeko. "Arren eskatu diogu lagun gaitzala herria sendatzen, eta hark, irribarre batekin, erratza hartu eta gurekin bat egin du". 

Omendua, LOOPA plataforma

Akelarreko kide berri horren kontakizuna lortu dute aurtengo omenduaren berri ematearekin: LOOPA Lasarte-Oriako Osasungintza Publikoaren Alde plataformako kideak aintzatetsiko dituzte Sorgin Jaietan, "Osakidetzaren egoera larria salatu eta osasun sistema publikoaren alde egiten duten lanagatik". Zaintza erdigunean jarri behar den praktika gisa ulertzen dute sorginek, eta horregatik, eragile horretan buru-belarri ari diren herritarrei esker ona emango diete, txupinazoa jaurtitzeko ardura (eta ohorea) emanda. 

Hilaren 25ean hasiko da herria sendatuko duen sei eguneko akelarrea eta edabearen pertzara botako dituzten osagai nagusiak hauek izango dira: feminismoa, euskara eta autogestioa. "Jai eredua eraldatzeko konpromisoari helduko diogu aurten ere: herrikoiagoa, inklusiboagoa eta bizigarriagoa izatea nahi dugu. Denok parte hartu ahal izango dugun festa egiten ahaleginduko gara". Hori horrela izanik, sorginen komunitatea "tinko" dagoela nabarmendu dute eta "herritarren desioak ardatz" dituzten ospakizunak sortzen jarraituko dutela iragarri dute. 

Egitaraua zehatz-mehatz azaltzen hasi aurretik, eskerrak eman dizkiete jaien antolaketa, prestaketa, zabalkunde eta parte hartzean ari diren guztiei. Halaber, "besarkadarik beroena" bidali diete festetan parte hartu ezin izango dutenei. Bukatzeko, sorginkeria bati ekiteko modukoa izan den esaldia zabaldu dute Okendon: "Sorginak esnatu, sendabelarrak batu eta herria sendatu!". 

Egitaraua, egunez egun

Kontrakorik adierazi ezean, ekimenak Okendo plazan aurrera eramango dituzte sorginek.

Hilak 25, asteazkena

  • 18:30ean, Isla plazatik Okendo plazara, sorgin jaitsiera.
  • 20:00etan, Okendo plazako txosna gunean, txupinazoa, LOOPA osasungintzaren aldeko plataformako kideekin batera.
  • 22:00etan, Okendon, kontzertuak: Auskalo taldea eta DJ Fantasia. Ondoren, sorgin karaokea.

Hilak 26, osteguna

  • 16:30ean, txosna gunean, IV. Patata Tortilla Txapelketa.
  • 20:00etan, txosna gunetik abiatuta, bertso-poteoa.
  • 22:00etan, Okendon, kontzertuak: Dena, Naxker eta Olgetan erromeria.

Hilak 27, ostirala

  • 14:30ean, sorgin bazkaria.
  • 16:30etik aurrera, jolasak.
  • 18:30ean, saltsa-batxata kuir saioa.
  • 20:00etan, Okendotik abiatuta, euskal presoen aldeko manifestazioa, Gazteon indarrez, preso eta iheslariak etxera.
  • 21:30ean, elkartasun afaria.

HIlak 28, larunbata

  • 11:00etan, Bizipozaren ametsen txokoa... bizizopa edabea dastatuko dugu! ekimena.
  • 11:00etatik 18:00etara, Sorgin Azoka.
  • 18:00etan, casteller tailerra, Euskal Herriko Casteller taldearen eskutik.
  • 20:00etan, Okendotik abiatuta, LGTBIQ+ Kolektiboaren Harrotasunaren Egunaren barruan, manifestazioa, Transmaribibolloen defentsan saretu gaitezen lelopean.
  • 06:00etan, Kolpez Blai perkusio ikuskizuna.

Hilak 29, igandea

  • 18:00etan, II. Sorgin Toka Txapelketa.
  • 19:00etan, Ondoezik elektrotxaranga.
  • 00:50ean, Indaber taldea eta DJ Fifi eta Fefa.

Hilak 30, astelehena

  • 19:00etan, Palestinaren aldeko manifestazioa.

Prentsaurrekoa amaitutakoan, aurtengo Sorgin Jaiak dotore ospatzeko prestatu dituzten kamisetak banatu dituzte Okendon bertan. 

 
Erlazionatuak

Sorgin Jaien aurkezpen agerraldia

Txintxarri Aldizkaria eka 13 Gizartea