"Gure xedea da Euskal Inauteriekiko gogoa, interesa eta jakin-mina piztea", azpimarratu du herritarrak. "Ospakizuna ikustera bertaratzen direnek ez dezatela esan 'hara, zer gauza sinpatikoa' eta kitto; 'hau guztia zergatik egiten dute horrela?', galde diezaietela euren buruei". Festa bizitzerako unean herritarrak kokatuta egon daitezen, bi trama uztartzen dituen ipuin bat (eskuineko zatidurako QR kodea eskaneatuta, osorik irakurri ahalko duzue) eratu du Egizabalek, Juan Luis Eizmendi zenarekin batera: batetik, eguzkia eta ilargiaren arteko eztabaida, eta, bestetik, basoko izaki bizidunen eta gizakien arteko hitzarmena. Bi iturritatik edan dute: Juan Antonio Urbeltz etnomusikologoaren ikerketetatik eta Garaikoetxea-Landaberriko musika irakasle izan zen Ion Lasak idatzitako ipuin batetik."Juan Luisi eta bioi polita iruditu zitzaigun bi kontakizunak lotzea eta forma hori eman genion. Edonola ere, argi utzi nahi dut garrantzitsuena gaiari buruzko lanketa egitea dela eta gure istorioa ez dela hasi eta buka bere horretan errespetatu behar. Zilegi da bakoitzak gure oinarria moldatzea eta egokitzea; gaiari buruzko lanketa egitea da garrantzitsuena".
Ikastetxeen parte hartzea
Hori egin du, esate baterako, Landaberri ikastetxeak. Egizabalek eta Eizmendik eratutako ipuina hartu eta bertan ikasten ari diren ikasleen (Lehen Hezkuntzako 3.etik 6. mailara) ikuspuntura neurriratu du; gainera, hilaren 28ko ekitaldian parte hartuko dute (Sasoeta-Zumaburuko zikloetako batean ere jorratzen dute eta gonbidatuta daude). Pozarren hartu du hori herritarrak: "Euskal Inauterietan erabiliko duten istorioa ez da berdina izango, baina gutxienekoa da hori; inportanteena da belaunaldi gazteak janztea eta erakartzea". Garaikoetxean (Haur Hezkuntza eta LH 1-2), bestalde, hiru hamarkada daramatzate Euskal Inauteriak beraien modura, Lasak duela 30 urte idatzitakoan ardaztuta: "Betidanik aritu dira eztabaidatzen eguzkia eta ilargia, ea nor ote zen bietatik maitatuena. Lehenengoak, egunaren erdia argitzen du, eta bigarrengoak, beste erdia. Txandaka aritzen dira bata bestearen atzetik, elkar ikusi gabe, hitzik trukatu gabe, eta elkarri egunaren pusketa bat lapurtu nahian".
Arestian aipatutako trama hori lotu dute Urbeltzek proposatu duenarekin, basoko izaki bizidunen eta gizakien arteko hitzarmenarekin. "Zailena izan zen biak uztartzerakoan oreka mantentzea, istorio batek bestea zapal ez zezan eta alderantziz", azaldu du Egizabalek. Horren harira, honakoa ohartarazi du: "Ezin dezaket esan Euskal Inauteri tradizional bat egiten ari garenik Lasarte-Orian, ez delako horrela. Baiezta dezakedana da usadioan oinarritutako festa bat egiten dugula, elementuetako asko ekarrita". Gauzak horrela, zomorroak dira gaur-gaurkoz protagonista nagusiak. Basoan bizi diren animalia eta landareak irudikatzen dituzte eta urtean behin udalerrira etortzen dira, gizakituta edo, bestela esanda, mozorrotuta (besteak beste, Txantxoz), gizakiekin ituna berrestera: ordain baten truke, urtebetez uztak ez suntsitzea eta gaitzak ez eragitea adosten dute. Hitzarmenaren oinarria hori izanagatik, Kaxkamalo izeneko lapur gaiztoak ez du zehaztutakoa betetzen eta sutan erretzera kondenatzen dute, ez soilik egin duenagatik zigortzeko, baita zeruraino iristen diren sugarrak sortu eta eguzkia elikatzeko. Hori eginda, gauak gero eta laburragoak bilakatzen dira eta Ama Lurra emankor esnatzen da.
Azaldutako hori hilaren 28an irudikatuko dute, 16:45ean hasiko den ospakizunarekin. Aurreneko zatia Oriarte Landaberriko estalkian egingo dute, eta bigarrena, Okendo plazan. Eskuineko albistean duzue egitaraua.
Funtzio sozialak
"Euskal Inauteriak bezalako ospakizunak biziak dira eta aldatzen doaz. Biziraun dezaten, funtsezkoa da funtzio sozialak betetzea, bestela desagertu egin direlako", nabarmendu du Egizabalek. Norabide horretan, urtero "tekla desberdin bat" ukitzen dute, Inauterien bidez landu nahi dutena hautatu, eta maskarak (gaur-gaurkoz, gaitzen iturri diren zomorroak) sortu. "Milaka izan daitezke: gizartearen antolaketa eta belaunaldiak aldatu egin badira ere, funtsean arazo berberak ditugu".
Ospakizuna antolatzen jarraitzeko gogotsu dago Egizabal. "Arazoak berdinak izanagatik, gure funtzionatzeko modua aldatu egin da. Inauterietako elementuekin eguneroko kontuak lantzen jarraitzekotan, gaur egungo joera eta zaletasunekin bateratzean asmatu behar dugu". Horrekin batera, herritarrak argi du kultura ondare diren jarduerak mantentzea "herritar guztion ardura" dela. "Euskal Inauteriak, finean, herria egiteko modu bat dira, eta, horretarako zutabe nagusia kalea da, plaza. Berrartu egin behar ditugu toki horiek".
Duela urte dezente murgildu zen Egizabal unibertso horretan, Urbeltzen liburu bat irakurtzen hasi eta "mundu berri bat" ezagutu zuenean. "Kultura ondasun izugarria dugula jabetu nintzen eta zabaltzen hasi nintzen; ipurdi bizia dut eta horretan jarraitzen dut, polita iruditzen zaidalako".