Lasarte-Oria mozorrotuko duten ekimenak aurkeztu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ots. 19a, 08:00

Okendo plazan aurkeztu dute Inauterietako egitaraua. Hilaren 27an hasiko da, Udal Musika Eskolako ikasleen kontzertu bufoarekin.

Udalerria "kolorez eta tradizioz" beteko duten egitaraua aurkeztu dute udal ordezkariek, erakundearekin lankidetzan ari diren elkarteetako kideek eta konpartsetako parte hartzaileek, Okendo plazan. Egun handia martxoaren 1a izango da, larunbata, goizetik iluntzera arteko ekimenekin. Euskal Inauteriak ospatuko dituzte bezperan, arratsaldez. Neguko ospakizun jarduera garrantzitsu honen balioa azpimarratu du Agustin Valdivia alkateak: "Guztiontzako jaia izaten jarraitzea nahi dugu, eta horregatik, aurreko urteetako esentzia mantenduko duen eta aldi berean berrikuntzak izango dituen egitaraua prestatu dugu". 28.000 euro bideratu dituzte programa osatzera eta gogoratu dute 'Disney' izango dela aurtengo gaia.

Alkateak berak, udaleko Jaiak saileko zinegotzi Txus Alonsok eta Ttakun KEko Kultura saileko arduradun Arkaitz Illarramendik azaldu dituzte nondik norakoak. Egitarauko ekimen nagusiak konpartsen aurkezpena eta desfilea, sardinaren ehorzketa eta Euskal Inauteriak izango dira. Hilaren 27tik martxoaren 3ra arteko programa prestatu dute, bi egun horiek barne.

Bost konpartsa hauek parte hartuko dute aurtengo Inauterietan: Jalgune, Biyak Bat, Intzak Parranda, Sasoeta Sasoian eta La Tribu. Orotara, 262 parte hartzailek girotuko dituzte kaleak martxoaren 1ean, bai goizeko aurkezpenean, bai arratsaldeko desfilean. Ekimen horietan parte hartuko ez badu ere, protagonismoa izango du Frenetik taldeak, aurten ere bera arduratuko delako Inauteri asteleheneko sardinaren ehorzketa aurrera eramateaz. Horregatik eskerrak eman dizkie Alonsok.

Arestian esan bezala, egun handia martxoaren 1a izango da, larunbata. Egun horretan aurkeztuko dituzte aurtengo jantzi koloretsuak konpartsetako kideek, eguerdian, Okendo plazan. Ondoren, elkarrekin bazkalduko dute, enparantza atzealdeko karpan, eta arratsaldeko desfilerako indarrak hartuko dituzte. 17:15etik aurrera dantzatuko dute kaleetan barrena, giro aparta sortu bitartean. Eurekin batera bidea egiten duten herritarrek ikuskizun hori bakarrik ez, musika emanaldia zuzenean egingo duen DJ batekin gorputza astindu ahalko dute; furgoneta ibiltari batean joango da. Bestalde, Alonsok jakinarazi du bakarkako nahiz taldekako mozorro onenak janzten dituztenak sarituko dituztela, kalejira amaitu ondoren. Orotara, 340 euro banatuko dituzte, Aterpea merkatarien elkarteko bazkide diren establezimenduetan erabiltzeko. 

Ilarramendiri hitza eman aurretik, lasarteoriatarrak antolatutako ekimen guztietan parte hartzera animatu dituzte Valdiviak eta Alonsok: "Herriaren batasuna eta poza adierazten dituzte Inauteriek eta aurten ere hala izatea nahi dugu". 

Euskal Inauteriak

Euskal kulturak eta euskararen normalizazioak Inauterietan ere tokia izango dute, Ttakun KEko kideek udalarekin lankidetzan antolatu dituzten ekimenei esker. Gauzak horrela, Euskal Inauteriak, gaztetxoentzako mozorro festak eta Inauteri larunbateko Superbingoa aurrera eramango dituzte.

Ilarramendik azaldu du txantxo jantziak egiten ikasteko tailerra egingo dutela hilaren 26an, bi egun geroagoko festara begira motorrak berotzeko. Ione Artola jostunak azalpenak emango dizkie saiora bertaratzen direnei, 18:00etatik aurrera, osasun zentroko bigarren solairuko erabilera anitzeko gelan. Ekimena doakoa da baina parte hartu nahi dutenek izena eman behar dute kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzita ala 695 78 53 89 telefono zenbakira deituta edo idatzita (WhatsApp). 

Txantxo jantziak nola egin erakustearena ez dute kapritxoz erabaki, izan ere, basoko izaki bizidunen munduko landareak dira txantxoak, zomorro askoren bizileku eta janari direnak. Urtean behin hartzen dute itxura hori, gizakitu egiten dira, gainerako izakiekin elkartu eta bertako bizimodua arautuko duen hitzarmena adosteko bilerara joateko. Hilaren 28an, beraz, herrira etorriko dira, bazkalostean, herrian bizi diren gizakiekin urtero berritzen duten ituna berrestera: herritarrak bakean uztea, ordainsari baten truke. Ia-ia denak akordio horrekin konforme izanagatik, hitzartutakoa bete ez duen Kaxkamalo lapur eta alproja sutan erretzera kondenatuko dute, bi aldeen arteko konfiantza ez dadin hautsi. Ospakizun tradizional hori Oriarte Landaberri institutuko estalpean eta Okendo plazan aurrera eramango dute, 16:45etik 18:30era eta 18:45etatik 19:30era, hurrenez hurren. Erritu, dantza eta bestelakoak egin bitartean azalpenak emango dituzte megafonia bidez, jaiaz gozatzera bertaratzen direnak testuinguruan jartzeko.

Gaztetxoentzako izango diren bi mozorro festarekin osatuko dute ostiral arratsaldea. Antonio Mercero gune alboko karpan egingo dituzte biak ala biak. Aurrenekoa, 9-12 urte artekoentzakoa, 17:30etik 18:45era; eta bigarrena, 13-16 urte artekoentzakoa, 19:45etik 21:15era. Azkenik, hurrengo egunean, konpartsen bazkalostea girotuko dute Ttakun KEren aisialdiko programetan parte hartzen ari diren gazteek; Superbingoa egingo dute 16:00etatik aurrera.