Herriko emakumeei ate bat zabaldu izana aintzatetsi diete senideek ATCko sortzaileei

Txintxarri Aldizkaria 2024ko ira. 7a, 17:06

Emakumeek kirola egitea egokitzat jotzen ez zen garaian, herriko emakume talde batek ATC saskibaloi taldea eratu zuen 1964ko irailean. Duela sei hamarkada urratutako bidea eskertzeko, haien ondorengoek omenaldi xume bat egin diete. 

Argazkilariekin hitzordua 13:00etan zuten, baina orduaren aurretik denak bertan ziren. Santa Ana karkabako lokal barruan plantatutako mahaian geroagoko otordurako guztia atonduta, azken argazkilariaren zain, kanpoan hitz eta pitz ari ziren kazetaria heldu denean.

Sortzaileetako bederatzi sartu, eta buruan jarri dira argazkirako. Haien gainean zintzilik dagoena ere ateratzeko ohartarazi diete kameraren beste aldean daudenei, falta diren bi kideen erretratuak ere ager daitezen. Ez dute joan direnek hutsik egiterik nahi, ezta denborarekin batu direnek ere, beraz, bigarren argazki bat egin dute haiekin. Barrez aritu dira aurrean dituzten lauei begira, horrenbesteko jakin-mina ulertuko ez balute moduan. 

Isildu dira kliskak eta bestelako irudia egiteko kanpora bidean entzun dute irten den lehen kidearen harridura oihua. Ezustekorik ez zuten espero, are gutxiago, seme-alabak, ilobak edota bilobak zain izatea. Duela 60 urte egindako balentria hura gogoan duten gertukoak, izandako adorea omendu nahi dutenak. Parez pare jarri dira, omenduak atarian, eta senideak kalexkaren kanpo aldean. Zetorkiena aurreikusi nahian ibili dira, marmarrean, eta zirrara agertzen hasi da batzuen aurpegietan. Kris Alvarezek, mikroa eskuan, eman die azalpena. 

Herriko emakume kirolariei ate bat zabaldu izana aitortu nahi diete, emakumeek kirola egitea gaizki ikusita zegoen garaian elkartu eta saskibaloi talde bat osatzea "ez delako erraza". Alvarezek gogoratu bezala, kantxarekin batera, "plaza eta erdigunea" hartu zituzten eta ordutik ere "bidea egin" dute herriko hainbat eta hainbat ekimenetan parte hartuta, "beti umoretsu, beti sasoiko, ale bat ekartzen herria egiteko". "Eman duzuenagatik, transmititu duzuenagatik bagara garena".

Hitz horiek nahikoa ez balira, bertso pare bat idatzi dizkiete, eta nola ez, abestu.

Sei hamarkada luzeek
historia bat dakarte
dozena neska elkartu 
eta talde baten parte
egin zineten eta hartu 
erdigune eta txolarte
ahalduntze eder horren 
testigu dugu Lasarte.

Lagun talde aktiboa, 
zabalduz hamaika ate
transmisioaren altxor 
eta martxaren diamante
eredu zaituztegu eta
nola ez, bihotzez maite
Gora las Chicas del oro 
zoragarriak zarete".

 

Hunkitu dira omenduak hitz horiek entzutean, baita malkoren bat lehortu ere; eta txaloekin eta irrintzi batekin eskertu dituzte. "Izan zinetelako gara eta garelako izango dira", biribildu du Alvarezek, atzean eta inguruan zituenak erakutsita. Ekitaldi xumea osatzeko, paperean jasotako bertsoak eman dizkiete Urrezko neskei, besarkada eta muxuekin batera. Beraien txokoa erakutsi diete batzuei, urteotako oroigarriz betea, gainerakoek kanpoan hizketan jarraitu bitartean.