Asteotan egindako akelarre irekietan argi utzi dute talde eragile horretako kideek ez dutela jai eredu alternatiboa bultzatzeko egitasmoa ekain amaiera eta uztail hasierara mugatu nahi, baizik eta urte osora zabaldu nahi dutela. Bada, hitzetatik ekintzetara igaro eta jarduera sorta bat antolatu dute biharko Inauteri larunbat handirako. Hauek izango dira ekimenak:
- 12:30ean, Kale Nagusian (Ilargi taberna parean), SJ Fotokol-a.
- 16:00etan, Xirimiri elkartean, bingo musikatua.
- 18:00etan, Xirimiri ondoko Aralar plazan, dantzak eta jokoak.
Bestalde, sare sozialak ere mozorrotu nahi dituzte eta herritarrak animatze aldera jantzi eta argazki lehiaketa bat antolatu dute. Sari bana emango diote mozorro originalena daramanari, mozorro kutreena janzten duenari eta argazki originalena ateratzen duenari. Eskatu dute euren Instagram-era bidaltzeko irudiak, @sorginjaiak kontua aipatuta argitalpenetan.
Gaia ere proposatu diete herritarrei: euskal ikus-entzunezkoak. Izan daitezke filmak, telesailak, abestien bideoklipak, euskarara itzuliak izan diren lanak... Horrekin batera, mozorroak dagoeneko etxean duten materialarekin egitera animatu dituzte, Inauteriak ere ahalik eta jasangarrienak izan daitezen.
Ver esta publicación en Instagram