Gai alternatiboa proposatu du Sorgin Jaiak-ek Inauterietarako

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urt. 20a, 10:15

Besteak beste, 'Doraemon' telesaila euskaraz ikusi bitartean hazi dira herriko belaunaldi ugari.

Herriko gazteek osatzen duten eragileak balore jakin hauetan oinarritutako festa eredua aldarrikatu du: "Genero berdintasuna, euskara, eta, batez ere, kontsumo eredu jasangarri batetik eratorritakoa". Gauzak horrela, Inauterietako gai "ofizialari" (Disney) buelta bat eman eta euskal ikus-entzunezkoetan (hemen sortuak edota euskarara itzuliak izan direnak) ardaztutako mozorroak prestatzea proposatu die lasarteoriatarrei.

Proposamen horren bidez "bertakoari" eman nahi diote garrantzia. Euskal ikus-entzunezkotzat ulertzen dituzte "Euskal Herrian ekoiztuak" izan direnak, "euskaldunek sortutakoak edota euskaraz egin direnak". Adibide batzuk eman dituzte: film laburrak nahiz luzeak, telesailak, musikarien bideoklipak, antzerki zein dantza emanaldiak, bertsolaritza, marrazki bizidunak edota animazioak. Horiez gain, barnebildu dituzte baita ere Euskal Herritik kanpo sortuak izan direnak eta euskarara itzuliak izan direnak, izan ere, "itzulpengintzak izugarrizko lana egiten du kanpoko ikus-entzunezkoak gurera ekartzeko eta guztiok horiez gozatu ahal izateko, euskaraz". Hortaz, mozorrotzeko baliagarriak izan daitezke euskaratuak izan diren film, telesail edota animaziozko saioak.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Sorgin Jaiak (@sorginjaiak)

Inauteri astebururako (egun handia martxoaren 1a izango da, larunbata) mozorroak prestatzeko zeinbait gomendio eman ditu Sorgin Jaiakek. "Etxean dituzuen oihal, arropa zahar edota bigarren eskuko arroparekin egitera animatzen zaituztegu, eskuz egiteak berezitasuna eta xarma emango dielako mozorroei, eta, gainera, kontsumo eredu arduratsua babestuko dugulako". 

Herriko jai eredu alternatiboa eta beste zenbait ekimen aurrera eramaten dituen eragileak egin izan du horrelako proposamenik inoiz: 2022an, esaterako, lanbideak oinarri hartuta mozorrotzera animatu zituzten herritarrak.