Akelarre gehiago nahi dituzte sorginek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 9a, 18:45

Sorgin Jaieko kide bat hizketan. TXINTXARRI

Sorgin Jaiak taldearekin bat egindako azken kideei libreki ekimenak proposatzera animatu zaie festekin batera urte osoan zehar ere gozatzeko

Sorgin Jaieko kideak larunbat honetan bildu dira Antonio Merecero  aretoan. Lagunartean,  partaide berriei euren lan egiteko modua eta lan-taldeen antolaketa azaltzeaz gain, herritar orori egitasmoarekin bat egiteko gonbidapena ere zabaldu dute.

Bertaratukoen artean, askotariko adineko jendea izan da, eta horren aurrean, taldeko beteranoak pozik agertu dira: “Jende gazteak indarra emango dio taldeari orain arte egindakoa birpentsatzeko, festei eta urteko ekitaldei begira”, adierazi du Sorgin Jaieko kide batek. Izan ere, urte osoan zehar jarraipena izan nahi dute, eta horretarako, belaunaldi berriei libreki askotariko ekimenak  proposatzera animatu diete. Azken batean, “aktibo” izanda, herritarrak Sorgin Jaien taldera gerturatzeko modurik hoberena dela uste dute.