Urrezko Neskek herritarrak gonbidatzen dituzte San Pedro jaiez gozatzera

Txintxarri Aldizkaria 2025ko eka. 20a, 12:10

Urrezko neskak taldea sortu zen 50. urteurrena ospatzen. Arg.: Urrezko neskak.

Urrezko Neskak San Pedro Jaietako omenduak izango dira aurten eta TXINTXARRI aldizkariko San Pedro berezietako hitzaurrea idatzi dute. Euren oroitzapenak paperean jarri eta herritarrak gonbidatzen dituzte jaiak gozatzera:

Ekainaren hondarrera iritsi gara, eta, beraz, San Pedro ate joka daukagu. Hark ematen dio zenbait egunetako zurrunbiloari hasiera, hark irekitzen omen du paradisurako bidea, hark omen du giltza. Egiari zor, egun hauetan batzuk sarrailan giltza sartzeko izerdi latzak botatzen dituztela, eta beste askok eta askok etxeko bidea zein den ere ahazten dutela.

Guretzat sasoi haiek pasa ziren, eta, dagoeneko, lasai antzera igarotzen ditugu Lasarte-Oriako San Pedro Jaiak. Garaiak asko aldatu dira gurean, eta festak ospatzeko modua ere bai. Ume zein gazte ginela gauzak oso bestelakoak ziren: San Pedro eguneko derrigorrezko mezetara joan, herriko dantzarien saioa ikusi, sokamuturra, herri kirolak, txistulariak… Gogoan dugu Hernaniko musika banda etortzen zela oraindik herria ez zen herriari melodia jartzera. Ez zen egungo burrunba, parranda eta kaleko girorik, baina orduan ere, herriko festak gure herriko festak ziren.

Gerora, ordea, festek beste forma bat hartu zuten, eta guk ere beste forma bat eman genien; kuadrillan elkartzen ginen, eta, ondoren, guk geuk jasotako karakolak jaten genituen. Urteroko usadioa izaten zen: karakolak biltzea, Haizearen Orrazira haiek garbitzera joatea, eta, bide batez, merienda eder bat egitea. Ondoren, su baxuan goxo-goxo prestatzen genituen, San Pedro bezperan Zumetatarren baxuan, karkaban, lagun artean sabela bapo betetzeko. Denbora, baina, ez da alperrik pasatzen, eta, pentsa nola aldatu diren gauzak, egun Etxezarretan enkargatzen dugula afaria. Hala ere, zenbait gauza ez dira aldatzen, eta lehengo ilusio, poz eta alaitasun berdinarekin ospatzen jarraitzen dugu.

Aurten guri eman digute txupina jaurtitzeko ohorea, eta sorpresa handia izan da guretzat. Atsegin handiz onartu dugu proposamena, herri honi diogun maitasuna, eta bere alde egindako lanaren aitortza baita guretzat; saskibaloiak elkartu zituen emakume taldea gara, emakumeen kirola lehen lerrora ekarri zuen lagun kuadrilla, Lasarte-Oriako hainbat eta hainbat ekintzetan parte hartu izan duena (Santa Ana parodian, Euskararen Maratoian, Inauterietan ...). Orain, era xumeago batean hartzen dugu parte, badakizue, urteak betetzearen zama; ez kezkatu, baina, gasolina erruz daukagu eta, oraindik.

Urtero legez, milaka kolorez jantziko dira Lasarte-Oriako kaleak. Okendok kolore bizi-bizia hartuko du ekainaren 26an, eta etxafuegoak pum egitearekin batera, akelarrearen inguruan dantzan arituko gara sasi guztien gainetik eta laino guztien azpitik, errespetuz.

Iraganak egiten du oraina, eta horretan saiatu gara, beti, Las Chicas de Oro- Urrezko Neskak.

Mila kontu eta askotariko jarduerak dauzkagu aurretik, beraz, ondo-ondo pasa eta gozatu 2025eko San Pedro Jaiak.

Has dadila festa!