EGITARAUA

Kontzertu bufotik hasi eta sardina ehortzi arte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 19a, 08:00

Azken urteetan bezala, sardinaren ehorzketarekin bukatuko dira Inauteriak.

Udaleko ordezkariek, erakunde horrekin lankidetzan ari diren eragileetako kideek eta konpartsetako parte hartzaileek aurkeztu duten egitaraua jaso dugu artikulu honetan.

Udalak 28.000 euro bideratu ditu Inauterietako jarduerak antolatzera. Gogoratu du larunbatean mozorrotzeko gaia Disney izango dela.

Egitaraua

Hilak 27, osteguna

  • 19:00etan, kultur etxean, Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertu bufoa. Sarrera, doan.

Hilak 28, ostirala

  • 15:30etik aurrera, herriko ikastetxeetan, Inauteri festak.
  • 16:45etatik 18:30era, Oriarte Landaberri institutuko patioan, Euskal Inauteriak ospatzen hasiko dira: txokolate jana, dantzak, erromeria eta istorioaren aurkezpena egingo dituzte.
  • 17:30etik 18:45era, Antonio Mercero gune alboko karpan, 9 eta 12 urte arteko gaztetxoentzako mozorro festa egingo dute.
  • 18:45etik 19:30era, Euskal Inauterien bigarren zatia egingo dute: txantxoak Okendo plazara helduko dira, erromeria egingo dute eta Kaxkamalo gaiztoa sutan erreko dute. Bitartean, ikus-entzuleak testuinguruan jartzeko azalpenak emango dituzte antolatzaileek.
  • 19:45etik 21:15era, Antonio Mercero gune alboko karpan, 13 eta 16 urte arteko nerabeentzako mozorro festa egingo dute.

Martxoak 1, larunbata

  • 12:00etan, Okendo plazan, parte hartuko duten bost konpartsetako (Jalgune, Biyak Bat, Intzak Parranda, Sasoeta Sasoian eta La Tribu) kideak elkartuko dira.
  • 12:00etan, Okendotik hasita, herrian barrena kalejira egingo du Oaintxe in deu! txarangak.
  • 12:45ean, Okendoko oholtza gainean, aurtengo mozorro koloretsuak aurkeztuko dituzte konpartsetako lagunek, dantza egin bitartean.
  • 14:30ean, Antonio Mercero gune alboko karpan, elkarrekin bazkalduko dute konpartsetako kideek.
  • 16:00etan, Antonio Mercero gune alboko karpan, bazkalostea girotuko dute Ttakun Kultur Elkartearen aisialdi programetan parte hartzen ari diren gaztetxoek, Superbingoarekin.
  • 17:15ean, Okendotik abiatuta, herrian barrena desfilatuko dute konpartsek. Haiekin batera abiatuko da furgoneta ibiltari bat, musika zuzenean emango duen DJ batekin.
  • 19:30ak aldera, desfilea bukatzean, Okendon, bakarkako nahiz taldekako mozorro onenen sariak emango dituzte.
  • 20:00etatik aurrera, herriko kaleak girotuko ditu Oaintxe in deu! txarangak.
  • 22:00etatik 02:00etara, gazteentzako disko festa egingo dute Antonio Mercero gune alboko karpan.

Martxoak 2, igandea

  • 12:00etatik 13:30era, herrian barrena ibiliko dira Oaintxe in deu! txaranga eta LOZET elkarteko erraldoi eta buruhandiak.
  • 18:00etan, DJ Nikok emanaldia egingo du Antonio Mercero gune alboko karpan. Bereziki adineko pertsonei zuzendutako ekimena da.

Martxoak 3, astelehena

  • 11:00etatik 13:00etara, Loidibarren pilotalekuan, 11 urte arteko umeek puzgarriak izango dituzte.
  • 18:30ean, Okendo plazatik abiatuta, sardinaren ehorzketa egingo dute. 
  • Sardinaren lurperatzea amaitzean, LOZET elkartearen bi zezensuzko ibiliko dira Kale Nagusian barrena.